Bart 3,9 graduko lurrikara izan da Iruñerrian, Espainiako Institutu Geografikoak jakinarazi duenez. Dardara 22:45ean izan da eta Eguesibarren izan du epizentroa. Hala ere, Agoitzen, Zangozan, Erron edota Untzuen ere nabaritu dute lurraren astindua. Minutu batzuk geroago, 23:02an, 3,2 graduko beste lurrikara bat izan da eta Lizoainibarren izan du epizentroa. Azken hori Iruñerriaz aparte, Zangozan, Tafallan, Burgin eta Irurtzunen nabaritu dute. Hamarreko eskalan hirugarren mailako lurrikara izan da Irurtzunen sentitu dutena. Nafarroako larrialdi zerbitzuek azaldu dutenez, hainbat dei jaso dituzte lurrikaraz galdezka, baina inork ez du kalterik jakinarazi.