Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek, Irurtzungo eta eskualdeko gainontzeko udalekin batera, “festetan aisiaz denok disfrutatzea eta kalitatezko aisia bulkatu” nahi dute. Uste baitute “festa alaitsuak izatea denon ardura” dela. Gainera, festetan izan daitezkeen sexu-erasoak ekidin nahi dituzte. Eta, aldi berean, festa giroan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko errespetua bulkatu nahi dute. Gazteak harremanak berdintasunean oinarritzera gonbidatuko dituzte. Eta, azkenik, kanpainarekin argi utzi nahi dute festetan izaten den gehiegizko kontsumoak ez dituela inondik ere jarrera sexistak justifikatzen.
Tabernetan, enparantzan, txosnetan, elkarteetan eta herrian zehar hiru lelo zabalduko dituzte festetan: Ez ezetza da; Toki honetan ez da eraso sexistarik onartuko eta Erasorik gabeko festa, gozamen handiko festa. Horiek zabaltzeko hainbat euskarri erabiliko dituzte: pankartak, txapak, kartelak eta protokoloa... Izan ere, herrietako festetan bi kasu jakinetan nola jokatu zehazten duen protokoloa ondu dute. Eraso sexista baten aurrean nola jokatu azaltzen da batetik. Eta, bestetik, alkoholaren eta beste droga batzuen intoxikazio baten aurrean zer egin ere argitzen da.