Astekaria

Majo asko mustu dute Pikuxar elkartea

Guaixe 2021ko urr. 26a, 11:04

Txarangarekin Pikuxar tabernako terrazan. PIKUXAR

Pikuxar elkarteko bazkideek hilaren 16an festa giroan mustu zuten elkartea. 

Iratxo eta Erga Larreak elkarteen ondoren, Irurtzungo hirugarren elkarteak bere egoitza berria hilaren 16an mustu zuen. Garilaren 30az geroztik bazkideak elkartea erabiltzen ari badira ere, mustutzeko osasun egoerak onera egiteko itxaron zuten Pikuxarreko kideek. Mustutze eguna bertsotan abiatu zuten. Elkarteko bertso eskolako irakasle Joana Ziganda eta bere ikasle Mikel Ollo izan ziren bertsotan aritu zirenak. Ondoren bazkideak trikipoteoan ibili ziren. Bazkaltzera 70 kide elkartu ziren eta postrearekin batera iritsi zen Galtzagorri txaranga. Haien doinuekin tabernaz taberna ibili ziren. Elkarte azpian dagoen Piku plaza berrian musika jarri zuten txaranga joan ondoren. Eta, hasiera batean, afaltzeko izena emanda 14 bazeuden ere, 40 izan ziren elkartu zirenak.

Bost urte joan dira Pikukideek hausnarketa egin eta egoitza berria behar zutela ondorioztatu zutenetik. Ordutik, edo aurretik, zuzendaritzan edota obra batzordean zeuden kideendako emozio handiko eguna izan zen larunbatekoa. Herri erdigunean zegoen etxe zaharra haien egoitza izateko berritzeko ahalegin handiak egindakoak dira elkarteko kideek. Azaldu dutenez, zuzendaritza berritzeko urtean bi batzar orokor eginen dituzte eta aldiro bi kide ordezkatuko dituzte, bi urtetan guztia berritu arte. Guztira 129 bazkide dira, azken hamarrak hilaren 12an egindako batzarrean onartu zituzten. Pikuxarretik jakinarazi dutenez, oraindik ere bazkide gehiago hartuko dituzte. Interesa duenak pikuxar4.0@gmail.com e-posta helbidera idatzi beharko du. 

Erlazionatuak