Bigarren eskuko arropa jasotzen hasiko dira

Guaixe 2022ko urr. 27a, 09:03

Jendea arropa begiratzen bigarren eskuko azokan. ITZIAR MATXAIN

Irurtzungo hilabeteko lehen azoka egunean eginen dute arropa bilketa, Arakilgo Udalaren arkupean.

Itxipuru taldeak eta Sakanako Mankomunitatearen kulturartekotasun zerbitzuak, Anitzartean-ek, arropa bilketa antolatu dute Irurtzungo eta Arakilgo udalen laguntzarekin. Hilean behin, azoka egunean, 11:00etatik 13:00etara, jasoko dute jendeak eramandako arropa, beti ere, egoera onean badago. Begoña Zestau Baraibar teknikariak esan duenez, "jasotako arropa hurrengo egunean Elkarri Laguntzak Errotxapean duen egoitzara eramango da". Zestauk azaldu duenez, "elkarte hori 2008ko krisiak ekarritako etxe gabetzeen ondorioz sortu zen, eta egoera latz horretatik ateratako 49 boluntarioek kudeatzen dute. Elkartasuna praktikatuz, indargune kolektiboak baliatu nahi dituzte, banako ahuleziei aurre egiteko". 

Elkarri Laguntza elkarteak "pobrezia eta bazterkerien aurrean gizartea sentsibilizatu nahi du, ezertxo ere ez dutenen beldurra, estutasun eta jakineza ikustarazteko". Gaineratu duenez, "familia eta pertsonen gizarteratzea eta ahalduntzea lantzen dute ere. Horretarako, jendea bakarrik senti ez dadin eta haien bizi proiektuen alde borroka dezaten ahalegintzen dira, pertsonek bizi dituzten bazterkeria egoerei nolabaiteko irtenbideak ematen", azaldu du Zestauk. Horrekin batera, "kalitatezko politika publikoak aldarrikatu eta bultzatu nahi ditu elkarteak". 

Helburu horiek lortzeko elkarteak jakiak, barazkiak eta frutak banatzen ditu Errotxapean alokaturik duten zentroan. Aldi berean, familia guraso bakarrei arreta eta informazioa eskaintzen diete, esaterako: oinarrizko errenta, alokairua, erroldatzea, osasungintza, erregularizazioa, atzerritartasun kontuetan aholkularitza. Bestetik, migratutako gazteendako arreta zerbitzua du, eta haren baitan daude prestakuntza, kirol jarduera, hizkuntza trebakuntza, lan bilaketa eta beste. Premia dutenei ere arropa edota joko eta jostailuak banatzen dizkiete. 

Elkartearen jardunaren eta Irurtzungo arropa bilketaren berri emateko elkarteko kideek hitzaldia emanen dute bihar, 19:00etan, Pikuxar elkartean. Horrekin batera, izen bereko tabernan Logela bat ez da bizileku bat argazki erakusketa mustuko da heldu den ostiralean eta aste batez ikusgai izanen da. 

Erlazionatuak

Anitzartean zerbitzuko azken berriak

Beleixe Irratia 2022 urr 27 Sakana