Hilabetea hastearekin batera Construcciones Martinez Sanchez Cintruenigo enpresa Atakondoa eskolan lanean hasi zen. Juan Antonio Ascunce Izuriagak eta Patricia Ilarraz Itozek idatzi dute handitze proiektua. Kalearen altueran egonen da eraikin berria eta beheko zatia eskolako patioko estalpea izanen da. Lehen hezkuntzako 6 gela gehiago izango ditu ikastetxe publikoak, ikasle eta irakasleendako komun berriak (patioan ere komun bat eginen da), biltegia, 3 bilera gela, larrialdietarako eskailera eta ekintza klasifikaturako egokitzapena. Lanek 914.203 euroko aurrekontua dute. Gauzak ongi, lanak azaroaren 30erako despedituta egonen dira. Eraikinean bigarren solairua egiteko aukera dago etorkizunean.
Atakondoan Lehen Hezkuntza eta DBHko 1. eta 2. mailak daude. Ez dago DBH 3. eta 4 mailarik, ezta 0-3 ziklorik ere. Eta, hala ere, 2010-2011 ikasturtetik espazio falta dute. Sarreran moduluak jarri eta bi gela prestatu zituzten lehenik. Beste bi egokitu zituzten hurrengo kurtsoan, lanak bukatuta han segituko dutenak. Irurtzungo hezkuntza komunitatearen aspaldiko eskaera da DBH osoko ikasketak herrian egiteko aukera izatea, ikasleek Iruñera joan beharrik ez izateko.