Dagoeneko bosgarren edukiontzia erabilgarri dago

Guaixe 2023ko ots. 6a, 08:54

Aurrekoei beste edukiontzi bat batu zaie, marroia, materia organikoa jasotzeko.

Sakanako Mankomunitateak giltzaz itxitako 27 edukiontzi marroi jarri ditu Irurtzunen. Haiek erabiltzeko dagoeneko 226 etxebizitzek eman dute izena. Legearen arabera 2027rako materia organikoaren %70 bereizia jaso behar da, Irurtzunen gaur egun %38 bereizten da.

Etxeetan sortzen diren hondakinen %40 materia organikoa da. Irurtzunen frakzio hori kudeatzeko auto eta auzo-konpostaren aldeko apustua egin zuten. Baina eredu hori gehiago zabaldu ezin denez, eta legeak behartzen duenez materia organikoa gehiago bereiztera, Irurtzungo Udalak eta Sakanako Mankomunitateak 5. edukiontziaren aldeko apustua egin zuten. Edukiontzi marroiak Irurtzungo paisaiaren parte dira abendu akaberaz geroztik. 

Mank-eko Hondakin Zerbitzutik jakinarazi dutenez, 5. edukiontzian izena emateko epea abenduaren 20an zabaldu zutenetik 226 etxebizitzek eman dute izena. Guztiek 10 litroko ontzi aireztatuak, konpostatu daitezkeen poltsak eta edukiontzi marroiko giltzak jaso dituzte. Gainera, poltsa bukatzen zaizkienean Fruitis fruta dendan, Zure Ekodendan, Coviranen eta udaletxean poltsak doan eskuratzeko aukera dute. 

Legedia eta izen ematea
226 etxebizitza horiei auto edo auzo-konpstagailuen bidez materia organikoa bereizten zuten 204 etxebizitzak gehitu behar zaizkie. Gaur egun Irurtzunen materia organikoa bereizten duten etxebizitzak 430 dira, herriko etxebizitzen %39,5. Hala ere, Hondakin Zerbitzutik gaztigatu dutenez, “legean jasotakoa betetzeko etxebizitza gehiagok eman behar dute izena”. Izan ere, legediaren arabera 2020 urterako herritarrek sortutako materia organikoaren %50 bereizita jaso eta tratatu behar zen. 2027rako kopuru hori gutxienez %70 izan behar du. 

Horregatik, helburua lortzeko irurtzundarrei izena emateko eta hondakinak bereizteko dei egin diete. Zerbitzukoen iritziz, “konpostatzeko aukerei 5. edukiontzia gehitzeak legea betetzeko portzentai horretara heltzea erraztu beharko luke”. Izena eman nahi duenak 900 730 450 doako telefonora hots egin dezake. Bestela, otsaileko eta martxoko astearteetan, azoka egunetan, Mank-eko hezitzaileak plazan egonen dira eta haiengana joateko aukera dute irurtzundarrek. Herrian edukiontzi marroiak ikusi aurretik eman zuten izena gehienek, baina oraindik izena ematen segituko dutela espero dute Mank-ekoek. 

Hondakin Zerbitzuko langileak ilbeltzeko bigarren asteaz geroztik materia organikoa jasotzen ari da Irurtzunen. Orain arte astean 773 kilo hondakin organiko bildu dituzte. Horrek ekarri du edukiontzi berdekoa, errefusa, %10 murriztea.