Ederra egin duzue! Esaldiaren zentzurik onenean. Horixe izan zen astelehenean Pikuxar euskal txokoaren taberna eta plaza mustutzearekin batera irurtzundarrek eta bisitariek esan zutena. Pikukideen belarrietan gozagarri diren hitzak. Mustutzearekin “oso pozik” zeuden. Irurtzundarrak “oso kontent” daudela azaldu du Ipe Lizarraga Garziandia bazkideak: “aho bete hortz gelditu dira plazan dagoen iturriarekin, egin dugun attrezzoarekin, dena harriz eginda izatea, guk egina…” Egoitza berria egitearekin batera, herriari erdigunean “plaza bat oparitu” baitiote. Plaza berriaren izenaz galdetuta, bazkideen artean hainbat aukera dituztela azaldu du Lizarragak: Pikuplaza, Auzolan plaza… “Bazkideen artean erabakiko dugu, baina jarriko diogu izena, bai”.
Astelehen arratsaldean euri zaparrada bota zuen Irurtzunen. Jendeak tabernan opatu zuen aterpea, baina atertu eta gutxira, atzera ere, plaza beteta zegoen. Jende batzuk zerbait hartzera gelditzen ziren, “normala denez, kuxkuxeatzera ere etorri dira batzuk. Bagenekien erakargarria egin genezakeela eta hala egin dugu. Oso kontent gaude”.
Plazara sartu eta tabernako bezeroak plazan eserita ikustean “ia ez nuen sinisten” esan du Pikukideak. Gaineratu duenez, “gu hemen lan eta lan ibili gara. Azken hilabetean ibili gara: hurrengo asteburuan irekiko dugu, ez hurrengoan… Atzeratu egin zaigu eta azken hilabetea niri luzetxo egin zait. Eta jendea hemen ikusi dudanean pentsatu dut: gezurra dirudi, baina hemen dugu jendea”. Lehendik zegoen eraikina zaharberritu dute eta haren aldamenean berria jaso dute, egurrezko fatxada emanez. “Horrela denetarik du: moderno punttua eta zahar kutsua herri erdian. Irurtzun erdian dago, herria halakoez ez dago oso hornituta eta hauspo berri eta polita ematen dio”.
Astelehenean publikoari ateak zabaldu bazizkion ere, asteburuan bazkideendako zabaldu zuten ostalaritza establezimendua. “Taberna berriak sukaldea du. Tabernari eta sukaldari berriak daudenez, halako simulakroa egin genuen”. Froga egitearena Taberna Batzordearen ideia izan zen, “langileak aritzeko eta bazkideek disfrutatzeko”.
Auzolangintza
Lizarragak azaldu duenez, “bazkideok lan asko egin dugu hemen eta asteburuan asko disfrutatu dugu. Azken finean hau guk egindako lan bat da. Auzolanean lan pila egin ditugu. Gure eskuekin egindako eraikina eta plaza dira. Gelditzen zaizuna da: kontent, pozik, harro puntu bat, gustura…”. Hiztegian ez du hitz egokirik opatzen sentitzen dutena adierazteko. Herriarendako balio duen zerbait egin duzunaren sentipena dute.
Auzolanarena azaltzeko honako adibidea erabili zuen Pikukideak: “gremioetako langileak rock izarren pare ibili dira. Musikariek jarrita opatzen dute dena, mikrofono aurrean jarri eta kantatzea eta instrumentuak jotzea besterik ez dute. Guk, auzolanean, garbitu edo zulatu behar zen guztia egin dugu eta gremioetakoak beraien lana besterik ez dute egin”.
Elkarteko sukaldea eta lehiotik bestaldean jangela.
Ilusio hutsarekin ez dira gauzak jasotzen. Bere horretan Pikuxar euskal txoko berria auzolanari eskainitako tenplu txiki bat da. “Hasi aurretik bagenekien ongi antolatu behar ginela. Alde batetik, jokoan diru asko genuelako. Baina, batez ere, gure arteko harremanak bermatzeko eta ez erretzeko”. Horretarako parte hartzea arautu zuten. “Horrek asko balio izan du ongi antolatzeko, auzolan pila egiteko, gogotsu bukatzeko eta ongi bukatzeko” zehaztu du Lizarragak, “ez zaigu luze egin”.
Pikukideak esan duenez, “jendeak kristoren eraikina ikusiko du, baina horren atzean dagoen lana gutxik ikusten dute”. 2017tik 27.858 parte hartze ordu egin dituzte bazkideek. Eta auzolanetan, berriz, 7.375. Antolakuntzaren buru Zuzendaritza Batzordea izan da. Baina guztia aurrera eramateko batzorde gehiago ere badituzte Pikuxarren: finantza, obra, hornikuntza eta kultura. Lizarragak aitortu duenez, “bilera asko egin ditugu eta estutasun asko izan ditugu buruan, baina hala izan behar zuen”.
Hastapenak
San Martin kalean behera eta bidegurutzean ezkerrera egin. 75 metro daude Pikuxarren egoitza zaharretik berrira. “Fisikoki ez gara hainbeste mugitu”. Baina aldea handia da. “Hasi ginenean hau zen, erokeria ez, baina bai talde ausart baten egitasmoa. Gure artean konfiantza handia dugu, elkar ezagutzen dugu. Bagenekien hau aurrera eramateko gai ginela. Eta gogotsu geunden. Gainera, herriarendako zerbait aberasgarria zela pentsatzen genuen. Orain, oso kontent gaude”.
Elkartekoek aurreko egoitza alokatuta zuten eta “ez genituen berritze lanak egiten, zaila zelako”. Baina, batez ere, lehengo egoitzak “bazkideendako, elkarte gisa, ez zuen zerbitzurik ematen. Ez zen erosoa. Eraikina ez zegoen horretarako prestatuta”. San Martin kaleko eraikinean 16-17 urte egin dituzte, “baina ikusten genuen hori bukatzear zegoela”. Pikuxar proiektuarekin zer egin erabakitzeko hausnarketa egin zuten 2016ko udan: “hemen bukatu, bertan behera utzi, polita izan da. Edo aurrera egin”. Proiektuan sinisten zuen talde bat elkartu zen eta aurrera egiteko saiakera “serioa eta zentzuzkoa” egitea erabaki zuen. Uda hartan bertan hasi ziren herriko etxe zaharrak begiratzen, zeuden aukerak aztertzeko. Sei edo zazpi etxe ikusi zituzten.
Elkarteko ganboikoa, ekitaldiak hartzeko prestatuko dute.
Ikusi zuten aurrenekoa gaur egungo Pikuxar izan zen, haien begikoa bihurtu zena: “erdian zegoelako eta plaza egiteko aukera zuelako. Hau zen gure proiektua goraino eraman zezakeen eraikina” Lizarragak azaldu duenez. Aukera guztien artean “alde handiz, garestiena” zen, “baina ausartak gara. Eta hala gara gure artean konfiantza handia dugulako eta horrek laguntzen du. Bagenekien hemen sartuz gero batzuk ez ginela jarriko beste aldera begira”. Konfiantza hori aurreko eraikinean emandako denborak eman ziela dio Lizarragak, gauza ugari antolatu baitituzte handik. “Funtzionatzen genuenaren frogak bagenituen. Horrek ezinbesteko konfiantza sortzen du. Eta hala izan zen”.
Egitasmoa aurrera ateratzeko, etxea erosteko, proiektura bazkide berriak erakartzea ere lortu dute. Nahi beste bazkide ez zituzten izan beti “eta momentu batzuetan zalantzak sortu zitzaizkigun” aitortu du Lizarragak. Baina lanak aurrera egin ahala “jendea gehiago hurbildu zaigu”. 90 bazkide ingurutik 119rako saltoa egin dute. “Ongi etorria izanen da heldu den jende guztia”. Elkarteari adin nagusitasuna egoitza berrian iritsi zaio.
Edukia
Lizarragak argi utzi duenez, “Pikuxar proiektua eraikin bat baino askoz gehiago da, hasieratik”. Egindako hausnarketan jaso zuten, bazkideei zerbitzua emateaz aparte, Pikuxar euskal txokoa “herriarendako baliabide bat da”. Proiektuaren ardatza “Irurtzunen euskara bulkatzea da. Tabernariek lehen hitza beti euskaraz eginen dute. Hau izanen da Irurtzunen euskaraz hitz egiteko plaza”. Lehen solairuan elkartea dago, baina ganboiko osoa hutsik utzi dute. “Leku oso erakargarria da edozer gauza egiteko. Eta plazak, begi bistakoa da aukera ematen duela”. Edozer ekitaldi antolatzeko aukera ikusten dute Pikukideek, “eta, noski, asmoak baditugu”.
Euskalgintza, kulturgintza eta herrigintza ardatzak “ongi markatuak” ditu Pikuxarrek. Horiek “beti bezala” garatuko dituzte, “baina orain aukera ematen duten” espazioak dituzte, baita “baliabide oso onak ere. Lehen oso mugatuta genituen, txikia eta deserosoa zen. Hari etekina atera genion eta honi horren beste eta gehiago”, Lizarragaren esanetan; “gogotsu gaude, eta eginen dira”.
Elkartea
Taberna astelehenean zabaldu ondoren, “zenbait gauza faltako badira ere”, elkartea hamabost bat egun barru, garilean, irekia egotea espero du Lizarragak. Bazkideak elkartea erabiltzeko irrikitan daude, baina oraindik ez dute hura hartzeko zerrendarik zabaldu. “Sukalde handia egin dugu. Denondako tokia dago eta antolatuko gara”.
Mustutze ekitaldia egitea ere aurreikusia dute Pikukideek. Uda pasa ondoren, COVID-19 gaitzak eragindako pandemia lasaiago egotea espero dute, “festa on bat egiteko. Hainbat kultur eragile gurekin zerbait polita egiteko deika ditugu”. Iraila aldera litzateke. Asteleheneko irekieran bezala, etorriko den mustutze ospakizunean ere Pikukide askoren gogoan hildako Oskar Lizarraga Garziandia izanen da. Haren anaiak aitortu duenez, “irekierak gazi-gozotik du… Anaiaren falta. Bere hondea makinarekin itsatsia zegoen eraikin guztia bota zuen. Lan asko egin zuen. Guretako pertsona garrantzitsua zen. Gure artean ez dago. Bere oroitzapena dugu, bere barreak… Horrelakoa da bizitza. Aurrera jarraitu behar. Eta berarengatik ere, noski”.
Datuak
- 119 bazkide dira.
- 537,15 m2-ko azalera erabilgarria du eraikin berriak.
- Beheko solairuan (140 m2)
taberna (66,62 m2)
tabernako sukaldea (14,52 m2)
biltegia (12,9 m2)
komunak (14,23 m2)
galdara (4,43 m2)
azpiegiturak (2,83 m2)
eskailera (2,83 m2)
eskailerapea (6,16 m2)
igogailua (2,13 m2)
larrialdietarako eskailera (6,23 m2). - Lehen solairuan (232 m2)
sukaldea (48,3 m2)
jangela (146 m2)
biltegia (13,35 m2)
komunak (17,58 m2)
garbiketa biltegia (5 m2)
azpiegiturak (2,67 m2)
eskailera
igogailua
larrialdietarako eskailera - Bigarren solairuan (232 m2)
ganboikoa (163,87 m2)
terraza (70,75 m2)
azpiegiturak (2,67 m2)
eskailera
igogailua - Plaza sortu berriak 400 m2 ditu.
- 27.858 parte hartze ordu egin dituzte bazkideek:
2017ko azarotik eta 2018ko abendura 7.852 ordu
2019an 8.441 ordu
2020an 7.123 ordu
2021eko maiatzera arte 4.442 ordu. - 7.375 auzolan ordu egin dituzte bazkideek
2018an 61 ordu
2019an 758
2020an 4.076
2021ean 2.480