Hydroko langile batzuk enpresaren parean lan bera, soldata bera leloa zuen pankarta eskutan zutela. Hala egon dira azaroan eta abenduaren hasieran. 8 egunetan lanuzteak eta mobilizazioak egin dituzte. LAB sindikatuak eta greba batzordeak enpresako soldaten parekatze progresiborako aldarrikapenari abenduan eman nahi zioten segida, beste 32 ordu geldituz. Izan ere, gaur egun Hydron lan bera egiten duten lankideen arteko soldata desberdintasuna urtean 5.000 edo 6.000 euro artekoa da. Hilean 1.200 euro kobratzera iristen ez diren langileak daude. Horrekin bukatu nahi zuten protestetan parte hartu duten langileek.
Helburu hori lortzetik gertuago daude gaur egun langileak. LAB sindikatuko Gaizka Uhartek jakinarazi digunez, “Hydron akordiorako baldintzak sortu dira, enpresak LABekin prozesu bat adostu baitu. Prozesu horren helburua soldata arrakalarekin progresiboki bukatzea izan behar du eta langile guztiek egiten dituzten funtzioak argitu eta aitortzea”. Uhartek azaldu digunez, “hurrengo asteetan enpresa batek bere gain hartuko du lanpostuen balorazioa egiteko ardura. Behin balorazio eginda, kategoriak egokitu eta soldatak berraztertuko dira. Prozesua uda baino lehen despedituta egon beharko luke”.
Sindikalistak Hydroko lanuztea “eredugarria” izan dela nabarmendu digu: “langile prekarioek eta egoera hobean daudenak asanbladan batzea lortu dugu, enpresa batzordean dauden UGT (2 delegatu) eta CCOO (4 delegatu) sindikatuek gehiengoa duten arren eta grebarekin bat egin ez duten arren, LABek (3 delegatu) eta greba batzarrak enpresa baldintzatzea lortu dugu”. Gaineratu duenez, “harro gaude, borrokak elkartasuna zuelako oinarri eta baldintza berriak sortu ditugulako. Etorkizunean akordiorik lortu ezean, berriro ere borrokari ekingo diogu”.