Barazkiguneak estalpe berria izanen du aurten

Guaixe 2022ko urt. 19a, 09:08

Egungo fatxada mantendu eta gaur egun karpa hartzen duen espazioan estalpe finkoa jarriko da. Metalezko habeen gainean egurrezko egitura duen teilatua jarriko da, eta gainean zinka. Argia sartzen uzteko tarteak utziko dira teiladuran.

Garai bateko Irurtzungo barazkien azokak 2015az geroztik karpa bat du. Baina, gauzak ongi, udalak kokapen berria emanen dio aurki. Izan ere, Barazki Gunean estalpe finkoa egiteko asmoa du Irurtzungo Udalak. Lanak emateko deialdia egina du dagoeneko. Haietan interesa duten enpresek beraien hautagaitza hilaren 25eko 23:30era arte aurkeztu dezakete. Ondoren eskaintzak aurkeztu beharko dizkiote udalari, eta horretarako epea otsailaren 6an despedituko da. Lanek 229.573,99 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua dute, eta haiek hartzen dituztenak lau hilabete eta erdian despeditu beharko dituzte. Epe muga garilaren 15a da, Irurtzungo festen aurretik. 

Aitor Larraza Carrera alkateak azaldu duenez, “estalpe proiektuarekin espazio tradizional bat berreskuratzen da eta bere erabilera eguneratzen da, herriarendako leku sinboliko bat sortuz eta eskualdeko produktibitatea eta lehen sektoreko merkataritza eskaintza aktibatzea ahalbidetuz”. Larrazak gaineratu duenez, “espazioa modu gardenean betetzea planteatu da, barruko espazioa ahalik eta balioaniztunena izan dadin, eta asteartetako azokako postu batzuk, kontzertuak, tailerrak, herri bazkariak edo herritarrek duten beste edozein aukera hartzeko”.

Alkateak gogorarazi du udalak “bertako nekazaritza produktibitatea suspertzeko kezka” duela. “Sektore hori indartu eta aberastu nahi dugu, eskualdeko nekazaritza eskaintza zentralizatuz, Iruñeko potentzia ekonomiko komertzialaren aurrean” gaineratu du Larrazak. “Beraz, gune hori funtsezkoa izanen litzateke merkataritza postu berriak sortzeko, bertako produktibitatea eta herriko eta Sakanaren eskaintza komertziala areagotuz”.

Alkateak azaldu duenez, behin estalpea eginda, Barazki Gunea zabalik geldituko litzateke, plaza bat balitz bezala. Eta, geroz, gaur egun karpa erabiltzeko dagoen araudia bertan behera geldituko litzateke. Azkenik, alkateak jakinarazi du karpa kendu ondoren beste erabilera bat emateko aukera aztertzen ari direla. 

Egitasmoa 
Gaur egun dagoen fatxada mantendu eginen da. Hala ere, goiko pinakuloak eta albardillak ordezkatuko dituzte. Fatxadako bost burdin hesi kendu, leihoen ertzetan corten altzairua jarri eta hutsunea publizitate panelekin beteko da. Fatxada garbitu eta margotu eginen da. Forjazko ateak mantendu eginen dira, baina kalerantz zabalduko dira. Barruan hormigoizko zola berria jarriko da, espazio osoa bateratuko duena eta Barazki Guneak hartuko dituen jarduerak ahalbidetuko dituena. 

Estalpe berriaren morfologia merkatu zaharreko jatorrizko arkuetara egokituko da. Guztira 214,99 metro karratuko azalera duen estalpe bat eraikiko da. Teilatuak hainbat tolestura izanen ditu, w moduko elementu geometrikoa osatuz. Mendebaldeko orientazioko tolesturetatik argia barrura sartuko da. Estalpeak hormigoi armatuzko zimenduak izanen ditu eta metalezko zutabeen eta habeen gainean jarrita egonen da. Estalkiaren habe nagusiak eta gainerako habeak zur laminatuzkoak izanen dira. Hego aldean, gainera, porlanezko banku luze bat eginen da, 40 cm-ko altuera izanen duena. Egurrezko egitura gainean zinka jarriko da eta argia polikarbonatozko xafletan zehar sartuko da. 

Estalpe berriaren fatxadak 2,71 metroko altuerara arte libre geldituko dira. Altuera horretatik gora aurrealdeak pinuzko oholez estaliko da. Euri-urak husteko, estalpeko zorrotenak lurzoruan dauden bilketa sistemekin lotuko dira, kutxatila eta kolektore berriak jarrita. Barruko argiztapena bi mailatan funtziona dezaketen LED zerrendekin aurreikusi da (%50 eta %100). Gainera, metalezko zutabeetako argi proiektagailuak jarriko dituzte. Kanpoko argiztapenak portada zaharra nabarmenduko du, LEDekin eta lurrean foku puntualak jarrita. Estalpearen proiektua Juan Antonio Askunze Izudiaga eta Patricia Ilarraz Itoiz arkitektoek idatzi dute Santiago Imizkoz Fabra arkitektoaren laguntzaz.