Egitasmoz betetako aurrekontua

Guaixe 2022ko mar. 17a, 13:30

Irurtzun haurrak eskolatik atera berri Amaia eta Lizarra kalean. ARTXIBOA

Musika eskola eta auditorio berria egiteko proiektuaren erredakzioa, herri baratzak sortzea, irurtzundarren parte hartzearekin eginen den mugikortasun plana, kiroldegian hirugarren instalakuntza fotovoltaikoa jartzea eta, gutxienez, 28 langileren kontratazioa aurreikusten dira aurten udal aurrekontuetan.

Zerbitzuak mantendu, horiek emateko zuzeneko kontratazioari eutsi eta herriaren azpiegiturak hobetzeko asmoz onartu zituen aurrekontuak Irurtzungo Udalak otsailaren 22an, EH Bilduren aldeko botoekin eta UPNren abstentzioarekin. Urte batetik bestera 920.000 euro inguru hazi da Irurtzungo Udalaren aurrekontua: 2.910.000 eurokoa da. Aitor Larraza Carrera alkateak azaldu duenez, bi arrazoi daude aurrekontua hazteko. Batetik, Nafarroako Gobernuak udalen eta kontzejuen finantzazioa hobetu duela. “EH Bilduk Nafarroako Gobernuari eusten dioten taldeekin egindako lanketa baten ondorioa da hori”. 

Bestetik, saihesbidearen, Intxorreta eta Lizarra kaleen artean eginen den 10.689,2 m2-ko urbanizazioa dago, 750.280 euroko aurrekontua duena. Alkateak azaldu duenez, bi fasetan eginen da urbanizazioa. Hasteko 30 partzela (pribatuak eta udalarenak) eta ondoren beste bederatzi (pribatuak). “Orain jabetza eskriturak jasotzen ari gara, birpartzelatzeko proiektua eta obrarena egin behar dira. Ez da obra zaila eta urte bukaerarako behintzat lanak martxan nahi genituzke”. 

Kontratazioak 
Udalak dagoeneko kale garbiketak egiteko bi pertsona kontratatu ditu, “eta aurten lau edo bost hartuko ditugu”. Zerbitzu anitzetako udal lantaldean aritzeko lauzpabost langile kontratatuko ditu udalak. Igerileku sasoian hura mantentzeaz eta sorospen lanak egiteaz arduratzeko zortzi langile kontratatuko ditu. Gaztetxokoan bi teknikari ari dira dagoeneko. Bestetik, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen bidez Iturraskarri proiekturako sei pertsona hartuko dituzte. Erakunde berarekin elkarlanean Babestutako Gizarte Enplegua programaren baitan bi langile ariko dira udalarendako. Azken bi kasuetan “apika, kontratatutakoak langile gehiago” izanen direla gaztigatu du udalak, diru partida handiagoa baita. 

Egitasmoak 
Egungo udal azpiegiturak hobetu eta haien irisgarritasuna hobetzeko, Irurtzungo Udalak musika eskola eta auditorio berria eraiki nahi ditu liburutegi ondoan. Izan ere, kultur mugimendu bizia duen herrian egungo kultur etxea txiki gelditzen zaie irurtzundarrei. “Eraikin bera liburutegiarekin sinbiosia egin eta dena bateratzea, jarraipena izatea litzateke asmoa. Apirilean kultura kontseilariarekin bilera dugu lanak finantzatzeko aukerak aztertzeko. Irisgarritasunaren kontura landu nahi dugu gaia”, azaldu du alkateak. Larraun kalean kokatuko litzatekeen kultura azpiegituraren proiektua idazteko 45.000 euro daude aurtengo aurrekontuan. 

Udalak finantziazioa lortuz gero lanak heldu den urtean eginen lituzke. Auditorioak 200 pertsonarendako espazioa luke. “Multifuntzionala eta zentzuzkoa den zerbait egin nahi dugu, gaur egungo jarduerei erantzuna emanen diena”, argitu du Larrazak. Eraikin berria jasoko balitz, gaur egungo kultur etxeko auditorioa emanaldi txikitarako, erakusketetarako “garai batean izan zuen erabilerarako” utziko luketela aurreratu du alkateak. “Musika eskola hustuko balitz, hainbat ideia daude, baina landu gabe ditugu”. 

Martxan diren saihesbideko lanak irurtzundarren mugikortasuna aldatuko dute. “Lizarra kalea herriarena izatera pasako da”, zehaztu du Larrazak. Gaineratu duenez, “herritarrekin batera mugikortasun plan bat egin nahi dugu. Eztabaidatu daitekeen proposamen bat garagartzarorako egin nahi genuke, uda ondoren parte hartze prozesua abiatu handik aurreproiektu bat ateratzeko. Ideia da prozesu hori herri kontsulta batekin bukatzea. Hura egiteko erabakia urte hasieran hartu edo hurrengo udalak hartuko luke”. Herri mugikortasun plana egiteko 16.000 euro daude aurrekontuetan. 

Aldi berean, interes handieneko herri guneak integratzeko erredakziorako 15.500 euro jaso dira. Alkateak argitu duenez, “hainbat udalek Nasuvinsa enpresarekin hitzarmena sinatu dugu eta laguntza eta aholkularitza emanen digu eraikinen zaharberritzearen arloan. Horrek dirulaguntza eta tramitazioak egiteko erraztasunak emanen ditu. Dagoeneko irurtzundar batzuekin bilera egin dugu, eta beste bat egitekotan gara”.

Bestalde, alkateak jakinarazi du Barazkigunen 2015az geroztik dagoen karpa hilaren 21ean kenduko dutela. “Egun horretan edo 28an hasiko dira estalpea jartzeko lanak. Horiek San Martin kaleari eta handik Pikuplazara jaisten den pasabideari eraginen diote. Lanak festetarako despedituko dituzte”, jakinarazi du alkateak. Lan horiek 276.500 euroko aurrekontua dute, udalaren diruzaintzako gerakinarekin finantzatuko dira.  

Dirulaguntzen zain 
Europako Next Generation dirulaguntzen barruan Dus 5000 programa dago. Haren bidez erronka demografikoa duten udalerrietan energia garbiko tokiko proiektu berezietarako inbertsioak egiteko laguntzak emanen dira. Irurtzungo Udalak kiroldegian hirugarren instalakuntza fotovoltaikoa jarri nahiko luke. “Handik sortutako 130 kV ez lirateke udalarendako, irurtzundarrendako baizik. Ordenantza bidez arautuko genuke zeinek eskuratu lezakeen argindar hori, baina zati bat energia pobrezia duten etxeetarako litzateke eta beste bat parte hartzen interesa duten irurtzundarren artean banatuko litzateke”, azaldu du Larrazak. Proiektua 130.000 euroko aurrekontua du eta urte bukaeran esleituko dute. 

Bestetik, eskolako igogailua hobetzeko Hezkuntza Departamentuari laguntza eskaera egin dio udalak. 30.000 euro inguruko (BEZ barne) aurrekontua du lanak, eta finantzazioa lortuz gero udan eginen lirateke lanak. 

Baratzak
Behitiko erreka kaletik igerilekura daraman porlanezko pasabidearen ezkerretan herri baratzak prestatuko ditu udalak. Herri baratzeekin hiru asmo bete nahi dituzte: “batetik, gustatuko litzaiguke Arakilgo Udalaren bertako hazien proiektuarekin bat txertatzea. Bestetik, auzokonpostagailuen bidez sortutako konpostari erabilera emateko. Eta, azkenik, legez igerilekuetatik egunero askatu behar den ura ureztatzeko erabiltzeko”, azaldu du Larrazak. 

Berriozarren hamar urteko eskarmentua dute halako baratzeekin eta haien esperientzian oinarritu nahi du udalak. “Ordenantza bat lantzeko heldu den astean bilera dugu, egutegia ere zehaztuko dugu. Hala ere, erabiltzaileen artean belaunaldi desberdinetakoak egotea, familian zailtasunak dituztenak eta beste izanen dira kontuan”, aurreratu du alkateak. “Baina baratzak egin aurretik proiektua herritartu nahi dugu, jendearekin ongi landu eta interesaren arabera erabakiko dugu. Hura ez baita izanen asteburuko txiringitoa izateko tokia. Lurra landu beharko da. Jendeak entzun dezala eta erantzunaren arabera prestakuntza ere emanen litzateke”, zehaztu du Larrazak. 3.700 metro karratuko eremua da horretara egokituko dena 35.000 eurorekin. 90 eta 100 metro karratu arteko 37 baratze sortuko dira. 

Kulturartekotasuna 
Alkateak azaldu duenez, “irurtzundarrek badakite herrian kultur aniztasuna dagoela. Baina egiten ari diren diagnosiaren bidez aniztasun hori nola bizi dugun, aniztasun horretaz zer pertzepzio ditugun jakin nahi dugu. Pertzepzio bat izan dezakegu eta errealitatea askoz konplexuagoa da. Diagnosiaren emaitzak kontuak izanda ekintzak eginen dira”. Horiek gauzatzeko aurrekontuetan  5.500 euro daude. 

Beste inbertsio batzuk

  • Kultur Kontseilua 55.000 euro.
  • Kirol eta kultur erakundeendako dirulaguntzak 32.000 euro.
  • Hilerrian hobekuntzak 20.000 euro.
  • Iturtxoko jolas parkean hobekuntzak 20.000 euro.
  • Inasari buruzko liburu eta dokumentala 16.000 euro.
  • Atakondoa eskolan hobekuntzak 15.000 euro.
  • Tokiko merkataritzan erosketak sustatzeko bono kanpainarako 15.000 euro.
  • Garapen herrialdeetan garatzeko proiektuetarako 10.973 euro.
  • Gizarte larrialdiko laguntzak 7.500 euro. 
Erlazionatuak