Paris 365rekin "jendea bustitzea" lortu dute

Guaixe 2020ko urt. 25a, 10:31
Iratxo elkarteak igandean elkartasun azoka hartu zuen.

Iruñeko jangela sozialaren aldeko asteburuaren balorazio ona egin dute antolatzaileek. Guztira 2.930 euro eta bost bazkide berri lortu dituzte.

Iratxo elkarteak Paris 365 jangela sozialaren aldeko asteburua hartu zuen eta handik makina bat jende pasa zen. Egitasmoa kudeatzen duen Gizakia Herritar fundazioko Patxi Lasak eta Mikel Legarrak 50 pertsonari azaldu zizkieten egitasmoaren nondik norakoak. Gaur egun ekonomia, osasun edo gizarte arrazoiengatik elikadura egokia eskuratu ezin dutenei laguntza ematen die. Eta, gainera, haurrendako Garabato ikasketa komunitatea dute. Lasak eta Legarrak azaldu zutenez, erakundeen eta norbanakoen diru ekarpenak behera egitean hainbat proiektu bertan behera utzi dituzte eta aipatutakoekin aurrera egitea erabaki dute. 

Baina diru ekarpenek beherakadak Paris 365 bera kinka larrian utzi zuen eta otsailerako 100.000 euro jasotzeko kanpaina abiarazi zuten. Fundazioko kideek gaztigatu zutenez, ilbeltzerako helburuaren % 70 betea zuten. “Hilean zehar jarduerak egin direnez, helburua beteko dugula uste dugu. Horrela bada, 2020 eta 2021 urteetarako egonkortasuna izanen dugu. Zoritxarrez, premia duen jendea egoten segitzen duelako”. 

Irurtzunen 
Jangela sozialaren aldeko dirua lortzeko eta prekarietaren errealitatearen berri emateko asmoz antolatu zuten elkartasun asteburua irurtzundarrek. Ekonomia arloari, larunbateko bazkarian 85 pertsona elkartu ziren. Jan-edanak herritarrek, dendaren batek eta tabernaren batek emandakoak izan zirenez, afaria egiteak inolako gasturik ez zuen izan eta guztia irabazia izan zen, 1.415 euro. Igandean Iratxo elkartean egindako azokan liburuekin 257 euro eskuratu zituzten, arroparekin 393 eta tabernarekin 340 (jendeak emandako pintxoak eta edariak zerbitzatu ziren). Horretaz aparte, jendeak 525 euro eman zituen eta bost bazkide berri egin ziren. Guztira Paris 365 jangela sozialarendako 2.930 euro jaso ziren. Eta baliabide horren beharra agerian utzi zuten. 

Erlazionatuak