Hydrok, iragarri du Irurtzungo lantegiko birziklatutako aluminioaren ekoizpen-ahalmena bikoiztuko duela. Horretarako, Irurtzungo estrusio plantaren instalazioetan 10,4 milioi euroko inbertsioa eginen du. Enpresak jakinarazi duenez, proiektuaren barruan sartzen da galdatzeko labe bat instalatzea, errailen gainean gidatutako kargagailu bat izanen duena, zepatzeko makina bat eta homogeneizatzeko labe bat. Era berean, txatarrak birziklatzeko eta estalpean gordetzeko ahalmena handituko da, eta horrek fusio-prozesuan segurtasuna hobetzen eta arriskuak murrizten lagunduko du.
Inbertsio horrekin, aluminio birziklatua ekoizteko eta Hydro RESTORE (edukiaren eta karbono-aztarnaren adierazpena duen aluminio birziklatua) hornitzeko ahalmena handitu eginen du Hydrok, eta urteko 30.000 tonatik 60.000 tonara pasatuko da. Konpainiak aurreikusi duenez, ahalmen handitze hori martxan egonen da 2023an, eta etorkizuneko hedapenetarako lehen pausoa izanen da. Zuzendaritzak jakinarazi duenez, “inbertsio horri esker, eta Avintes enpresak Portugalen duen instalazioan duela gutxi egindako inbertsioarekin batera, Hydrok lidergoari eutsi dio, Espainian eta Portugalen estrusiora bideratutako aluminioa birziklatzeko konpainia handi gisa”.
Ana Vazquezek, Hydro Extrusion Espainiako eta Portugalgo presidenteordeak adierazi duenez, “azken hilabeteetan, aluminio eskariak gora egin duela ikusi dugu. Aldi berean, ingurumena eta planetaren iraunkortasuna errespetatzen dituzten produktuen kontsumoarekiko kontzientzia soziala inoiz baino kezka handiagoa da gure bezeroendako. Hori dela eta, uste dugu une egokia dela aluminio birziklatuaren eta jasangarriaren hornikuntzan dugun posizioa indartzeko, eta jasangarritasunean lider eta aluminioaren birziklapenean aitzindari gisa dugun jarrera adierazteko”.
Duela gutxi Hydro Restore merkaturatu du konpainiak, aluminio birziklatuaren beste kontzeptu bat. Alde batetik, konposizio-adierazpena du, hau da, bezeroari erabili den txatarraren edukiari dagokionez gardentasun osoa emateko (aurrekontsumoa, estrusio-prozesutik datorrena; eta postkontsumoa, produktuen bizitza baliagarriaren akaberan berreskuratua), eta haren prozesamenduak sortu duen karbono-aztarna ere jasotzen da bestetik.