Ur hornidura sarerako b plana prest

Guaixe 2019ko aza. 30a, 12:59
Kaxarnako zubia jartzeko lanak. Argazkia Nafarroako Gobernua.

Zer gerta ere, Plazaola ibilbideko Kaxarnako zubi berria ur-hornidura hoditeria pasatzeko prestatuta dago, egun hodia ibai azpitik pasatzen baita.

Irurtzundarrek Iribasko iturburuko ura edaten dute. Ur hornidura sarea hainbat tokitan hondatuta zegoelako joan den urtean berritu egin zuen Sakanako Mankomunitateko Ur Zerbitzuak. Horretara, 467.500 euro bideratu zituen. Iribastik Irurtzuneraino bidean ur sarea Larraun ibaiaren azpitik pasatzen da. “Toki horretan hoditeriarekin arazoren bat izanez gero, konponbidea zaila da” Azaldu digu David Oroz Alonso Sakanako Mankomunitateko presidenteak. Makinek uretan lan egin beharko lukete, eta urte sasoiaren arabera emaria handia du Larraun ibaiak. 

Hori kontuan izanik, Sakanako Mankomunitatea Plazaola turismo partzuergoarekin eta Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jarri zen. Imotz eta Irurtzun artean ibai gainean, Kaxarnan jartzeko ziren zubiak ur-hornidura sareko hoditeria hartzeko aukera proposatu zieten. Baita onartu ere. Zubia azaroaren 13an jarri zuten. Plazaola ibilbidea Arakilen sartzeko beste pausoa izateaz aparte, “ibai azpiko hodi zatian arazo bat izanez gero b plana dugu, konponketa errazagoa”. 

Erlazionatuak