San Martin kaletik Lizarra kalera pasabidea izanen da

Guaixe 2021ko mar. 31a, 09:26

Barazkigune eta Pikuberri artean eginen da Irurtzungo Udalak eta Pikuxar elkarteak hala adostu ondoren. Pasabidea, gainera, Barazki Gunearen eta Pikuberri artean sortuko den plaza berrirako sarbideetako bat izanen da.

Pikuberri elkarte eta tabernaren lanak aurreratuta daude. Eraikinaz aparte, Lizarra kalearen eta Barazki Gunearen arteko tartean elkartearen jabetza den plaza bat sortuko da, Piku plaza. Elkarteak plaza horri erabilera publikoa eman nahi dio. Jendarteari plaza zabaldu aurretik Pikuberri elkarteak eta Irurtzungo Udalak hirigintza hitzarmena sinatu dute, plaza berri horretara oinezkoen sarbide librea errazteko. Horren arabera, Barazki Gunea eta Pikuberri elkartearen artean 3 metro zabal eta 10,9 metro luze izanen dituen arranpa eginen da, arranpak sei koska izanen ditu. Arranpa horren bidez elkartearen eta Barazki Gunearen artean sortuko den plazara joateko aukera izanen da, baita Lizarra kalera ere. Eta alderantziz. 

Aitor Larraza Carrera alkateak azaldu duenez, “sinatutako hitzarmenarekin herriak plaza bat gehiago izanen du, erabilera publikokoa eta irisgarria Lizarra eta San Martin kaleetatik”. Lau urterako hitzarmena sinatu dute aldeek. Akordioan argi gelditu da pasabidea udalak eginen duela, harena izanen dela eta udala arduratuko dela pasabidearen garbiketaz. Elkarteak pasabidea egitearen kostuaren erdia pagatuko dio udalari. Piku plaza, berriz, elkartearen jabetza izanen da eta elkarteak hara sartzea libre utziko du. Elkartearen ardura izanen da plaza berria baldintza egokietan mantentzea eta pasabidea beti irekita izatea. 

Hitzarmenean jaso denez elkarteak plazaren erabileragatik udal zerga batzuk ez ditu ordaindu beharko. Bestalde, Pikuberri elkartea libre izanen da bere jabetzako plaza horretan edozein erabilera edo jarduera egiteko. Udalak Piku plazan zerbait egin nahiko balu elkarteari baimena eskatu beharko dio.