Aurreko larunbatean, apirilaren 24an, Irurtzungo Iratxo elkarteak antolatzen duen Sakanako Ibilaldia zen egitekoa, baina pandemia dela eta, bigarren urtez jarraian apirilaren azken larunbatean ez zen mendi martxa ezagun eta jendetsurik izan. Hutsune hori bete nahian, eta martxan eta bizirik daudela erakusteko, 2021eko Irurtzungo Mendi Jarduerak antolatu ditu Iratxo Elkarteak. “Joan den urtean ere Irurtzungo Mendi Jarduerak prestatu genituen, baina bertan behera utzi behar izan genituen orduan konfinatuta geundelako. Eta aurtengo apirilean Sakanako Ibilaldia bertan behera utzi dugunez, pentsatu genuen zerbait egin beharra genuela eta Irurtzungo Mendi Jarduerei eustea erabaki genuen” azaldu digu Iratxo elkarteko mendi sekzioko arduradun Manolo Moreno Iribasek.
Plazaolari lotutako beste bideak
Maiatzaren 7an hasiko dira Irurtzun Mendi Jarduerak Eurovelo 1, Ederbidea eta Plazaola proiektuei buruzko mahai inguruarekin. Mikel Goldarazenak gidatuko du saioa, eta Irurtzungo alkate eta Plazaolako presidente Aitor Larrazak, Plazaolako kudeatzaile Gustavo Ortiz de Barronek, Biltegi jatetxeko langile Idoia Jusuek eta Joxan Iturraldek hartuko dute hitza.
Eurovelo 1, Ederbidea eta Plazaola bide berdea elkarlotzen diren hiru egitasmo dira. Plazaola bide berdeak, 1914tik 1958ra bitartean Plazaola trenak Iruñea eta Donostia artean egiten zuen bidea berreskuratu nahi du. Sarasa eta Andoain artean 65 kilometro berreskuratu dira , 43 Nafarroan, Plazaola Partzuergoak kudeatzen dituenak, eta 22,1 km Gipuzkoan, Andoaingo Udalak eta Gipuzkoako Diputazioak kudeatzen dituenak. Andoain eta Donostia eta Sarasa eta Iruñea arteko tarteak dira berreskuratzeko falta direnak. “Denok ezagutzen dugu Plazaola bide berdea. Pandemia dela eta, geroz eta jende gehiagok erabiltzen du. Jendea pilaka ibiltzen da asteburuetan eta festa egunetan, bizikletan, oinez… Ikaragarri. Eta ez bakarrik Plazaolan. Trinitatera jende asko igotzen da, baita Aixitako gotorlekura, gertuko mendi ibilbideetara… Jende asko dabil Irurtzun eta Larraun aldean. Latasako Biltegia taberna ere beti beteta egoten da, eta Irurtzungo kaleetan ere mugimendua nabari da” aipatu du Morenok.
Eurovelo 1 eta Ederbidea
Eurovelok Europan barna prestatutako distantzia handiko 15 ibilbide jasotzen ditu, bizikletan egiteko. Lehenengo ibilbidea, Eurovelo 1 Atlantic Coast Route, Norvegiako Northe Capen hasten da, Ingalaterratik eta Irlandatik igaro eta gero, Frantzian sartzen da, Nantesen, eta itsasertzetik, Donostiara heldu eta Bidasoatik barrena Nafarroara sartzen da. Plazaolako bide berdeko eremu bat hartzen du, eta gero, Iruñea, Gasteiz, Burgos, Valladolid, Salamanca, Merida eta Huelva lotzen ditu, Portugalgo Algarvera sartu eta Lisboan despeditzeko. Eta Ederbidea Baiona, Donostia eta Iruñea bizikletaz ibiltzeko bideen bitartez elkartuko dituen egitasmoa da, 238 kilometroko sarea, Euroveloko 1 ibilbidearen barruan dagoena. Plazaola Partzuergoa da sustatzaileetako bat, eta Doneztebe eta Irurtzun arteko bizikleta bidea jasoko du.
“Eurovelo Europa mailako egitasmo oso zabala da. Irurtzunen eta Imotzen zati handi bat hartzen du. Plazaolaren bidetik doa, baina gero desbideratzen da eta Orokietako gainetik pasa, Orokietatik jaitsi eta gero Bidasoa aldera jotzen du. Bide hori jada prestatuta eta markatuta dago, eta nik uste indarra hartuko duela. Jauntsarats alde horretan zubiak eta bide zati berriak egin dituzte. Egitasmo hauen guztien berri emango digute mahai inguruan. Ibilbide horien gure hurbileko zatia guztiz markatuta eta prestatuta dago, eta, beraz, jakin mina sortzen du” nabarmendu du Morenok.
Manolo Moreno: “Plazaola bide berdeak izan duen gorakada ikaragarria da”
Plazaolan eta mendian jende asko
Iratxoko mendi sekzioko buruak esan bezala, pandemiarekin mendizaletasunak eta ibilaldi eta txangoek gora egin dute. Mendi federatu kopurua izugarri hazi da. Alde positiboa du, baina baita negatiboa ere, tarteka masifikazioa ekartzen duelako. “Zenbait lekuetara joatea ezinezkoa izaten da sarritan. Trinitatera jende asko igotzen da, eta Irurtzungo Plazaola aparkalekua ere beteta egoten da. Ildo honetan, autokarabanendako leku polita prestatu dute, aurki, maiatzean zabalduko dena. Kanpoko jendea dabilela nabaritzen da. Bizikletan dabilen jende asko ikusten da herrian. Hain zuzen ere hori da pandemiarekin gora egin duten beste sektore bat, bizikletena” dio, irribarrez, Morenok.
'Cholitas' eta Annapurna
Irurtzungo Mendi Jardueretan Cholitas filma egonen da ikusgai maiatzaren 9an. Emakume boliviar batzuk Aconcaguara egin zuten espedizioaren berri ematen du. Cholitas ikusteko gogoa dut. Oso erakargarria iruditzen zait, bitxia” dio Manolok. Bestalde, Unai Razkinek, Haizea Martinez de Aldak, Naiara Martinezek eta Joseba Gandariasek aurkeztuko duten Annapurnako Itzulia ere ez du galdu nahi. “Irurtzunen eta inguruan bizi diren bi bikote dira, eta proiekzioan Annapurnan nola joan zitzaien kontatuko digute. Ez da beti kanpora joan behar, hemengoek ere egiten dutena baloratu behar da” nabarmendu du Morenok.
Bilboko Mendi Filmeko onena
Maiatzaren 16an 2020ko Bilboko Mendi Film Festibaleko Sail Ofizialeko hiru dokumental eskainiko dira, bi labur –Aterpean eta Charge– eta bestea luzea, Edmund Hillary Ocean To Sky, Bilboko Mendi Film Festibaleko Sari Nagusia jaso zuen dokumentala. “Mendi Film festibaleko Aitor Elduaienek aurkeztuko ditu. Festibalak geroz eta garrantzia gehiago du, ea zer dioen Elduainek" gaineratu du Morenok.
Iratxo, mendia baino gehiago
Iratxo mendi talde bat baino askoz ere gehiago da. Elkarte ederra dute, primerako tokian, lorategi handiarekin eta botxategiarekin. Baina elkartea, gainontzekoak bezala, itxita dago. Eta elkarteak antolatzen dituen Botxa Txapelketak ere ez dira jokatzen. “Lorategiko belarra mozten dugu, mantenu lanak egin, juntakoen eta mendi taldekoen bilerak eta gutxi gehiago. Garbiketa ere egiten du bertan aritzen den langileak, baina elkartea itxita dago. Jendeak hutsune hori nabaritzen du, baina ezin denean ezin da” nabarmendu du Morenok.
Iratxo elkarteak urtero mendi irteeren egutegia egiten du, baina orain bakoitza bere kabuz doa mendira, talde txikitan; ez dira irteera jendetsuak antolatzen. “Talde txikitan biltzen gara. Igandean Iturraskarrik –iturriak, bideak eta beste berreskuratzeko egitasmoa, udalen eskaerak asetzen dituena– garbitu, prestatu eta markatu zituen bideetako eremu bat berrikusteko lana egin genuen, Goldaraztik, Urritza, Beramendi, Udabe… zati hori guztia nola zegoen ikusten. Nahiko ongi zegoen, egia esan. Orain ezin dira mendi irteera handiak egin” gaineratu du Iratxoko mendi ataleko buruak.
Manolo Moreno: “Apirilaren 24an talde batek Sakanako Ibilaldia egin zuen; Sakanako Ibilaldia bizirik dago”
Sakanako Ibilaldia bizirik dago
Egoerak hobera egiten badu, Iratxok Sakanako Ibilaldia antolatzea ez du baztertzen. “Dirulaguntzak eskatzeko epea apirilean bukatzen zen eta badaezpada eskaera egin eta dokumentazioa aurkeztu genuen. Horrekin adierazi nahi dugu zerbait antolatzeko prest gaudela beti ere pandemiaren egoeraren eta baldintzen arabera eta osasun agintariek markatzen dituzten arauen arabera. Ikusiko dugu udak zer dakarren, aurrerago erabakiko dugu. Gutxienik uztailera arte itxaron beharko da” dio Morenok.
Sakanako Ibilaldia prestatzea ia urte osoko lana izaten da, baina Iratxokoek faltan botatzen dute. “Lana izaten da, baina beste alde batetik hutsunea ere bai. Faltan botatzen dugu. Elkartera hogeita hamarren bat gazte sartu ziren duela urte pare bat, baina gainontzeko bazkideak adinean gora goaz, eta beldurra ere badugu. Saltsa honetan ezin duzu jendea gehiegi inplikatu eta arriskuan jarri. Dena den, badakit apirilaren 24an gazte talde batek, Iratxoko bazkide berri batzuk tartean, bere kabuz Sakanako Ibilaldia egin zutela. Ez zuten eguna ahaztu. Ibilaldimina izan zuten (kar, kar…). Eta beste talde batek, hauek helduagoak, aurreko larunbatean egiteko asmoa zuten, aurrekoan ezinezkoa izan zutelako. Beraz, Sakanako Ibilaldia bizirik dago” kontatu du, pozik eta harro, Manolo Morenok.
Irurtzungo Mendi Jarduerak
-Maiatzak 7, ostirala, 20:00etan, mahai ingurua: Eurovelo 1, Ederbidea, Plazaola. Hizlariak: Gustavo Ortiz de Barron (Plazaolako kudeatzailea), Aitor Larraza (Irurtzungo alkatea eta Plazaolako Partzuergoko prseidentea, Idoia Jusua (Biltegiko langilea) eta Joxan Iturralde. Moderatzailea: Mikel Goldarazena. Dohainik.
-Maiatzak 9, igandea, 20:00etan: 'Cholitas' filma. Gaztelaniaz. Sarrera: 5 euro.
-Maiatzak 14, ostirala, 20:00etan: Annapurnako Itzulia. Proiekzioa. Aurkezleak: Unai Razkin, Haizea Ramirez de Alda, Naiara Martinez, Joseba Gandarias. Dohainik (aurretik erreserbatu).
-Maiatzak 16, igandea, 20:00etan: 2020ko Mendi Film Festibaleko Onena. Proiektatutako dokumentalak: Aterpean Ateri (4 minutu), Charge (4 minutu) eta Edmund Hillary Ocean To Sky (106 minutu, Mendi Film Festibaleko Sari Nagusia). Aurkezlea: Aitor Elduaien. Sarrera: 5 euro.
Ekitaldiak Kultur Etxean izanen dira. Sarreren erreserba eta aldez aurreko salmenta: 948 600 412, 660419 610, kulturetxea@irurtzun.eus