Irurtzungo Udalak Herrian erosiz denok irabazle kanpainaren bigarren zatia martxan jarriko du gaur. Udaberrian izan zen kanpainaren lehen zatia eta, orduan bezala, herriko 28 dendetan erosketak egiten dutenek zozketa batean sartuko dira: 50 euroko txekea herriko dendatan gastatzeko. Gaurtik azaroaren 9ra erosketak egiten dituztenak sartuko dira zozketan. Sarituak zein diren sanmartinen ondoren, azaroaren 12an jakinaraziko ditu udalak.
Udaletik irurtzundarrei herrian erostearen abantailak azpimarratu nahi dizkiete. Lehena autoa hartu behar ez izateak dakarren lasaitasuna eta erosotasuna da. Bigarrena, herriko dendarien hurbiltasuna. Hurrena, azken orduko beharra izanda, herriko dendetan konponbidea opa daitekeela. Eta, azkenik, Irurtzunen bizitzan parte-hartzearen sentimena pizten duela herrian bertan erosteak.
Irurtzunen bertan erosketak egiteak, udal arduradunen iritziz ziurtatzen du, batetik, estres gutxiago. Bestetik, adeitasunik hoberena. Eta horiei lotuta, herriaren garapenean parte-hartzea eta irurtzundarrekin erlazioak hobetzea. Horregatik, Irurtzungo Udaletik herrian bertan erosketak egitera gonbidatu dute.
Bestalde, Inasa zena industrialde bihurtzeko urbanizazio lanak despeditzear daude. Inguruan Saprem, Manfisa eta Sapa enpresek euren lantegiak handitzeko eremuak eskuratu dituzte. Transportes Plazaolako kamioiak joan-etorrian dabiltza. Embalajes Breton enpresa lantegia jasotzen ari da eta Puestas Dile lantegia egokitzen ari da oraintxe.