Astekaria

Bikote baten etxean sartu

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko aza. 22a, 13:19

'Behi-jasa' antzezlanaren une bat. UTZITAKOA

'Behi-jasa' antzezlanak genero indarkeriaren gaia lantzen du, bikote baten etxeko intimitatearen bidez. Laura Penagos antzezlea 'Coral' da, laneko hirugarren pertsonaia bat. Azaroaren 26an Irurtzunen egonen dira.

Genero indarkeria eguneroko ogia da Behi-jasa antzezlanean aurkezten duten etxean. Fernando eta Margarita bikotearen istorioa kontatzen du. "Gaia bikote harreman batean gertatzen den indarkeria da", azaldu du Laura Penagos aktoreak. Penagos Coral da, "istorioan agertzen den hirugarren pertsonaia". Coral "egoera lehertzen bukatzeko agertuko da". Harreman bat, etxe batean. "Esango nuke Margarita etxealdi batean bizi dela, beti etxean dago, Fernando asko ateratzen da, baina Margarita etxean gelditzen da". Bortizkeria geruza asko daude, eta antzezlanean "poliki-poliki" azaleratzen joaten dira.

Penagos "pixka bat" urduri zegoen, azaroaren 19an, larunbata, mustu zutelako Behi-jasa Antsoainen. Azaroaren 23an, asteazkena, Nafarroako Antzerki Eskolan aurkeztuko dute lana, eta azaroaren 26an, larunbatean, 19:00etan, Irurtzungo kultur etxean aurkeztuko dute, Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak Azaroaren 25 Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunaren harira antolatu duen egitarauaren barruan. Antzezlanean, Laura Penagosekin batera Adriana Salvok Margaritaren papera egiten du eta Iñigo Aranbarrik, berriz, Fernandorena. Carlos Beren testua da, eta 2017an Espainiako Gobernuko Berdintasun Ministerioaren genero indarkeriaren aurkako zigilua lortu zuen. Iñigo Aranbarrik euskaratu du, Maria Suarez Ruiz de Zaratek zuzendu du lan kolektiboa eta Boga Boga konpainiak eszenaratu du.

"Testu konplexua da, metaforikoa eta sinbolismo askorekin; oso interesgarria ere"

Tratu txarren gaia poesiaren bidez eta antzerki absurdoaren ukituekin lantzen ditu testuak, "bai euskaraz bai gaztelaniaz testu oso konplexua da, oso metaforikoa eta sinbolismo asko ditu". Oso interesgarria dela esan du Penagosek, "oso ongi dago, oso gustura gaude".

Prozesua
"Egun batean Adriana Salvok proposatu zidan Coralen pertsonaia egiteko. Antzezlana irakurri nuen eta baietz esan nuen. Proiektua oso interesagarria iruditu zitzaidan hasieratik". "Berehala" hasi ziren lana irakurtzen eta Penagos bere pertsonaia nolakoa zen pentsatzen hasi zen: "Nor da Coral istorioan? Zer egiten du? Zertarako? Zer harreman dago Margaritaren eta Coralen artean? Nik uste bien artean lortu genuen gako handiena ahizpatasuna aurkitzea izan dela; oso garrantzitsua izan da. Jarrera ez da emakume hau nire etsaia da, baizik eta egoera konplexu eta bortitz horretan, ahizpatasuna eta enpatia handia aurkitu dute". Bi pertsonaien arteko egoera "elkar ulertzen" dutela azaldu du antzezleak. Helburua emakumeen arteko ahizpatasuna eta konplizitatea erakustea da, "baina aldi berean pertsonaiak oso gizatiarrak dira, oso konplexuak".

Coral boxeo azafata da eta "zoritxarrez" Fernando maite du. Oso pertsonaia "zaila" dela esan du Penagosek. "Amodioa motor oso potentea da berarendako, baina aldi berean Fernando ezkonduta dago, bere emaztea Margarita da, eta Coral haien etxera iritsiko da". Erriberriko Antzerki Jaialdian arte egonaldia egin zuten, eta bertan hasi zen Coral interpretatzeko prestatzen, "pertsonaiarekin planteamendua oso zabala izan zen. Pertsonaia interpretatzeko antzezleok gure bizitzako gauzak erabiltzen ditugu, eta nire erreferentziak eta harremanak erabili ditut Coral sortzeko". Baita erreferentzia emozionalak ere. "Pentsatu nuen zer harreman mota dudan gizonekin eta emakumeekin". Prozesua "oso aberatsa" izan dela esan du bakarrik pertsonaia sortzeko, "nire bizitzan nola bizi izan ditudan harremanak ikusteko ere balio izan dit". Barrurako bidaia handia egin behar izan dute.

"Nik uste dut emakume izatea gaur egun oso zaila dela". Pertsonaia sortzeko prozesu horretan konturatu da emakumeen egoera "oso konplexua" dela eta berarendako amodioak "esanahi oso handia" duela. "Maitatzeko forma asko daude eta lantaldean hausnarketa sakona egin dugu: Zer da amodioa? Zertarako? Nondik maitatzen dugu?". Edozein hizkuntzatan hori adieraztea eta azaltzea oso zaila da. Gai pribatuak eta intimoak ere azalarazten ditu Behi-jasa antzezlanak. "Gai soziala da, baina aldi berean oso intimoa. Behi-jasa-n hori islatzen da: bikote baten intimitatea. Normalean ikusten ez dena. Zer gertatzen da haien intimitatean, haien etxearen barruan, nola eta zergatik". Bederatzi hilabete. Prozesua oso luzea da.

Drama
"Zalantzarik gabe Behi-jasa antzezlanaren gaia oso potentea da. Genero indarkeriari buruzko lan bat da. Deserosoa eta hitz egiteko zaila. Zoritxarrez erreferentzia asko ditugu". Penagosen aurreko lanean, Atzerrian lurra garratz, bere esperientzia pertsonaletik abiatu zen emakume etorkin baten paperean sartzeko, eta Behi-jasa ere drama bat da.

Erlazionatuak