Irurtzundarren etxebizitza premia ezagutzeko udalak inkesta zabaldu zuen herritarren artean joan den neguan. Aitor Larraza Carrera alkateak azaldu duenez, etxebizitzaren inguruko bi eskaera mota daude Irurtzunen: “familia bakarreko etxebizitza baten bila dabiltzan familia helduak eta etxebizitza bat eskuratu nahi dutenak”. Aurreneko eskaerari epe ertain eta luzean erantzuna emateko, Irurtzunen urbanizatutako lurrik ez dagoenez, Irurtzungo Udalak hirigintza araudian aldaketa egin du. Horrek 10.689,2 m2 urbanizatzea ekarriko du.
Larrazak azaldu duenez, “herrian egin zen azken promozioa duela 20 urtekoa da. Jendea beste aukera batzuk begiratzen ari da, eta udalera partzelez galdezka heldu da. Eta pandemiarekin gehiago. Jendea ondoko herrietara begira jarri da. Aukera gehiago dute lur sail bat edo etxe bat eskuratzeko. Irurtzunen jendea finkatzeko, urbanizazioa egitea erabaki dugu”.
Alkateak azaldu duenez, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean asteartean argitaratu ondoren, urbanizazioa hartuko duen lurjabe guztiekin (udala ere bada) harremanetan jarriko da udala, beharrezko administrazio bidea egiteko. “Horretan urte erdia emanen dugu. Gauzak ongi lastailerako urbanizazio lanak emanda egonen lirateke eta lanak urte akaberarako hasiko lirateke”. Lanek 756.000 euroko aurrekontua dute. Ordurako saihesbideko lanak despedituta leudeke.
Urbanizazioa
Lur eremu hori egiten hasi berri diren saihesbidearen, Intxaurreta kalearen eta Lizarra kaleko 20 eta 24 zenbakien arteko espazioa da. Udalak aurreikusitakoaren arabera, familia bakarreko etxebizitza (isolatua, binakatua edo atxikia) gutxienez 200 m2-ko lur sail batean egon beharko du eta, gainera, partzelaren aurrealdetik espazio publikora gutxienez 5 m-ko luzera izan behar du. Lur sail horren barruan etxebizitzak, gutxienez, 120 m2-ko azalera izan beharko du. Eraikinek beheko solairua eta altuera bat izanen dute.
Aurreikusitakoaren arabera guztira 39 familia bakarreko etxebizitza eraikiko lirateke: 12 Lizarra kalean, 10 saihesbide parean eta gainontzeko 17ak lur sailaren barruan. Udalak zehaztutakoaren arabera eraikinek antzeko itxura izan beharko dute diseinu eta materialen aldetik. Bestalde, Lizarra eta Intxaurreta kaleak lotuko duen kale berri bat eginen da.
Hizketan
Irurtzundarren pisuen eskaerari erantzuna emateko, Irurtzungo Udala Nafarroako Gobernuarekin hizketan ari da. Trinitate kalean bidezainenak ziren dozena bat etxebizitza daude, eta haiek alokairuko merkatura ateratzea litzateke helburua. Alkateak aurreratu duenez, “gizarte alokairukoak lirateke. Nasuvinsak zaharberritu eta kudeatuko lituzke”. Larrazak gaineratu duenez, “gaia motel doa”, eta horren arrazoia eman du: “Nasuvinsa gizarte alokairurako Nafarroa guztiko premiak aztertzen eta lehentasunak identifikatzen ari da. Hori egin ondoren jarriko dira gurekin harremanetan”. Aipatutako pisuen parean dagoen bidezainen partzela Irurtzungo Udalak eskuratzeko prozesua ere motel doala gaineratu du alkateak.