Lastailaren 29a ausazko jokorik gabeko eguna da. Eta Sakanako Haur eta Familiei Tratu Ona Emateko Saretako profesionalek ausazko jokoari buruzko prestakuntza saioa jaso zuten Aralar Nafarroako ludopaten elkarteko kideen eskutik. Gainera, gurasoendako bi saioko tailerra egin zuten Etxarri Aranazko kultur etxean azaro hasieran. “Hainbat familiak eman zuten izena eta euren kezkak azaldu eta argitzeko balio izan zitzaien. Haiekin alarma seinaleak landu zituzten, adi egon daitezen”. Etxarri Aranazko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Ana Balda San Juan gizarte langilea eta Luzia Gonzalez de Pedroso Saez prebentzio teknikariarekin jokoaz aritu gara.
Nolaz halako prestakuntza?
Ana. Aralarrek, Nafarroako ludopaten elkarteak, aukera eman zigun profesionalendako saio bat hemen jasotzeko. Ideia ikaragarri ona iruditu zitzaigun. Eta Haur eta Familiei Tratu Ona Emateko Sarean egitea pentsatu genuen. Etxarri Aranazko sarekoei proposatu ziguten, eta Irurtzun eta Altsasuko sareetara zabaltzea otu zitzaigun. Oso harrera ona izan zuen. Sarea hezkuntza, osasungintza, Foruzaingoa eta Gizarte Zerbitzuek osatzen dugu. Horiekin batera, haurrekin harreman zuzena duten herrietako profesionalak ere. Iruditzen zaigu gai horretan, mendekotasun guztietan bezala, prebentzioak ikaragarrizko garrantzia duela. Horri heldu nahian egin genuen saio hori. Azaro hasieran gurasoendako beste tailer bat izan zen. Iruditzen zaigu, batetik, profesionalak jantzi behar garela eta, bestetik, gurasoak ere hezi behar direla. Azkenean, aurreneko heziketa etxean egiten da.
Luzia. Aralar elkartekoek 23 urte daramate Nafarroan gaia lantzen. Haien helburuak dira, batez ere, sentsibilizazioa eta prebentzioa, informazioa eta aholkuak ematea eta errehabilitazio bidean laguntzea. Gurera sentsibilizazio helburuarekin etorri ziren. Baita kontzientzia hartzea sustatzeko: gure inguruan hor dago ausazko jokoaren gaia, arazoak… Jende guztiak ez du arazoekin bukatzen, baina igoera ikusten dugu.
A. 2011n Jokoari buruzko Legeak Estatuan kirol apustuak eta jokatzeko lokalen zabalera eta on-line jokatzeko aukerak ahalbidetu zituen. Hortik aurrera aldaketa izan zen.
Ondorioz argazkia aldatu da, ezta?
L. Tabernetan apustu makinak ditugu, edozeinen eskura, eta joko-aretoen zabalera, Altsasun, esaterako. Gero eta iragarki gehiago dago. Telebistan, esaterako, famatuak joko enpresak iragartzen ikusten dituzu. Kirolarekin lotuta ere ikusten duzu, esanez bezala, “kirola bada, ez da arriskutsua izanen!” Halakoekin jokatzen dute. Gainera, begiratu behar dugu inguruan nola saltzen dituzten gauzak: ez da batere garbia.
A. Publizitatean mugitzen den dirua ikaragarri handitu da urte hauetan, milioi pila marketingean, hau da, jokoen publizitatean.
L. Aurten erabiltzaileen igoera % 25ekoa izan da. Bada kontuan hartzeko datua.
Zer landu zenuten prestakuntza saio horretan?
A. Bost orduko saioa izan zen.
Zein da jokalari baten profila?
L. Jokalari patologikoaren profila ere aldatu egin da. Lehen 40-50 urte artekoak ziren. Gaur egun, berriz, 20-30 urte artekoa da. Asko jaitsi da adin tartea. Ekonomia-mailari dagokionez, lehen ertaina-baxua zen, orain ertaina-altua da. Lehen txanpon-makinak, kasinoak… eta gure inguruan betidanik ezagutu ditugun frontoiko apustuak, porrak-eta. Orain horiei kirol-apustuak eta on-line jokoak batu zaizkie, gero eta gehiago.
Bertatik bertarako apustutik mundu mailako joko aukerara pasa da.
A. Intentsitatea aldatu dela aipatu zuten Aralar elkartekoek. Lehen mendekotasun bat garatzeko 6-7 urte behar baziren, orain bi urterekin jendeak joko-mendekotasuna du. Aipatu dituzun modu berri horiek ere etxetik mugitu gabe jokatzeko erraztasun gehiago ematen dute. On-line jokatzeko aukera zabalak, etxetik mugitu gabe. Bestea da orain ez dela diru fisikorik behar ordaintzeko, hor duzu txartela. Zenbait apustu kirolarekin lotuta dago, iragarkietan kirolariak ageri dira: “haiek egiten badute…”
Eskaintza asko zabaldu da. Askotan ezagutzen ez ditugun kirolak edo probak.
A. Partida batean epaileak zenbat aldiz aldatzen zituen kamixetak. Horretara ere apustu egin daiteke.
L. Aukera pila daude. On-line munduan zer gertatzen da? Aukerak zabaltzen dira. Zuk jokatu dezakezu Japoniako lehiaketen kontura. Horrek errehabilitaziorako zailtasun handiagoak ekartzen ditu. Lehen etxetik txanpon-makinara mugitu behar bazinen han dirua sartzeko, errehabilitazio garaian taberna hartara joanen ez bazina, agian konponduta. Baina orain telefonoan, etxean, dena duzu.
A. Esan zutenez, hirietan joko-areto berriak gazteak biltzeko gune bihurtu dira: tabernatxoak dituzte, edaria edozein tabernetan bezala edo merkeagoa, pintxoak, partidak ikusteko pantaila handiak… Ez duzu zertan jokatu beharrik. Baina arriskua handiagoa da. Normalizatzea.
Lokal erakargarriak dira.
L. Sartzeko gogoa pizten zaizu.
A. Lehen billar-areto batean sartzea zen leku ilun batean sartzea, orain mundu polit batean sartzen zara.
L. Dena aztertuta dago. Ez dute edozein argi. Musika ere. Soinuak. Joko-aretoetako guztia aztertuta dago, gu gonbidatzeko helburuz. Esaterako, ate paretik pasatu eta zabaldu egiten da, etor zaitez. Deika. Ez duzu bultzatu beharrik ere.
Joko-patologian genero aldagaia sartzen da?
A. Prestakuntza saioan gai horri aparteko tarte bat eskaini zioten Aralar Nafarroako ludopaten elkartekoek. Euren datuen arabera Estatuan arazorik gabeko jokalarien % 40 emakumezkoa da eta % 60 gizonezkoa.
L. Emakumezkoak gero eta gehiago jokatzen ari dira. Eta ez dakigu zergatik. Ziurrenik lehen gizonezkoen kontua izanen zen. Orain hori ere erakargarri bihurtu da, erretzea edo edatea bezala.
A. Hala ere, elkartean tratamenduan daudenen % 90 gizonezkoak dira eta % 10 emakumezkoak.
L. Joko-patologia gehiago gizonezkoen artean gertatzen da. Batzuk eta besteak elkartera nola iristen diren ere desberdina da. Gizonezkoak, normalean, norbaitekin joaten dira, emaztea, ama… Emakumezkoak, berriz, bakarrik doaz elkartera. Horrek ere zer pentsa ematen du. Ziurrenik, emakumezkook ditugun rolekin lotura du, zaintzarekin eta. Zer gertatzen da? Gutxiago joaten direla elkartera: emakumezkoa zara, joko arazoak dituzu eta senarrak pausoa ematera animatu arren, bakarrik joaten da. Hori ere kontuan hartu behar dugu.
A. Joko-patologian, mendekotasunean erortzeko arrazoiak ere desberdinak dira. Emakumezkoak, gehienetan, zerbaiti ihes egiteko joaten dira: depresioa, antsietatea, arazoren bat… Gizonezkoak, berriz, jokatzeagatik, dirua irabazteagatik joaten dira. Ondorioz, errehabilitazioa ere oso desberdina da. Emakumezkoekin gauza batzuk landu behar dira eta gizonezkoekin beste batzuk. Beti ere, orokorrean hitz eginda. Banan-banan aztertuta denetarik dagoela esaten dute elkartekoek.
Jokalari patologiko bihurtzeko faseak ere izanen dira, ezta?
L. Bai. Hiru une daude. Aurrena, erabilera. Denok egin dezakeguna, jokatzea. Edozein mendekotasunean gertatzen dena, arazorik gabeko erabilera bat. Kasu honetan jokoarena. Esaterako, loterian edo ONCEn jokatzea. Noizbehinkakoa da, nahi duzunean utzi dezakezu eta ondorio txarrik ez dizu uzten.
A. Jokatu baino gehiago, jolastu esanen nuke.
L. Bigarren maila abusua da. Normalean egiten dituzun gauzak egiteari uzten diozu. Esaterako, kirola ez egitea, lagunekin ez ateratzea… Zure bizitza jokora egokitzen hasten zara. Jokoaz abusatzen hasten zara. Atzeneko fasea mendekotasuna da, bizitza jokoaren inguruan ardaztuta dagoenean. Zure bizitza jokoari emanda dago planifikatuta.
A. Uzteak kristoren ondorio txarrak ekartzen ditu. Eta jokatzeak baita. Baina fase horretan ezin duzu utzi, eta ez duzu uzten.
L. Adi egon beharrekoa da. Batzuetan gauzak nahasten dira. Familian ikusten dute ez dela ateratzen, ez duela edaten… Zer gertatuko zaio? Edo sustantziaren baten kontsumoren batekin lotzen dute. Eta jokoagatik izan daiteke. Horregatik, joko-patologia aukera moduan kontuan hartzea garrantzitsua da.
A. Sustantzien kontsumoa, uneren batean, fisikoki nabaritzen da. Jokoa, ez.
L. Baina burmuinean mendekotasun bera eragiten du. Jokabideetan nabaritzen da. Buru-nahasteen diagnostiko- eta estatistika-eskuliburuan mendekotasun gisa hartzen da. Sortzen ditu urduritasuna, suminkortasuna…
A. Argi izan behar da jokoa ez dela ez ona eta ez txarra. Beste gauza guztiekin bezala, egiten dugun erabilera da, jokoarekiko zer harreman dugun. Orain droga, janaria, kirola, edertasuna… horiek mendekotasuna sor ditzakete. Horregatik, prebentzioa oso garrantzitsua da. Zenbat eta gazteagoa izan burmuina “freskoago” dago eta arrisku denetarako zaurgarriagoa da. Beraz, kontuan izan, jokoaren arriskua ere hor dago.
L. Kontziente izan behar dugu haurrak txikitatik prebenitu behar ditugula. Familian ere frustrazioa landu behar da txikitatik. Bizitzan ezin ditugu gauza guztiak lortu, frustratu behar dugu. Hori oso inportantea da. Bestetik, gure inguruan, orain eguberriak iristen direla eta denak apustuak eta ez dakit zer. Hori ere, gutxienez, kontuan hartu behar da.
Harremanetarako
Aralar Nafarroako ludopaten elkartearekin harremanetan jarri daiteke arazoa ikusten duen edozein, edo zalantza argitu edo informazioa nahi duenak. “Elkartea laguntzeko dago, bestela Gizarte Zerbitzuetara hurbildu daitezela eta bideratuko ditugu”. Elkarteak Iruñean du egoitza. Harekin harremanetan jartzeko 665 802 545 edo 848 414 849 telefonoetara hots egin daiteke, edo asociacionaralar@yahoo.es e-postara idatzi daiteke. Elkartearen web orria www.asociacionaralar.org da.