Lan bera egiteagatik soldata bera kobratzea aldarrikatzeko lanuzteak egin ziren Hydro enpresan azaroan eta abendu hasieran. Lab sindikatuak eta greba batzordeak deitutako lanuzteak “ barne ekitatean oinarritutako soldata politika” aldarrikatzen zuen. Izan ere, lan bera egiten ari diren langileen arteko soldaten arteko aldea urteko 5.000 eta 6.000 euro artekoa da. Gainera, langile batzuk hilean 1.200 euro kobratzera ere ez dira iristen.
Mobilizazioen ondorioz, Hydroko zuzendaritzak lan-gatazkari irtenbidea emateko bide-orria proposatu zuen. Horren arabera, kanpoko enpresa batek lanpostuen balorazioa eta soldaten ikerketa eginen du uda bitartean. Hori oinarri izanda zuzendaritzari eta enpresari negoziatzeko garaia iritsiko zaio. Horretarako, aldeek 2020 iraila eta abendua bitarteko epea izanen dute.
Grebalarien batzarrak larunbatean aho batez onartu zuen “ekitatezko soldata politika berria eraikitzeko prozesu bat martxan jartzea”, enpresaren proposamena eurena eginez. Zuzendaritzak eta enpresa batzordeak (CCOO 4, LAB 3 eta UGT 2) bide-orria garatzeko akordioa astelehenean itxi zuten.