Pailazoek ez dute Irurtzunekin duten zitari huts eginen. Abenduaren 3an, Euskararen eta Nafarroaren egunean, Irurtzunen, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen lan berria aurkeztea "ohitura bilakatu" dela esan du Joxemari Agirretxe Porrotx-ek: "Atzera begira ez dut gogoan noiz izan zen lehena". Aurten, aldiz, euskararen eguna zertxobait beranduago ospatuko dute, eta emanaldia ostiralean, abenduaren 18an, izanen da, 17:00etan, Irurtzungo kiroldegian. Dagoeneko sarrerak agortu dira. Irurtzunekin "miresmen" handia dutela aitortu du pailazoak.
"Klasiko bat da. Sakanatik eta Larraundik ere jendea gerturatzen da. Topaketa eder bat da ospatzeko herri bat garela eta hizkuntza eta kultura bat daukagula. Munduan gure tokia eta begirada dugula". Kuikui pailazoen ikuskizun berriaren abiapuntua, hain zuzen, hizkuntza eta kultura izan dira. "Euskaldunak izokinak gara ibaiaren korrontearen aurka saltoka. Munduan gure hizkuntzarekin eta nortasunarekin aldarrikatzen". "Izokin izate horrek" beti borrokan ibili behar izatea suposatzen duela azaldu du Porrotxek.
Hizkuntza ez da bakarrik komunikatzeko tresna bat, balioak transmititzeko bide bat da, "eta gurea euskaratik egiten da". Bi urte hauetan pandemiak "herrigintzak bereziki" sufritzen duen egoera bat ekarri duela azaldu du Porrotx-ek: "Kulturgintza gelditu behar izan da, eta izokin bat gelditzen denean, korronteak eramaten du". Globalizazioak bere alde uniformatzailea, menpeko hartzeko hori eta boteredunaren aurrean, "txikiek atzera" egiten dutela esan du, "baina berriro indarra hartu behar dugu, bultzatu behar dugu". Horregatik, Kuikui-ren bidez euskarari heldu diote, "txorien kantuari, herrien nortasunari eta kulturari".
Pandemiak "lehendik" bizitzen eta ikusten ziren egoerak areagotu ditu. "Sekulako erasoa dago euskararen eta herri txikien kontra. Are gehiago Nafarroan. Euskara bigarren mailakoa hartzea da hezkuntza arloan eta maila guztietan ere". Erasoa judizialki eta politikoki ematen dela ere aipatu du Porrotxek. "Sektore kontserbadoreak eta ultraeskuinarrak boterea hartzen ari dira".
Euskara eta baloreak
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek hamarkada bat baino gehiago daramatzate euskaraz eta euskaratik baloreak sustatuz: "Familia eredu desberdinak, kulturartekotasuna…". Erdignuean hizkuntza eta kultura jarri nahi izan dute ikuskizun berrian, baina balioak ahaztu gabe. Hiru arlo izango ditu: Itsasoen zikinkeria eta biodibertsitatea, pertsonen askatasuna eta justizia munduan dauden harresi eta mugen kontra, eta irtenbideak. "Munduan gertatzen den horrek guztiak gure herrian ere isla du".
Ikuskizuna "hegan egiteko gonbidapena da. Besoak zabaldu, hegoak astindu, salto egin, eta urrunera begiratu". Amets egiteko gonbidapen bat da. Ikuskizunarekin batera Kuikui ipuin ilustratua eta diskoa kaleratu dute pailazoek ere, elkarlanean. Miren Amurizak ipuina idatzi du, Karmela Goroño eta Irene Irurita Irrimarrak taldeko kideek ilustrazioak egin dituzte, Xabier Zalabak musika… Ipuin ilustratuaren animazioa ere sortu dute, sare sozialetan dagoena.
'Kuikui'-re amaieran Aranzadi zientzia elkarteak sustatuko txorien habiakutxak emanen diete herritan euskararen eta kulturaren alde lan egiten duten elkarteei. "Gainera Irurtzunen sekulako lana egiten ari dira. Oso gertutik ezagutzen dugu egiten ari diren lana". Irurtzun aniztasunaren isla dela esan du Porrotxek. Eskolan D ereduaren alde egindako lana eta herrigintzan Pikuxar elkartea bezalako proiektua aurrera eramateak nabarmendu ditu. "Auzolanarekin, jende askoaren lanarekin eta diruarekin erdigunera, herriaren bihotzera, eraman dute Pikuxar". Sakanako herrian egindakoa zenbait ekimen eredugarriak direla esan du Porrotxek.