Koronabirusa Sakanan

Herrian kontsumoa sustatzeko 3.600 txartel banatuko ditu udalak

Guaixe 2020ko eka. 8a, 10:22

Irurtzundarrak San Martin kalean.

18 urtetik gorako irurtzundar bakoitzak herriko denda eta zerbitzuetan gastatzeko 15 euroko txartel bana eskuratzeko aukera izanen du udaletxean. Ehuna txartel banatuko dituzte 17 dendek. Pandemiaren ekonomia eragina arintzea da helburu.

COVID-19 gaixotasunaren ondorioz hainbat dendek eta zerbitzuk ateak itxi edo jarduera murriztu behar izan zuten. Irurtzungo alkate Aitor Larraza Carrerak azaldu digunez, “osasun krisiagatik kaltetuak izan diren merkataritza eta zerbitzu sektoreetan beraien aktibitatea berreskuratzeko kontsumoa sustatuko duen txartel sistema sortu dugu, erosketak bulkatzeko”. Asteartean egindako bilkuran erabaki zuen udalak kanpaina aurrera ateratzea. Horretarako udalak 23.500 euro bideratuko ditu. 

Irurtzungo Udalak onartutakoaren arabera 18 urtetik gorako erroldatutako herritar bakoitzak kontsumorako txartel bana jaso dezake. Horretarako, irurtzundarrek udaletxeko sarreratik pasa beharko dute, gaurtik ostegunera, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Interesa duten pertsonek nortasun agiria eraman beharko dute. Guztira 1.900 txartel dira. Gainera, herriko 24 establezimenduetatik 17k bat egin dute udalaren ekimenarekin eta bakoitzak bere bezeroen artean ehuna kontsumo txartel banatuko ditu, dendan edo ostatuan bertan gastatzeko (dendaren zigilua izanen dute txartelek). Horiek ere heldu den astean banatuko dira. Zein establezimendu diren jakiteko Herriko dendekin bat! kanpainako kartelari erreparatu beharko zaio. 

Ezaugarriak
Kontsumo txartelek 15 euroko erosketa balioa dute, baina horietatik norberak 10 jartzen ditu eta udalak beste 5ak. Hau da, txartela hartuta establezimendu batera erosketa bat egitera joaten denak erosketagatik 10 euro pagatuko ditu eta gainontzeko 5 euroak udalak ordainduko ditu. Kontsumo txartela bakoitza behin bakarrik erabili daiteke eta, beti ere, kanpainari atxikitako saltokietan. 

Udalak jakinarazi duenez, erosketaren zenbatekoa bonuaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, diferentzia ez da eskudirutan itzuliko. Gainera, kontsumo txartelak ez dira eskudirutan trukatu, eta ez da inola ere balio horren zenbatekoa itzuliko. Hortaz, produktua itzultzen bada, establezimenduak balea jaulki beharko du erosketaren zenbateko osoarekin. Erosketa bakoitzeko gehienez bi txartel erabili daitezkeela zehaztu du udalak. Erosketa txartelak hilaren 15etik garilaren 31ra arte erabil daitezke, behin epe hori pasata baliorik gabe geldituko dira. Txartelak galdu, ahaztu edo ezjakintasunagatik sor daitezkeen bestelako egoerengatik ez da txartelik edo ordaindutako kopururik bueltatuko. 

3.600 kontsumo txartel 
Irurtzunen guztira 54.000 euroko diru mugimendua sortuko dute txartel horiek. 

Erlazionatuak