Pintura unetxoak

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko mar. 6a, 11:55

Irurtzungo pintura taldeko lau kide kultur etxeko tailerrean.

Irurtzungo pintura taldeak 'Emakumea 8 eratan' erakusketa mustuko du martxoaren 6an herriko bi tabernatan. Tailerrak hogei urte baino gehiago ditu eta, zaletasuna lagun, pintura talde bat baino gehiago bihurtu da margolariendako.

Irurtzungo pintura tailerreko klaseak astelehenetan, 16:00etatik 19:00etara, dira. Gerta liteke egunen batean etxetik ateratzeko gogorik ez izatea, "baina etortzen naizenean eta pintura eta aguarrasa usaintzen hasten naizenean, neke guztia joaten zait". Margotzen hasten dira eta "orduak eta orduak" pasa ditzakete pintura taldeko kideek tailerrean. "Denbora pasatzen zaigu konturatu gabe". Horregatik ere, klase "ofizialetatik" kanpo pare bat egunetan kultur etxeko tailerrera joaten dira. Martxoaren 8aren harira eta emakumea oinarri hartuta Emakumea 8 eratan erakusketa mustuko dute martxoaren 6an La Tahona eta La Moncloa Irurtzungo tabernatan.

Hamaika kidek osatzen dute Irurtzungo pintura tailerra. Taldea 2000. urtean hasi zen gaur egun jarraitzen duen irakaslearekin. "Jende asko pasatu da, joan eta etorri asko izan dira, eta orain nahiko talde egonkorra dugu". Bizitzaren gora beherengatik jendeak tailerra uzten du, "baina gero itzultzen dira". Batzuk hasieratik daude ere. Zortzi emakume eta hiru gizon daude momentu honetan tailerrean: "Mutiko gazte bat dago, haurrendako egiten den tailerrean parte hartzen zuena ere. Joan zen eta Arte Ederrak ikasi zituen eta itzuli da margotzen jarraitu nahi duelako". Tailerreko kideak "afizioagatik" joaten dira margotzera. "Urte asko daramatzagu eta batzuetan badirudi ez dakigula ezer. Disfrutatzera etortzen gara; gustura egotera". Intuizioari jarraituz margotzen dute.

Espazioa
"Margotzea eta gustura egotea toki honekin elkartzen dugu. Etxean margotu genezakeen, baina beti daude gauza gehiago egiteko... Esan bezala, bakarrik dagoen usainarekin beste gauza bat da. Oso gustura egoten gara hemen". Pintura eta tailerrean sortzen den egoerak "erakartzen" die.

Oleoan eta akrilikoan margotzen dute, gehien bat, Irutzungo pintura tailerreko kideek. Bodegoiak marrazten eta margotzen hasten ziren, ondoren pastelarekin aritu ziren ere, baina oleoarekin eta akrilikoarekin daude gustuen. Marrazten dutenak ere badaude.

Batzuetan zer lan egingo duten aukeratzea "gehien" kostatzen zaiena dela aitortu dute. Argazkietan eta irudietan oinarritzen dira: paisaiak, egoerak, pertsonak... Haien lan gehienak "errealistak" direla esan dute. Dena dela, "bakoitzak baditu bere koloreak. ". Tailerreko edozein kideren koadro bat ikusten badute egilea identifikatu dezaketela komentatu dute.

Margotzea ez ezik, tailerrean sortzen den giroa gustatzen zaie margolariei. Azken bi urtetan pandemiagatik izan ezik, urtero bidaia bat egiten dute elkarrekin. "Toki askotan egon gara: Paris, London, Erroma, Madrilen ARCOn pare bat urtez, Bartzelona, Sevilla, Granada...". Aurten martxoaren 13an joanen dira Cáceres eta Madrilera, lau egun. "Cáceres eta Mérida ezagutuko ditugu eta Madrilen erakusketaren batera joanen gara". "Disfrutatzeko" bidaia bat da, baina "inspiratzeko" aukera ematen die ere. "Ez da erraza museoetara eta erakusketara joateko lagunak aurkitzea, eta hemen zaletasuna konpartitzen dugunez, gustura egoten gara". Talde on bat osatu dutela esan dute. "Oso ongi pasatzen dugu".

Erakusketa

Martxoaren 6tik 31era 'Emakumea 8 eratan' erakusketa izanen da ikusgai Irurtzunen

La Tahona eta La Moncloan egonen den erakusketan urte hauetan egin dituzten emakumeen koadroak egonen dira ikusgai. "Normalean gai bat jartzen dugu martxoaren 8ra begira, baina aurten libreago utzi dugu". Emakumeak "era" desberdinetan erakusten dituzte koadroek.

Erlazionatuak

Emakumea 8 eratan

Guaixe 2023 mar 07 Irurtzun