Miguel Beraza

"Txapelketak aurrera ateratzen saiatu beharra dago, hau ezin delako gelditu"

Miguel Beraza, erdian, 2019an Irurtzun klubak Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa irabazi zuen kopa eskuan duela. Argazkia: Pilota bizi.

Larunbatean 28. Irurtzun Pilota Txapelketako finalak jokatuko dira Biaizpe pilotalekuan, 17:00etan. Final eder eta lehiatuak espero ditu Irurtzun Pilota Klubeko presidente Miguel Berazak

Uztailean hasi zen 28. Irurtzun Pilota Txapelketa eta larunbatean, irailaren 12an, jokatuko dira finalak. COVID-19 birusaren pandemia hasi zenetik Nafarroan jokatu den txapelketa bakarra izan da Irurtzungoa. Irurtzun Pilota klubak txapelketa aurrera ateratzeko ahalegin berezia egin du, eta, horretaz gain, Irurtzun klubeko pilotariak Espainiako Kluben Arteko Txapelketako finalerdietara sailkatu dira, banakakoan eta binakakoan, eta azaroaren 8an Euskal Herriko Kluben Arteko Pilota Txapelketako finala jokatuko dute. 

COVID-19 birusak sortutako pandemiaren aurrean edozein ekitaldi antolatzea sekulako buruhaustea da, baina zuek 28. Irurtzun Pilota Txapelketa antolatzeko erabakia hartu zenuten. Txapelketa aurrera ateratzea kostako zitzaizuen, ezta?
Hasiera batean, COVID-19 zela eta, Irurtzungo Pilota Txapelketa bertan behera geratu zen. Gutxi gorabehera ekainaren erdialdean hasi ginen entrenamenduekin, baina pilotariak motibaziorik gabe zeuden, ikusten baitzen ez zela txapelketarik jokatuko, ez festetako partida ezta torneorik ere. Ikusita abuztu bukaeran eta irailean Espainiako Kluben Arteko Ohorezko Mailako partidak genituela, eta azaroaren 8an Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketako finala jokatuko dugula –egungo txapelduna da Irurtzun– gure pilotariak prestatzeko eta non jokatu izan zezaten Irurtzungo Pilota Txapelketa antolatzea erabaki genuen, Lacturale eta Lakita gure babesleen laguntzarekin. Uztailean hasi zen txapelketa eta larunbatean finalak jokatuko dira. Kostatu zaigu, baina aurrera atera da. 

Zenbat bikote lehiatu dira?
Promesen mailan 12 bikote eta senior mailan 9 bikote, Irurtzun, Buruzgain, Burlata, Paz Ziganda, Esteribar eta Larraun klubetako pilotariak. Lehen hiru onenak eta bigarren talde onena sailkatu dira finalerako. Aipatzekoa da senior mailako 18 pilotarietatik %75 Irurtzun klubekoak zirela, %60tik gora sakandarrak. Gure txapelketa izan da martxotik hona Nafarroan jokatu den bakarra. Orain, irailaren 20tik aurrera Uharte Iruñeko Txapelketa hasiko omen da. 

Parte hartzea aurreko edizioetako berbera izan da?
Promesetan aurreko urtean ere 12 bikote lehiatu ziren gure txapelketan, baina senior mailan parte hartzea jaitsi da. Aurreko urtean 24 bikote aritu ziren eta aurten, aldiz, 9. Aurreko urtean ere emakumezkoen txapelketa antolatu genuen, baina aurten aurrekontu gutxiago izan dugu, batetik, eta, bestetik, neskak EITB-ko emakumezkoen torneoan aritu dira eta ez zitzaien ere ongi etortzen. 

Beraz, jaitsiera batez ere senior mailan gertatu da. Zergatik? Pilotari askok galdutzat ematen al dute denboraldia?
Ez dakit ba zer esan… Aitortuko dizut txapelketa antolatzean gugan pentsatu dugula. Seniorretan pilotari plantilla zabala dugu, eta lehen aipatu dudan bezala Espainiako Kluben Arteko Txapelketako Ohorezko Mailako Txapelketa dugu jokoan. Aurreko bi asteburuetan hain zuzen ere bi modalitateetan, buruz burukoan eta binakakoan, finalerdietara sailkatzea lortu dugu. Finalerdiak irailaren 18an jokatuko ditugu, Labriten. Banakakoan San Cosme izango dugu arerio (Burgos) eta binakakoan Uharte Iruñea. Eta azaroaren 8an Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketako txapela defendatuko dugu. Finalean Lemoa edo Ultzamako Buruzgain izango dugu aurkari, oraindik finalerdi hori ez baita jokatu. Txapelketa hauek hor ditugula ikusita, pilotariak sasoian egotea nahi genuen, eta horregatik antolatu genuen txapelketa. 

Zer moduz joan da Irurtzungo Pilota Txapelketa?
Oso ongi; sekulako partida ederrak ikusi ditugu, eta beste urteetan baino jende gehiago hurbildu da frontoira. Beraz, kontentu gaude. 

COVID-19 dela eta, zein segurtasun neurri eskatzen dizuete?
Ohikoak: maskarak, gel hidroalkoholikoak… Momentuz ez digute PCR probarik eskatu. Behin arazo bat izan genuen; jardunaldi bat ez zen jokatu pilotariak COVID-19an positibo eman zuen pertsona batekin harremanetan egon zirelako. Txapelketa aste batez bertan behera geratu zen, egin beharreko probak egin ziren, emaitza negatiboa izan zen eta arazorik gabe berriro txapelketarekin jarraitu genuen. Ikusleei dagokienez, frontoiaren sarreran jartzen du derrigorrezkoa dela eskuak gelarekin garbitzea, maskara janztea eta elkarren arteko 1,5 metroko segurtasun neurria mantentzea.  

Promesen finalean Iriarte-Lizarraga Bustinze-Azpirozen kontra ariko dira. Zein itxura hartzen diozu partidari?
Final lehiatua iruditzen zait, baina uste dut Bustince eta Azpiroz faboritoak direla. Azpirozek egun ona badu eta bere maila ematen badu, beraiek dira faboritoak. Hala ere, partida jokatu arte ez dugu jakingo zer gertatuko den. 

Senior mailako 3. eta 4. postuak erabakitzeko partidan Olloren eta Aldaberen kontra ariko dira Olaetxea eta Bergera. Nork ditu aukera gehiago?
Partida hau oso irekia izango dela iruditzen zait, baina uste dut Olaetxeak eta Bergerak bikote moduan gehiago direla.

Seniorreko final handian Espinalek eta Arbizuk Retegi eta Azanza aurkari dituzte. Retegi Bi beteranoak bere alde mugituko du balantza?
Kasu honetan final oso irekia aurreikusten dut. Retegi sasoi onean dago eta pilotari ona da, baina Espinal eta Arbizu gazteek asko batzen dute. Aaron Arbizu etxarriarra atzeko koadroetan gailentzen bada, Espinalek ongi bukatzen du tantoa. Hortaz, atzean nork agintzen duen, horrek erabakiko du. Nolanahi ere, hirurak final handiak izango direla aurreikusten dut. 

Irabazten duen bikoak irabazita, txapelak Irurtzun klubean geratuko dira, Iriarte (Larraun), Aldabe (Oberena) eta Espinal (Uharte) izan ezik gainontzeko pilotariak Irurtzun klubekoak direlako…
Hala ikusita, bai, egia esan. 

Retegi Bik pilota profesionala utzi zuen, eta afizionatuen mailan hasi zen zuenean, Irurtzunen. Zuendako sorpresa izan zen halako pilotari ezaguna zuekin aritzea?
Azanzak bereziki, berarekin jokatzen duenak, harreman estua du Retegi Birekin. Azanza eta bera oso lagunak dira txikitatik, askotan jokatu izan dute elkarrekin. Irurtzunen aritzeko aukera sortu zen, berarekin hitz egin genuen eta berak edozein torneo eta txapelketatan aritzeko prestutasuna erakutsi zuen. Mutil jatorra da, pilotarekiko sekulako zaletasuna du, eta afizionatuen mailan jokatzen jarraitu nahi du. Oso kontentu gaude. 

Zenbat pilotari trebatzen dira Irurtzun Pilota Klubean?
75-80 pilotari inguru. Duela urte batzuk beheraldia egon zen, baina aurreko urtean, esaterako, haur askok eman zuten izena klubean. Sakanako ia herri guztietako pilotariak ditugu gurean. Ez dakit ez ote gaituzten erreferentzia moduan ikusten…

Irurtzun Espainiako Kluben Arteko Txapelketan goian egoteak, Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketako egungo txapelduna izateak… horrek pilotari asko zuengana gerturatzea ekarriko du. 
Bai, gaztetxoak motibatzen ditu. Senior mailan erreferentzia ona gara. Finean, gaztetxoek ongi entrenatzea, hori da nahi dutena. Goian jokatzeko ilusioa dute, eta afizionatuetan, goian, gurean, Retegi Bi, Ongay, Olazabal, Bergera… eta gazteagoetan Olaetxea, Lazkoz, Nazabal… daude. Bestalde, Irurtzun klubean antolakuntza ona dago, bi babesle bikain ditugu, Lacturale eta Lakita, izugarri laguntzen gaituztenak. Eurei esker dugu kluba dugun mailan. Asko diegu eskertzeko, bai beraiei eta baita Nafarroako Euskal Pilota Federazioari. 

Zenbat teknikari edo entrenatzaile ari zarete Irurtzunen? Zu presidentea zara, baina entrenatzen ere ibiltzen zara?
Bai, presidente, entrenatzaile, arbitro… denetatik ibiltzen naiz. Badakizu, halako klub txiki batean denetatik egin beharra dago. Sei-zazpi entrenatzaile edo teknikari inguru ibiltzen gara taldean. Irurtzun Pilota Klubak 30 urte ditu elkarte bezala, baina aurretik ere bazegoen, pilota eskola moduan. Guztira 35-36 urte emango ditugu lanean.  

Nafarroako pilota txapelketei dagokienez, normaltasunez hasiko dira? Zer aipatzen da Nafarroako Euskal Pilota Federazioan?
Nafarroako Senior Mailako Buruz Buruko Pilota Txapelketako izena ematea egina dago eta 15 egunetan hasiko dela aurreikusten da. Zalantzagarriagoa dena haurren mailako lehiaketa da, Nafar Kirol Jolasak, hain zuzen ere. COVID-19 dela eta, egoera nola dagoen ikusi beharra dago benjaminen mailatik hasi jubenilen maila bitarteko txapelketak antolatzeko. Nafar Kirol Jolasetan izena ematea irailean egin behar da, baina beste kontu bat izanen da txapelketa, berez, noiz eta nola has daitekeen. Egoera nola doan ikusi beharko da. Dena den, txapelketak aurrera ateratzen saiatu beharra dago, biziak aurrera egiten duelako eta hau ezin delako gelditu. 

28. Irurtzun Pilota Txapelketako finalak
Larunbatean, irailak 12, 17:00etan, Biaizpe pilotalekuan
Promesak: Iriarte (Larraun)-Lizarraga (Irurtzun) / Bustince (Irurtzun)-Azpiroz (Irurtzun)
Seniorrak, 3. eta 4. postuak: Ollo (Irurtzun)-Aldabe (Oberena) / Olaetxea (Irurtzun)-Bergera (Irurtzun)
Seniorrak, finala: Espinal (Uharte)-Arbizu (Irurtzun) / Retegi (Irurtzun)-Azanza (Irurtzun)

 

Erlazionatuak

28. Irurtzun Pilota Txapelketako finalak bihar jokatuko dira Irurtzunen

Irurtzun

Bihar, larunbata, 17:00etatik aurrera, Biaizpe pilotalekuan