Egoitz Carrion

"Lasoren arrakastaren parte sentitzen gara gertukoak"

Maider Betelu Ganboa 2022ko ots. 8a, 14:59

Egoitz Carrion, Ororbiako gimnasioan.

Egoitz Carrion 28 urteko irurtzundarra Unai Lasoren prestatzaile fisikoa da, 2020an Baikorekin berritu ez eta afizionatuen mailara jaitsi zenetik. Ordutik, gorenera iritsi dira

Pilota munduan azken urtean zeresan handia eman du Unai Laso Lizasok. 2020an ez zuen Baikorekin berritu eta afizionatuen mailara jaitsi zen. Afizionatuetan jokatutako guztia irabazi zuen, Baikoko pilotarien greba tartean zela, eta joan zen urtean, 2021ean atzera ere Baikorekin profesional hasi eta gero, egungo izen handietako bat da. Bere atzean egunetik egunera geroz eta ezagunago den Egoitz Carrion Ninatanta prestatzaile fisiko irurtzundarra dago. 

Ez dakit ohitu zaren zure izena komunikabideetan Unai Lasorenari lotuta agertzera.
Unai Laso oso mutiko irekia da. Askotan, egunkari, irrati eta bestelakoetan, nire izena aipatu izan du eta nik asko eskertzen diot. Unai Lasoren atzean jende asko dago, tartean ni neu, eta etapa honetaz asko disfrutatzen ari naiz. 

Modako pilotariaren arrakastaren arduradunetako bat zu zarela diote. 
Unai moda bat sortzeko gaitasuna duen pertsona dela uste dut. Ez soilik pilotari gisa, oso pilotari ona baita. Bere egunerokoan ere langilea da, berak beti hobetzeko bidea hartu nahi izaten du eta horrek asko lagundu izan dio. Bere egunean nigan konfiantza izan zuen, nik berarengan konfiantza handia dut, eta elkarren artean sortutako lotura hori handia da. Alde horretatik ni bere arrakastaren parte sentitzen naiz, beste jende askorekin batera, haiek ere asko lagundu baitiote, baina arrakastaren ardura nagusia berarena da, noski. 

Prestatzaile fisikoa zara. Non trebatu zinen?
Gasteizen Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzietako gradua ikasi nuen eta Madrilen Goi Errendimenduko Master bat egin nuen Espainiako Olinpiar Batzordean. Goi errendimendura bideratutako kontzeptuak ikasi nituen. Hura bukatuta, Irurtzunera itzuli nintzen eta kirol kudeaketa egiten duen Urtats enpresan hasi nintzen jardunean. Gimnasio batean hasi nintzen lanean, aldi berean jarduera gidatu batzuk eskaintzen. Oraindik ere segitzen dut, eta Urtats enpresako koordinatzailea naiz. Baina bere egunean Aitor Alduntzin pilotari afizionatuak bere prestakuntza fisikoa eramaten hasteko aukera eman zidan. Alduntzin Unai Lasoren laguna da, eta garai hartan Unairen arazoa gertatu zen: enpresatik kanpo geratu zen, eta aldaketa bat ari zen bilatzen, bai arlo fisikoan eta baita arlo psikologikoan ere, egoerari buelta eman nahian. Aitor Alduntzinek gurekin entrenatzeko aukera eskaini zion, gustatu zitzaion eta halaxe hasi ginen, gaur egunera arte. Ororbiako gimnasioan egiten dugu prestakuntza fisikoa, hantxe elkartzen gara pilotarien taldearekin. 

Unai Laso bere bizitzako une zailenetako batean ezagutu zenuen. Baikorekin kontratua berritu ez, eta afizionatuen mailara jaitsi zenean hasi zen zurekin lanean. Afizionatuetan ikusgarri aritu zen, jokatutako 24 partidak irabazi zituen, tartean Irurtzungo Txapelketa eta Espainiako Txapelketa. Joan den urteko ekainetik berriro profesionala da, eta bere prestatzaile izateaz gain, tarteka bere botilleroa ere izaten zara. 
Nik asko ikasi dut egoera honetatik, bai prestatzaile fisiko gisa, bai goi errendimenduko kirolari batekin izaten ahal duzun harreman horretatik. Unaik sekulako lana egin du. Egunero bere egoera hobetzeko zerbait bilatzen zuen. Oso pertsona alaia da, alaitasuna kutsatu egiten duen horietakoa; bere ondoan beti giro ona egoten da. Elkarrekin lan asko egin dugu, eta gure aisialdia ere partekatu dugu. Prestatzaile fisiko eta kirolari izatetik aparte, lagunak gara. Bere botilleroa, berez, Jon Mariezkurrena da, baina berak ezin zituenetan niri esan izan dit. Elkarrekin oso kimika ona dugu. Etapa hau asko disfrutatu dut, asko disfrutatzen ari naiz eta honek segi dezala. 

"Unairen egoeratik asko ikasi dut, prestatzaile gisa bai goi errendimenduko kirolari batekin izaten ahal duzun harreman horretatik"

Nola bizi da pilota partida bat botilleroaren aulkian jarrita? Tentsio handia izango da.
Tentsioa dago, partidan sartuta baitzaude, baina nik okerrago pasatzen dut harmailetan eserita, partida kanpotik ikusita, botilleroaren aulkitik baino. Partidan horren sartuta zaude, ez zarela gainontzekoaz ohartzen. Egoera txarra bada, egoerari nola buelta eman ari zara aztertzen, eta egoera ona bada, hala segi dezala nahi duzu besterik. 

Botilleroak kirol prestatzaile lana baino, alde psikologikoa du gehiago. 
Bai, eta horregatik uste dut Unai Lasok jotzen duela nigana Jon Mariezkurrenak ezin duenean. Jonek asko laguntzen dio eta oso ongi egiten du, baina egunerokoan nirekin dago prestatzaile fisiko gisa eta arlo psikologikoa asko landu izan dugun gauza bat izan da. Horrek fisikoki eragin positiboa izan duela. 

Sare sozialetan egiten dituzuen entrenamenduen bideoak igotzen dituzue tarteka, eta entrenamendu oso gogorrak dirudite. Zenbat entrenatzen dute Unai Lasok eta gainontzeko pilotariek?
Pilotarien taldean zazpi dira guztira. Profesionala soilik Unai da; gainontzekoak afizionatuak dira. Astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan entrenatzen dugu, ordu eta erdi inguru. Entrenamendu indartsuak dira, planifikazio jakin batekin, txapelketa edo dataren arabera gogorragoak edo suabeagoak. Gogor entrenatzen dute, eta gustatzen zaie. Euren artean oso giro ona dute. Batzuetan pikatu egiten dira: ea nork mugituko duen kilo gehiago, nor izango azkarragoa... ongi pasatzen dugu. 

Entrenamendu oso espezifikoak izango dira, indibidualak. 
Zazpi pertsonarekin lan egiteak indibidualizatzeko aukera ematen du. Unaik exijentzia handiko partida jakin batzuk ditu, eta afizionatuek ere partida gogorrak dituzte, baina bakoitzak bere txapelketa propioak jokatzen ditu. Hori da profesionalekin duten alderik handiena. Profesionalek gutxi gora behera partida igualtsuak jokatzen dituzte, baina afizionatuetan ez da horrela. Pilotari bakoitzaren beharretara eta pilotari bakoitzak prestakuntza fisikoan duen esperientziara moldatu beharra duzu. Zenbat urte eta gehiago entrenatu, entrenamenduak are gogorragoak izan beharko dira. 

Unai Laso entrenatzen duzunetik jende gehiagok jotzen du zurera?
Jende askok galdetu egiten du. Entrenamenduak Ororbian egiten ditugula esaten diegunean, askok diote Ororbian gimnasioa ote zegoenik ez zekitela ere. Ororbian jasotzen dugun tratua eskertzen dugu: oso gustura gaude. Eta haiek jendea bertara eraman izana eskertzen dute. 

"Unai Lasok bere prestakuntza fisikoa egiteko gertutasun hori behar du"

Zure lanak zer du ona?
Gauza asko. Tartean, mundu ezberdin bat ezagutu dut, pilota profesionalarena. Barrutik ikusita gauzak oso ezberdinak dira; barruan dagoen tentsio hori nabaritzen duzu, baina hain ezagunak diren izar handi horien alde pertsonala ezagutzea niretako oso polita izan da. 

Oso jatorrak dira, umilak.
Nik uste dut hori kirolarekin berarekin, esku pilotarekin, lotutako zerbait dela. Pilotariak partida baino lehen elkarrekin aldatzen dira, takoak elkarrekin jartzen dituzte, elkarrekin hitz egiten egoten dira. Partida hasi baino lehenago beste tentsio puntu bat sumatzen da, eta bakoitza bere prestatzaile, botillero edo konfiantzazko jendearekin egoten da. Baina ordura arte, eta baita partida bukatu eta gero, pasatu dena pasatuta, elkarrekin dutxatzen dira, takoak kendu... Pilota oso kirol sanoa da, eta horregatik ea kontserbatzen dugun. 

Eta zure lanaren alderik okerrena?
Ez nuke esango gauza txarrak direnik. Horren positiboak ez diren aldeak badaude, bidean zailtasunak izaten dituzu, baina horiek ere beharrezkoak ikusten ditut. Adibidez, Unairekin oraindik ez zaigu beheraldi garrantzitsu bat izatea tokatu, krisi garrantzitsua. Zenbait beheraldi psikologiko izan ditu, eta bera horrela dagoenean zuk ere egoera hori etxera eramaten duzu. Ohera sartu, eta egoera horri nola buelta eman pentsatzen aritzen zara. Zailtasunak dira, baina gure lanbidean beharrezkoak. 

Unai eta biok lagunak zaretela agerikoa da. Zure lanean zure bezero guztiekin konplizitate hori, inplikazio hori izatea ezinbestekoa al da?
Unairekin izan dudan inplikazioa oso handia da nire aldetik, baina ez dut uste kirolari edo bezero guztiekin hala izatea beharrezkoa izan behar duenik. Unaik bere prestakuntza fisikoa aurrera eramateko gertutasun hori behar du, ez soilik nirekin, entrenamendu talde guztiarekin baizik. Bere familiarekin, lagunekin, ezagunekin… oso gertukoa da, edozeinekin lagun ona da. Gure harremana horrela izan da, ongi ateratzen ari zaigu eta horrela segi dezala, baina beste kirolari batzuekin harremana ezberdina da, profesionalagoa eta teknikoagoa. Askok ez dute alde psikologiko horren horrenbesterako beharrik. 

Gustatuko litzaizuke futbolari, tenis jokalari, edo bestelako izar handien prestatzailea izatea?
Erronka gisa, bai. Futbola oso gustuko dut. Errealeko bazkidea naiz. Futboleko prestakuntza nola izango litzatekeen ezagutzeko jakin min hori badut. Proiektu txiki bat dugu buruan, ea ongi ateratzen den. Futbolak erakartzen nau, nahiz eta kirol ezberdina izan. Giroa ere oso ezberdina da. Alde horretatik pilota politagoa da, baina futbolak behar dituen eskakizun fisikoak gustuko ditut: entrenatzeko modua, futbolerako prestakuntza fisikoa… Hori ere iritsiko dela uste dut. Dena den, momentuz pilotan oso gustura nago eta ez dut utzi nahi. 

"Ziordiarrak Lasoren jarraitzaile sutsuenetakoak direla esango nuke"

BINAKAKOA
Binakako Txapelketan nola ikusten duzu Unai Laso? 
Ongi ikusten dut, batez ere jarrera aldetik. Eta baita joko aldetik ere. Hain luzea den txapelketa batean gorabeherak izaten dira, baina nik uste partida guztietan eman duen maila nahiko egonkorra dela, maila ona. Aurrelari onenetakoen artean sartzen ari da. Atzera ere profesionaletan hasi zenetik ez da urte bat pasa, baina ordutik paliza handia hartzen ari da. Partida asko jokatu ditu, exijentzia handikoak, mentalki asko eskatzen dutenak, Binakakoa mentalki ongi eramaten ari da, beste lasaitasun batekin, txapelketa luzea delako. 

Sailkapeneko lehen bi postuetan nor sailkatuko diren esatera ausartuko zinateke? 
Nire ustez Elezkano eta Zabaleta dira lehen bi postuetan sailkatzeko faborito nagusiak, eta beste bikoa Laso eta Imaz izatea nahiko nuke. Haiek izateko konfiantza dut. 

Oso estu dago txapelketa. 
Oso txapelketa polita izaten ari da. Goiko postuetan ere ez dago alderik, eta emozio horrek pilotari asko ematen dio. 

Ziordiar askok jarraitzen dute Unai Laso. 
Bai, bere garaian harreman ona egin zuten. Jende oso alaia da, oso jatorrak, eta beraiekin egotean gustura sentitzen zara, giro onean. Unaik haiekin denbora konpartitu nahi izatea normala iruditzen zait. Bere jarraitzaile sutsuenetakoak direla esango nuke, eta horrek badu meritua, azkenean denbora delako, dirua, bidaiak... Unaik ere hori eskertzen du. 

"Futboleko prestakuntza nola izango litzatekeen ezagutzeko jakin mina badut"


SAKANDARRAK NOLA IKUSTEN DITUZU?
Jose Javier Zabaleta
Josek jaiotzetik du gaitasun hori, pilotan erraz eta gainera elegante jokatzeko. Kantxan duen jarrera ere asko hobetu da. Erakusten ari den jokoa nik uste ez dela orain arte ikusi, edo nik behintzat, ditudan urteekin ez dut ikusi. Zaila izango da holako zer edo zer ikustea. 

Julen Martija
Martija lagun mina dut. Txikitatik oso lagunak izan gara eta harremana mantentzen dugu. Oso gaztea da, Unaien adinekoa. Beheraldi txiki bat izan du, lesioek eta eskutako minek ez diotelako lagundu, baina orain ongi ikusten dut, zentratuago, lasaiago. Joko gehiagorekin ikusten zaio, goi mailan egoteko beharrezkoa den joko puntu horrekin. Onena opa diot. 

Joseba Ezkurdia
Ezkurdia pilotari oso ona da, niri pilotarietatik konpletoenetakoa iruditzen zait. Oso polita ikusteko, joko aldetik espektakulua ematen duen pilotari horietakoa da. Binakakoan ez du txapelketako atzelaririk onena, baina hala ere bere jarrera oso ona izaten ari da, partida asko borrokatu egin ditu. Ez ditu puntu asko, baina nik joko aldetik oso ongi ikusten dut. Ezkurdia txapelen borrokan, batez ere banakako txapelen borrokan, beti kontuan izateko pilotaria da. 

Joanes Bakaikoa
Joanes oso ongi ikusten dut. Harritu egin nau lesio baten bueltatik nola bueltatu den fisikoki eta batez ere joko aldetik, horren ongi. Joko aldetik pauso bat aurrera eman du, aurrelari gisa batez ere. Oso buruz buruko jokalaria izan da, baina Promozioko Binakakoan egiten ari den aurrelari paper hori asko gustatzen ari zait. Segi dezala horrela. Pauso bat aurrera eman du, eta oraindik ere beste bat aurrera emateko gai dela uste dut.