Blanca Ilundain Etxeberria

"Natura denon artean zaindu behar dugu"

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko api. 19a, 14:18

Blanca Ilundain Etxeberria irurtzundarrari zaindari deitzea "gehiegi" iruditzen zaio, baina horrela deitu diete Plazaolako Bide Berdea zaintzeaz arduratzen diren pertsonei.

Bidea mustu zutenetik bertatik paseatzen dute ia egunero.

1. Plazaolako zaindaria zara. Zer esan nahi du horrek?
Kategoria hori gehiegi esatea da. Jubilatu ginenetik ia egunero ibiltzera joaten gara senarra eta biok. 2019. urtean Plazaolako bidea ireki zuten, eta oso irtenbide ona izan zen Irurtzungoentzat batez ere Covid-agatik perimetro itxieragatik; ibiltzeko aukera ematen du. Ia egunero ibiltzen ginenez Lekunberriko turismo bulegoko zuzendariak ikusten gintuen eta esan zigun ea zaindari izan nahi genuen. Baietz esan genuen, baina zaindari hitza... gehiegi esatea da. Gertakariak, inzidentziak eta abar jakinarazi behar ditugu. Hori egiten dugu, besterik ez. Baita jendea Plazaolara joateko animatu ere.

2. Beraz, bidea nola dagoen kontrolatu behar duzue?
Kontrolatu hitz itsusia da. Ikusi behar dugu dena ongi dagoen, besterik gabe paisaia eta bidea bera begiratzen joan. Baina ez kontrol oso sutsua. Forman mantetzeko paseatzera joaten garenean, eta bidetik jende asko pasatzen denez, txirrindulariak, txakurrak eta abar, zerbait lekuz kanpo baldin badago abisatu behar dugu: toki bat oso zapalduta, adar bat gehiegi ateratzen dela... Horrelako gauzak komunikatzen ditugu. Horretarako aplikazio bat sortu dute.

3. Zertan datza aplikazio hori?
Oraindik probetan dago. Trail Gazers BID deitzen da eta Nasubinsak, Nafarroako Turismo bulegoak eta Lekunberriko turismoak landu dute. Geolokalizatzaile bat da. Erabiltzeko oso erraza da.

4. Ikastaro bat egin zenuten, ezta?
Latasan. App horretan agertzen da zein gertakari den, arrisku txikia, ertaina edo handia duen eta hiru argazki atera daitezke. Bertan geolokalizatuta gelditzen da eta zuzenean haiek ikus dezakete. Han bertan praktika bat egin genuen.

5. Erabili duzue?
Nik pertsonalki ez dut ezer sartu. Badago Lekunberrin bikote bat dagoeneko frogak egin dituena. Momentuz aplikazioa proba egoeran dago.

6. Eta inzidentziarik jaso dituzue?
Egunkarian zaindariak ginela irakurri zutenez, jendeak esaten digu tarte batean agian behategi bat jarri behar dela edo beste batean hesitxoren bat jarri behar dela. Eta egia da, askotan pentsatu dugu guk ere; basotik zoaz eta bat-batean bukatzen da, bi aizpak bukatzen dira eta paisaia erabat aldatzen da. Hor behategitxo bat jar daiteke. Baina hori ez da inzidentzia; proposamen bat da. Bidea oraindik ez da guztiz trinkotu eta bazegoen zuhaitzen baten sustrairen bat asko ateratzen zena, eta txirrindularientzako oztopo bat da.

7. Ez du lan handirik suposatzen.
Inongo lanik. Ez dugu pentsatzen zer egongo den, zer aurkituko dugun edo gaizki egongo denik ere. Bide oso transitatuak dira, eta pixka bat kexka hori izan behar dugu. Denon artean zaindu behar dugu, ez da bakarrik pertsona batek edo bik egin behar duten lana. Natura guztiona da, eta ditugun bideak eta baliabideak eta abar denok zaindu behar ditugu, mantendu dauden bezala edo, posible bada, hobetu.

8. Bidean zabor asko aurkitzen duzue?
Tarte horretan hiru udalek dute ardura: Irurtzun, Arakil eta Imotz, eta zabor handiren bat ikusten badugu bertako udalari jakinarazten diogu. Leku batzuetan errepidea goian dagoenez, latak botatzen dituzte, gasoil latak eta abar. Udalek ere belarra kentzen dute...

9. Bestela, zer moduz dago bidea?
Oso ongi dago. Merezi du. Irurtzundik Sarasaino dagoen bidea okerregoa dela uste dugu, Irurtzundik Latasaino baino. Enpresa desberdinek egin dute eta zorua trinkoagoa da Latasako bidean. Ibaiak sarraskiak egin zituen eta oraindik konpondu behar dute, baina bestela bidea oso ongi dgo. Jende asko pasatzen da. Zubi berri bat egin zuten ere eta horrek ematen du aukera Irurtzungo arrantzaleen bidearekin bat egiteko, ibaiaren ertzean joaten den, aizpa baten magaletik joaten den bide ederra. Plazaolako guztiak merezi du, baina nik gehiago Irurtzun-Latasa ezagutzen dut.

10. Bost kilometroak egiten dituzue?
Bost eta bost, hamar. Jubilatuak gaude eta Latasan gelditzeko aukera dugu. Pintxo bat, eta buelta.

11. Mustu aurretik, nondik paseatzen zenuten?
Mustu aurretik ez geunden jubilatuta. Momentu egokienean izan zen. Badaude bide oso politak hemendik joaten ere: bi ibaiak, Arakil eta Larraun, zeharkatu; Etxarrendik eta Itsasperritik pasa...