Elkartasuna praktikan jartzeko deia

Guaixe 2022ko aza. 29a, 10:01

Irurtzundarrak elkartekidearen azalpenak entzuten. ANITZARTEAN

Egoera onean dagoen eta erabiltzen ez den arropa jaso eta Iruñerriko Elkarri Laguntza elkarteari emateko bilketak hasi dituzte. Lastailaren 28an aurkeztu zuten elkartea hitzaldi bidez eta lastailaren 31n estreinakoz plazan jarri ziren. Hilabeteko lehen azoka egunetan jasoko dute arropa.

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak eta Itxipuru taldeak Elkarri Laguntza elkartearen aurkezpena antolatu zuten. Pikuxar euskal txokoa elkartean 17 pertsonak entzun zituzten elkarteko kide baten azalpenak. Elkartearen sorreraren nondik-norakoak azaldu zituen, zer egiten duten, Pikuxarren ikusgai egon den argazki erakusketaren nondik norakoa eta beste. Iruñerrian bizitzen ari den errealitate gordinaren berri ematearekin batera sakandarrei esker ona adierazi zien Elkarri Laguntza elkarteak ibarretik asko jaso dutelako. Eta hala segitzeko eskatu zien hitzaldian zeudenei. 

Bestalde, hilabeteko lehen azoka egunean, plazan bertan elkartearen aldeko arropa bilketa eginen dela gogorarazi zuen. Arropa eman nahi dutenek 11:00etatik 13:00etara eman dezakete arropa Arakilgo udaletxearen azpiko arkupean. Aurreneko bilketa eguna astelehenean egin zen. Jende askok jai egunekin zubia hartu zuenez, inork ez zuen arroparik eraman. Hala ere, jendea galdetzera hurbildu zen. Eta bakarren batek ordutegitik kanpo arropa ematekotan gelditu zen. Bakarren batek ekimenean lagundu eta ekarpenen bat egin nahi badu 648 070 710 edo 620 254 230 telefono zenbakietara hots egin dezake. 

Erlazionatuak