Joko-aretoak arautzeko aurreneko pausoa

Guaixe 2019ko abe. 13a, 14:25

Jendea azokan udako egun batean.

Udalak ordenantza baten hasierako onarpena egin du. “Gure gizartearen errealitate eta ohitura berriek eragin duten substantziarik gabeko adikzioen gorakada kezkagarria dela-eta, jabetu gara egoeraren larriaz eta hasi gara hartzen ludopatia osasun publikoko arazotzat”.

Irurtzungo Udalak apustu-etxeak eta joko-aretoak arautzeko eta ludopatia prebenitzeko neurriei buruzko ordenantzaren hasierako onarpena egin zuen azaroaren 26an. Izan ere, udalek badute eskumena apustu-etxeei eta joko-aretoei parametro mugatzaileak jartzeko, batez ere, hirigintzaren eta hiri-ingurumenaren arloetan. Horregatik, Irurtzungo Udalak hirigintza arloko mugak jarriko dizkie halako aretoei, haurrak eta gazteak babesteko irizpideetan oinarriturik, osasun publikoa eta interes orokorra zaintzeko. Ondorioz, halako lokalak ezin izanen dira ireki populazio sentikorra (haurrak, nerabeak eta gazteak) maiz ibiltzen den tokietatik hurbil.

Aurreneko onarpena jaso duen Irurtzungo araudiaren arabera, jokorik gabeko eremua izendatu dira hezkuntza, kultura, gazte, osasun eta kirol zentroetako eta jolasteko instalazioen sarreratik 400 metroko erradioan dauden kale guztiak. Jokoarekin lotuta dauden lokalen arteko gutxieneko distantzia 400 metrokoa izanen da. Apustu-etxea edo joko-aretoa jartzeko jarduera-lizentzia eskatzen duenak, zein lokaletarako eskatzen duen baimena zehaztearekin batera, jakinarazi beharko du zabalik dauden beste lokaletara zein distantzia dagoen. 


Gizonezkoa Altsasuko joko-aretora sartzen, eta bestea aurretik pasatzen.

Publizitatea eta prebentzioa
Irurtzungo Udalak, bestalde, aurreikusi du halako establezimenduen publizitaterik ez onartzea hiri-altzarietan edo espazio publikoan. Jarriko balira udalak kendu eginen lituzke. Beraz, joko-publizitatea lokaleko karteletara mugatuko da, nahiz eta haietan soilik izena jartzeko agindu ahalko duen udalak. Bestetik, Irurtzungo Udalak ez dio dirulaguntzarik emanen apustu-etxeek osorik edo zati batean babesten duten ekitaldiei, ekitaldiak lokal fisikoan edo on-line eginda ere.  

Prebentzioaren atala ere jasotzen du ordenantzak. Batetik, apustu-etxeak eta joko-aretoak sarreran zein barnean adikzioen arriskuari buruz eta, adikzioa izanez gero, hura tratatzeko lekuei buruzko  informazio kartela beharko dute, ongi ikusteko moduko tokian. Aldi berean, lokaletan ustiatzen diren joko eta apustu makinak identifikatu beharko dira. Bestetik, ikastetxeetan informazio-jarduera gehiago egitea aurreikusten da, gazteek online jokoen eta apustuen inguruan egiten duten erabilera eta haren ondorioz sor daitezkeen arazoak lantzeko. 

Ordenantza onartu ondoren, Irurtzungo Udalak lokal horiei buruzko zerga-ordenantza onartzea aurreikusten du. Foru legedian oinarrituz, luxuzko gastuen zerga arautuko du eta aplikatu beharreko zergaren tasa % 15ekoa izanen da.

Zergatiak 
Irurtzungo Udalak ordenantza proposatzerakoan hainbat argudio eman ditu. Batetik, “joko patologikoa nahasmendu bat da, mediku eta psikologoen sailkapenetan jokaerazko adikzio gisa agertzen dena”. Aldi berean, sozioekonomiari ere erreparatu dio joko-lokalei buruzko araudia osatzerakoan: “lan prekarioan irabazitako errentak arriskatzera tentatzen dituzte langileak, eta kontuan hartu behar da normalean ezin izaten dutela lan egonkorrik egin langabezia kroniko handia dela-eta. Horrela, ez da harritzekoa politika neoliberalek eragin negatibo handiena apustu-etxeen bidez izatea errenta txikienak dituzten auzo eta herrietan. Horiek bereziki gazteei eragiten diete; izan ere, itxaropenik eta etorkizun egonkorrik eza da haztegirik onena adrenalina dosi azkarrak lortzeko, are gehiago, dirua ahaleginik egin gabe irabazteko aukera baldin badago”.   

Jokoak mendekotasuna sor dezakeela kontuan hartuta, Irurtzungo Udaleko kideek uste dutenez, “ez da onargarria apustu-etxeek egunez egun beren irabaziak handitzea eta familien eta gizarte osoaren esku uztea euren jardueragatik jokoan harrapatuta dauden pertsonen tratamendua osorik ordaintzeko betebeharra. Bidezkoa da, beraz, enpresa horien onurek gizarte osoari egin behar dioten ekarpena handitzea, jokoarekiko mendekotasuna duten pertsonak modu eraginkorrean tratatzeko eta mekanismo horiek ikertu eta etorkizunean mendekotasunak prebenitzeko”. 

Eta ohartarazi dutenez, “sinetsarazten dizute ez dela beharrezkoa lan egitea aberastasuna sortzeko, zure dirua inbertitu dezakezula eta, ondo egiten baduzu, biderkatu egingo duzula. Gezur liberal horrek alde batera uzten du zuk onura lortzeko zure moduko beste norbaitek bere dirua galdu behar duela; era berean, ez du argi esaten egun batean irabazi duzula eta hurrengoan askoz gehiago gal dezakezula. Ez da zorte-kontua, inondik inora ez, apustu-etxearen jabea izatea irabazten duen bakarra, matematika-kontua da”. 

Mahai-ingurua 
Ordenantzaren eta jokoarekin dagoen arazoen berri emateko Irurtzungo Udalak mahai-ingurua antolatuko du ilbeltzean. 

Erlazionatuak