Oskarren intxaurrondoa

Guaixe 2021ko api. 22a, 19:42

Pikuxarrek eta Aizpeak joan den urtean hildako kidea intxaurrondoa landatuz omendu dute.

Pikuxarreko sustatzaile zen Oskar Lizarraga Garziandia joan den urteko maiatzaren 30ean hil zen. Ostiralean bere urtebetetzea litzateke eta egun hori baliatu zuten Pikuxarrek eta Aizpeak Irurtzungo euskaltzaleen topaguneak, Lizarraga oroitzeko. Pandemia garaian jende gehiegi ez biltzeko, ahoz aho zabaldutako deialdia izan zen. Iskidiko mitologia pertsonaia batzuk eta zanpan eta Porrotx Pikuberritik abiatutako kalejira egin zuten Pikuxar dermiora arte. Han Zigor Gartzia, Zian, bertsolariak bertsoa kantatu zuen eta Lizarragaren omenez, intxaurrondoa landatu zuten. 

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak urtero Irurtzunen egoten dira eta dagoeneko harreman estua dute. Pailazoen azken ikuskizuna eta ipuina Amaren intxaurrak izenburua du eta heriotzaren gaia lantzen du. Han pailazoek, hildako Marimototsen amaren oroigarri eta haren omenez ere, intxaurrondo bat landatzea erabakiko dute, hura ikustean bizipenez gogoratzeko, naturarekin dugun lotura adierazteko eta hildakoaren partez arbolak fruituak ematen dituelako. Porrotxek oparitutako intxaurrondoa izan zen landatutakoa. 

Gaurko egunez sortua
zuretzako diosala.
Dena ematen zenigun 
jator eta eskuzabala.
goxoa zure irria, 
eztia zure magala, 
umore kutsagarria 
poz izurrite bezala. 
Utzi zenigun aztarna 
jakizu handia dala. 
Intxaurrondoa(re)n argiak 
bidean gida gaitzala. (bis)
Sustraiak eta fruituak 
ugari eman ditzala. 

Erlazionatuak