Gobernuak eskolako lanen deialdia egin du

Guaixe 2018ko mai. 11a, 10:06
Argazkia atera zen tokian eginen da ikastetxeko eraikin berria.

Lehen Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailara arteko ikasleak hartzen ditu.

Hezkuntza Departamentuak Atakondoa eskola publikoa handitzeko lanen deialdia egin berri du. Lanen aurrekontua 938.789,35 eurokoa da (BEZ barne). Lanak egiteko gutxienez 5 hilabete beharko dira eta gehienez 6. Lanak egiten interesa duten enpresek euren proposamenak hilaren 22ra aurkeztu ditzakete. Departamentuak lanak eskaintza onuragarrienari emanen dizkio. Aitor Larraza Carrera alkateak jakinarazi digunez, lanak garagartzaro erdialdean hastea aurreikusten da eta abendurako despeditzea.

Atakondoaren bigarren eraikina eskolako patioaren eta Ardubil kalearen artean eraikiko da. Egun dauden zuhaitzak kenduko dira eta han jasoko da eraikina. Solairu bakarrekoa da eta sei gela izanen ditu. Etorkizunean bigarren solairua izateko aukera luke eraikinak. Patioaren azpian eraikinaren zati bat geldituko da eta estalpe moduan funtzionatuko du, eta komuna publikoak ere izanen dira. Ikastetxeko eraikin berriak eskolak 2010-2011 ikasturtetik duen espazio faltari erantzun nahi dio, baina ez du ekarriko sarreran dauden aurrefabrikatutako moduluetan dauden lau gelak kentzea. Horretarako eraikin berriko bigarren solairua jaso beharko litzateke.