Irurtzungo Udalak, EH Bilduren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin, aurtengo aurrekontuak onartu zituen hilaren 4an. Guztira 2.043.580 euro izanen ditu udalak kudeatzeko, joan den urtean baino 101.438 (% 4,95) gutxiago. Jaitsiera horretaz galdetuta, Aitor Larraza Carrera alkateak gogorarazi du joan den urtean Dinabide eraldaketa digitalerako gunea sortzeko 146.584 euro bideratu zirela eta horrek igo zuela aurrekontua.
Aurrekontuaren % 15 inbertsiotara bideratuko du udalak. Eta alkateak jakinarazi digunez, inbertsiotarako diruaren herena, 103.623,5 euro, Atakondoa eskola publikoan inbertituko da. “Ikastetxeko berogailuaren eraginkortasuna eskasa da, beroak ihes egiten duelako. Hori saihesteko, eskolari kanpo babesa jarriko diogu eta bero ihesak % 70 murriztea espero dugu horrela, urtero % 35eko aurrezkia lortuko dugu (3.000 euro). Gainera, elektrizitate koadroak berrituko dira, eta argindar kableen zati bat ere. Azken bi lan horiekin segurtasuna handitu eta egungo legedira egokituko dugu azpiegitura”.
Larrazak azaldu digunez, lan horiek garagarrilaren 16tik aurrera eginen dituzte. Eta horiekin batera energia eraginkortasuna hobetzeko beste lan bat ere eginen dute: frontoian dagoen gasolioko berogailua kendu. “Kanalizazioa eginen dugu eta eskolako gas berogailuarekin berotuko dugu frontoia”. Haren teilatuan eguzki plakak jarri zituzten lastailean. Ikastetxea, frontoia bera eta kiroldegia argindarrez hornitzen ditu eta argindar faktura % 65 inguru jaistea lortu dute.
Azkenik, energia eraginkortasunerako beste bi lan ere aurreikusi ditu udalak. Batetik, 38.500 euro bideratu ditu udaletxearen azterketa egin eta lehentasunezko neurriak hartzeko. Bestetik, 21.000 eurorekin Akaborro industrialdeko argiteria publikoko bonbillak kendu eta LED argiak jarriko dituzte. Hori hirugarren eta azken fasea izanen da eta, horrela, Irurtzun guztian izanen dira LEDak.
Plazaola eta Ederbidea
Alkateak jakinarazi digunez, martxoaren 20rako bide berdeko lanek zertifikazioa izan behar dute. Irurtzunen bat egiten dute Plazaolako bide berdea eta Ederbidea. Azken hori Atlantiko kostaldetik Europa iparraldea eta hegoaldea lotzen dituen Eurovelo 1 bizikleta ibilbideko parte da. Seinaleztapena jarri, bide berdeko zorua egokitu eta orain Biahizpeko tuneletan argiteria jartzeko lanak egiten ari dira. Horiek despedituta Plazaolak Andoain eta Sarasa lotuko ditu eta Ederbideak Irurtzun eta Doneztebe.
Jakinik bizikleta azpiegiturak bisitariak erakar ditzakeela, Plazaolako trenbidearen geltokia zegoen tokian Irurtzungo Udalak autokarabanendako gunea egin nahi luke. 10 karabanendako espazioa aurreikusi da, garbiketa gunearekin eta bizikletendako oinarrizko mantentze espazioa lituzke. Horretarako, 71.759 euro bideratuko ditu aurrekontuan. Aldi berean, Landa Garapen Programako dirulaguntzen deialdian eskaera egin du udalak. Uharte Arakilgoaren ondoren, eta Olatzagutian aurreratzen ez badira, Sakanako bigarren autokarabana gunea litzateke Irurtzungoa.
Bestetik, Irurtzungo igerilekuak legedira egokitu beharra du eta hori nola egin jakiteko proiektua egin behar da aurrena. Udalak 21.000 euro jarri ditu horretarako. “Umeak plisti-plasta ibiltzeko igerilekua, ertaina eta olinpikoa ditugu. Dirulaguntza jasoko bagenu irailetik aurrera aurreneko bi igerilekuak egokitzeko lanak eginen genituzke eta heldu den urterako utziko genuke olinpikoa. Baina lan horiek dirulaguntzen menpe daude, 632.000 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua dutelako”.
Bestelakoak
Udalak aurten garbiketa lanak egiteko udaleko zerbitzu anitzeko lantaldean aritzeko eta igerilekuko sorosle lanetan aritzeko 16 pertsona kontratatuko ditu. Bestetik, Irurtzungo Udalak 157.243 euro bideratuko ditu dirulaguntzetarako: familia kontziliaziorako, euskara ikasteko, kirol eta kultur elkarteendako, Iturraskarri eta tokiko merkataritza sustatzeko. Kultur jarduerak eta ospakizunak antolatzeko, berriz, 123. 494 euro izanen ditu. Azkenik, Irurtzungo parte-hartze aurrekontuen 10. urteurrena beteko da aurten. Hartan aritzen den taldea lanean ari da, eta lau proposamen aurkeztuko dizkie irurtzundarrei, haren iritzia jasotzeko. Udalak 35.000 euro jarriko ditu haietako bat gauzatzeko.
Dinabide
Irurtzungo Udalaren joan den urteko inbertsio nagusietako bat izan zena dagoeneko guztiz hornituta dago. Sakanako ikasleek bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute. Alkateak esan digunez, “aurtengo prestakuntza planifikazioa egina du Sakanako Garapen Agentziak. Eraldaketa digitalerako gunera jendea erakarri eta haren erabilera sustatzeko zabalkunde lana egiten ari gara”.