Irailaren 30ean aurkeztu zuten kultur etxean. Irurtzungo Udaleko zinegotzi Ana Balda San Juanek aitortu duenez, jendea diagnosiaz ahaztuta egonen zela pentsatzen zuten, ″baina herriko jende pila bat agertu zen aurkezpenera. Diagnosiak benetan interesa sortu du″. Izan ere, diagnostikoa egiteak luze jo du, urtea. Joan den urteko maiatzean sortu zen diagnosiaren talde motorra. Ondoren etorri ziren inkestak, talde dinamikak, datuak jaso, idatzi… irailean aurkezpena egin den arte. Irurtzungo Udaleko zinegotzi Ana Balda San Juanek prozesu osoan parte hartu du.
Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak eta Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek bazekiten kulturarteko elkarbizitzari buruzko ikerketak egiten ari zirela Nafarroako beste herrietan edota Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuan. ″Irurtzunen orain jatorriz kanpokoak diren familia asko daude″ eta horren jakitun, bi erakundeek Irurtzungo Udalari halako diagnosi bat egitea proposatu zioten, ″herrian orain nola bizi garen jakiteko oso interesgarria izanen zelako, irurtzundarren artean zer harreman klase dauden jakiteko″, azaldu du Baldak.
Diagnosiaz
Nafarroako Gobernuaren Migrazio Politiketako Departamentuaren dirulaguntza (14.000 euro; udalak 3.000 euro jarri zituen itzultzailea kontratatzeko) eskuratu zuten udalak, zerbitzuak eta oinarrizko gizarte zerbitzuen mankomunitateak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia eta Gizarte Laneko Saila herrialdeko hainbat herritan halako diagnosiak egin izan ditu. ″Eskarmentu handia dutelako eta Altsasuko institutuan beste diagnosi bat egiten ari zirelako″, hari eskaini zioten lana egitea.
Diagnosia ezagututa, Baldaren iritziz, ″gutxi gorabehera, jendea ongi bizi da herrian. Baina bakoitza bere ingurukoekin elkartzen da. Hau da, jatorriz kanpotarrak direnak beraien artean egoten dira, hemen jaio garenok, gure artean″. Zerk harritu zuen azaldu du Baldak: ″jendea Irurtzunera iristen denean, orokorrean, lehenengo urtean oso oso pozik dago. 5 urte daramatzatenak hemen esaten dute gure herria ez dutela hain gustuko. Eta behar dira 10 urte egotea Irurtzunen berriro oso pozik daudela esateko″. Gaineratu duenez, ″ez du ematen gatazkarik dagoenik, baina elkarbizitzarena zenbait puntutan ez da ematen″. Horregatik, zinegotziak uste duenez, ″gure erronka da elkarbizitza sortzeko tresnak edo aukerak izatea, indarrak horretan jartzea. Baina ondorio gehiago daude, oso luzea baita diagnosia″.
Diagnosia ″lehen pausotzat″ dute. Baldak jakinarazi duenez, ″udalak beste aurrekontu bat du hemendik aurrerako egitekoendako″. Kulturarteko elkarbizitza sustatzeko ahuleziak ikusi diren puntuetan eragin nahi dute etorkizunean, beti ere, NUPko ikertzaileak aldamenean dituztela, ″udalarendako oso garrantzitsua baita hemen bizi garen guztiok gustura egotea, noiz etorri zaren kontuan izan gabe; aukerak ematea mundu guztiari herria zer den eta herriaz gozatzeko″. Hurrengo pausoak ere elkarlanean egingo dituzte. Talde motorrak jarraituko duela jakinarazi du Baldak. Han, teknikariez aparte, besteak beste, honakoak daude: Atakondoa eskola publikoa, hango guraso elkartea, osasun etxeko gizarte zerbitzua, San Martin jubilatu elkartea, antzerki tailerra, elkarteak, hainbat irurtzundar, berriki etorritako pertsona pare bat… ″Diagnosiak bide bat zabaldu du, ikusten ez genituen gauza batzuk azalarazi ditu. Horiek aldatzeko pausoak eman behar dira″.