Astekaria

Zurrumurruen kontrako ipuin bilduma kaleratu dute

Guaixe 2023ko urt. 10a, 08:50

Saritutako idazleak liburuxken aurkezpenerako elkartu ziren Irurtzungo liburutegian.

Sakanako liburutegietan eta ikastetxeetan irakurgai egonen da Sakanako Mankomunitateak sustatutako lehiaketatik sortutako liburuxkak. 

Sakanako Mankomunitatearen Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak Zurrumurruen Kontrako Ipuin Laburren III. Lehiaketan saritutako lanak bi liburuxkatan argitaratu ditu. Batean euskarazko lanak daude, bestean gaztelaniazkoak. Aurtengo lan sarituez aparte, aurreko bi edizioetako batzuk ere jaso ditu argitalpenak. Argitaratzeko falta diren ipuinak aurtengo sarituekin batera ikusiko dute argia. Hala jakinarazi zuen Begoña Zestau Baraibar kulturartekotasun teknikariak liburuxkaren aurkezpenean. 

Zestauk azaldu duenez, zerbitzuak lau balio sustatzen ditu: berdintasuna, aniztasuna, errespetua eta diskriminazio eza. Zestauk esan duenez, ″narrazioekin bestelako eszena toki bat, desberdina, pentsatu, imajinatu, eskaini nahi da. Bestelako errealitate positiboagoak irudikatzea. Hau da,  aurreiritziz, estereotipoz eta zurrumurruez eta hitz egiteko modu horiez libre egonen dena. Izan ere, halakoek elkarbizitzari eta aipatu balioei eragin eta min egiten dute. Haiek gabe hobe bizi gaitezke″. Argitalpenak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza izan du. 

Erlazionatuak