Astekaria

"Karate kluba esku oso onetan utzi dut"

Maider Betelu Ganboa 2023ko mar. 16a, 13:00

Luis Martil karatean Seigarren Dan da. Karateak asko eman diola aitortzen du, baina erretiroa ere gustura hartu du.

Luis Martilek Shotokan karate eskola 1978. urtean sortu zuen Irurtzunen. 71 urterekin karatea uztea erabaki du eta Leire Meazak eta Ruben Trinidadek bere lekua hartu dute

Zergatik utzi duzu karatea?
71 urte bete ditut eta orain arte klubean egon naiz, baina une bat iritsi zen gainezka sentitzen nintzela. Pazientzia gutxiago nuen eta haurrekin egotea gehiago kostatzen zitzaidan. Alabak esan zidan karatea uzteko, gainezka ikusten ninduela. Beste gauza batzuk bizitzen hasteko. Eta karatea uztea erabaki nuen. Dena den, esku onetan utzi dut kluba, Rubenek eta Leirek oso ongi egiten dutelako. Badakite hor nagoela, edozein zalantza argitzeko prest, baina dena beraiek egiten dute.

Nola hasi zinen karatean?
Andaluziarra naiz jaiotzez. 17 urte nituela etorri nintzen Irurtzunera eta Inasan lan egin nuen, jubilatu arte. Karatean lagun batengatik hasi nintzen, Gaspar Fernandezengatik, Iruñeko Kale Nagusian. Gutxika harrapatu ninduen eta gaur arte. Berak ez zuen gerriko beltza atera eta ni Seigarren Dan naiz, 2.020 urtetik. Gogorra izan zen, baina maila hori ez dit inork kenduko.

Seme-alabak ere karatean trebatu ziren.
Biak, Roberto eta Yolanda, nirekin eraman ditut beti. Roberto Nafarroako txapelduna izan zen eta selekzioan zegoen, baina utziko zuela esan zidan, Xotan serioago aritzeko. Urte bat falta zitzaion gerriko beltza lortzeko, eta kolpea izan zen. Aste bat egon ginen hitz egin gabe (kar, kar). Biak Xotan daude gaur egun, oso pozik.

"Karateak asko eman dit. Bizitzeko modu bat, jende asko ezagutzea eta balore garrantzitsuak"

Shotokanen lan handia egin duzu.
Gustura ibili gara. Gure klubetik 60 gerriko beltz atera dira, eta karateka oso onak, Nafarroako eta Espainiako Txapelketetan aritu direnak. Karatean gauza asko ikasten dira, bizitzarako balore garrantzitsuak: errespetua, diziplina, lana... eta hori da garrantzitsuena.

Bizitza guztia karatean. Zer eman dizu karateak?
Asko. Bizitzeko modu bat, satisfazio pertsonal handia, osasuna, jende asko ezagutzea eta txikitatik nuen konplexu bat gainditzea. Hitz-motela naiz, eta karatean hasi baino lehen apenas hitz egiten nuen jendearekin. Ezin nuen. Lotsatzen nintzen, eta atzera egiten nuen. Behin Santanderren karate ikastaro batean geundela, batek barre egin zidan eta irakasleek kanporatu zuten, karatean errespetua ezinbestekoa delako. Horrek nire arazoa gainditzeko airea eman zidan, eta hitz egiteko lotsa gainditu nuen.

Erlazionatuak

Shotokan, 45 urte eta aurrera

Maider Betelu Ganboa 2023 mar 14 Sakana