Ospakizuna Ergapean eta Erga bertan

Guaixe 2018ko mai. 25a, 11:12

Gaur hasi eta igandean bitartean Trinitate festak ospatuko dituzte irurtzundarrek. Joan zen mendeko 60ko hamarkadan bizimoduan eman zen aldaketak, eta eguraldiagatik, festak San Martin patroiaren egunetik Trinitatera aldatu zituzten. Gerora garilera aldatuko zirenak. Baina Erga mendiaren magalean dagoen herriak ermitaren titularraren omenezko festak ospatzen ditu. Biharko eguna kirol ekitaldiz beteta dago. Eta asteburuan mendi gainera igotzeko aurreneko aitzakia emanen du mendi lasterketak. Igandean, berriz, mendian gorako bidea erromerian hartuko dute irurtzundarrek. Ermita inguruan arakildarrekin, imoztarrekin eta guliarrekin topo eginen dute. Mezaren ondoren denendako otamena izanen da.

Zozketa
Irurtzungo Udalak herrian bertan erosketak egitera gonbidatzen duen kanpaina egin du. Hilaren 3tik gaur arte herriko 28 dendetan erosketak egiten dituzten pertsonak sartuko dira zozketan. Asteburuan jakinen da zein den sariduna. Hark 200 euroko erosketa txartela eskuratuko du, herriko 28 dendetako lautan gastatu beharko duena, bakoitzean 50 euroko erosketa eginez. Kanpaina bera lastailaren 18tik azaroaren 19ra eginen da eta San Martin festetan jakinen da zein den saritua.


Egitaraua
Ostirala 25
17:30 12-15 urte arteko gaztetxoendako ginkana, plazan. Ondoren, Gaztetxokoko “Adiorik ez” festa: otamena eta dantzaldia.
21:00 Demode Quartet taldearen Todos los musicales o casi, kultur etxean.

Larunbata 26
10:00 Ergako Trinitatera V. erlojupekoa igoera. (Guan taldea).
11:00 Haurren pilota partidak, plazako frontoian. (Irurtzungo pilota elkartea).
12:30-14:00 Kirola euskaraz, zunba eta haurrendako herri kirolak, plazako frontoian. (Aizpea euskaltzaleen topagunea).
14:30 Herri bazkaria, Barazkigunean.
16:30 28. Irurtzungo karate txapelketa, kiroldegian (Shotokan taldea).
17:00 Kalejira Galtzagorri txarangarekin, Barazkigunetik.
17:30 26. Irurtzungo pilota txapelketaren finala, Bi Aizpe pilotalekuan.
18:00-20:00 Septimo A taldearen kontzertua plazan.
22:00-23:00 Xabier eta Asier disko-jartzaile irurtzundar gazteak.

Igandea 27
11:00 Erromeria Ergako Trinitatera.
17:00-20:00 Herri jolasak Kulki taldearekin, Foru plazan.

Erlazionatuak