Saihesbidea eta autobiako irteera lotuta

Alfredo Alvaro Igoa 2020ko aza. 17a, 13:41

Aitor Larraza Carrera, eskuinean, saihesbidearen proiektua azaltzen. EHBILDUIRURTZUN

Lizarra eta Aralar kaleak lotuko dituen errepide berriak trafikoa eta segurtasuna handituko ditu heldu den urtean. 2022an, berriz, Izurdiagako saihesbidetik autobiara ateratzeko irteera eginen du Nafarroako Gobernuak

San Martin egunean, festak ez izanik ere, irurtzundar askok poza sentitu zuten. Poza jakin zutelako saihesbidea egiteko akordioa itxi zela. Aitor Larraza Carrera alkatea Bernardo Ziriza Lurralde Kohesioko kontseilariarekin eta Pedro Lopez Herri Lan eta Azpiegituretako zuzendari nagusiarekin elkartu zen asteartean eta proiektuaren berrikuspena onartu zuten asteartean.

"14 urteren ondoren, herriak izan duen eskaera bat aurrera eramatea oso pozgarria da, egia esan". Aitor Larraza Carrera Irurtzungo alkatearen hitzak dira. "Legegintzaldi honetan eta aurrekoan lehentasun gisa markatuta genuen. Beti lehentasun bat izan da saihesbidea Irurtzunen". Alkateak gaineratu duenez, "azkenean balioztatzen du proiektu originalaren birmoldaketa bat. Eta horrekin batera, eta oso garrantzitsua da, autobidera irteera zuzena egin ahal izatea".

Adostutakoaren arabera Lizarra eta Iturtxoko kaleen bidegurutze ondoan errotonda eginen da. Handik errepide berria eginen da industrialdearen eta etxeen artean. Bideberri hori Aralar eta Akaborro industrialdearen bidegurutzean bukatuko da. 300 metro luze eta 7 metro zabal izanen ditu bideberriak, bi errei izanen ditu eta herriaren aldean bi metroko espaloia eginen da.

Alkateak adierazi duenez, "Irurtzun erditik pasatzen dira Oskiateko harrobietako kamioi guztiak. Erdigunetik industrialdeko pisudun trafiko handia pasatzen da. Hori eragozteko hasi zuen lanketa Saihesbidearen Aldeko Plataformak. Hori eragozteko eskaera, gainera, hainbat udalena izan da". Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak 2019ko errepideen edukierari buruz bildutako datuen arabera, 500 ibilgailu baino gehiago ibiltzen dira egunean Asteraindik Irurtzunera doan errepidean, NA-7010 errepidean, eta 2.675 ibilgailu igarotzen dira egunero N-240-A errepidetik. Alkateak ziurtatu duenez, saihesbidea egiteak "mugikortasunaren arloan aukera handiak emanen dizkigu hemendik urte batzuetara".

Autobiara lotu
Izurdiagako trenbide pasa kentzeko herriko bi auzoak lotzen dituen eta autobiaren mendebaldetik doan errepidea erabiliko da autobiarekin lotura egiteko. "Ikusten da industrialdean ezarritako enpresendako beharrezkoa dela Iruñerrira joateko irtenbideren bat ematea, herrigunetik pasa gabe". Bi egitasmoek, guztira 1.192.533 euroko aurrekontua dute. Heldu den urtean Irurtzungo saihesbidea eginen da eta, horretarako, 700.000 euro bideratuko dira. 2022an, berriz, autobiarekin lotura eginen da.

Gobernuarekin gehiago
Irurtzungo Udalak Nafarroako Gobernuarekin hirigintza arloko beste bi gai lantzen ari da. Alde batetik, Trinitate kalearen 19. zenbakian kamineroen partzela dago. Irurtzungo Udalak hura eskuratu eta hura urbanizatu nahiko luke. "Irurtzunen ere badugu etxebizitzaren arazoa. Alokairu merkeko etxebizitzen beharra badago". Horregatik udalak espazio horretarako Hiri Jardunetarako Plan Berezia abiarazi zuen. "Nafarroako Gobernuari han etxebizitza kopuru jakin bat egitea proposatu genion. Momentu honetan eremua Herri Lan Departamenduarena da eta Ondare Zerbitzura pasatzeko tramiteetan ari dira. Ondoren ondarekoekin bildu beharko gara jakiteko gune horrekin zein asmo dituzten".

Eremu horren parean, Trinitate kalearen 26an eta 28an, Nafarroako Gobernuak bi etxebizitza bloke ditu, 16 etxebizitza guztira. "Zerbait egiten bada, zerbait integrala egiten saiatuko ginateke, kamineroen eremua eta etxebizitza horiek hartuko dituena. Egia esan, herrigunerako planteatutako etxebizitzak dexente dira eta ez dakigu nola bideratuko den gaia. Hau saihesbidearen gaia bezalakoa da, urtetan egin beharrekoa".

Erlazionatuak