“Hydron ekoizpena geldiarazi dugu”

Guaixe 2019ko aza. 15a, 12:56

Hydroko langileak lantegi parean kontzentrazioa egiten. Argazkia: LAB.

LABek deituta asteartean eta ostegunean txanda bakoitzeko 2 orduko lanuzteak egin dituzte langileek. Lan berdinagatik soldata bera kobratzea eskatu dute. Lan uzteak 4 ordukoak izatera pasako dira.

Hydroko zuzendaritza eta enpresa batzordea atzo biltzekoak ziren. Mahai gainean LABek deitutako lanuzteak zituzten aztergai, baina sindikatu abertzaleko kideek ez zuten uste aurrerapausorik emanen zenik. “Bi soldata eskala daude. Guk nahi dugu enpresak lan bera, soldata bera filosofia bere egitea. Eta, ondorioz, horri lotutako neurriak hartzea nahi dugu”, azaldu digu Sakanako LABeko arduradun Gaizka Uhartek. 

Zuzendaritzan langileen soldatak berdintzeko borondaterik ikusten ez dutenez, LABekoek heldu den astearterako eta ostegunerako 4 orduko lanuzteak deitu dituzte lan txanda bakoitzeko. Aste honetako lanuzteetan txandako 24 langile gelditu direla eta bi ordu horietan lantegiko ekoizpena gelditu dela jakinarazi dute LABeko kideek. Uhartek Hydroko langileak “egiten ari diren elkartasun ariketa” nabarmendu du.  

Erlazionatuak