Astekaria

Shotokan, 45 urte eta aurrera

Maider Betelu Ganboa 2023ko mar. 14a, 14:00

Shotokaneko zenbait ikasle, Ruben Trinidad, Luis Martil eta Leire Meaza irakasleak aurrean dituztela, kata entrenatzen.

Luis Martilek 1978an Shotokan karate kluba sortu zuen Irurtzunen eta karatea sustatzeko lan nekaezina egin du urte luzez. Aurten Leire Meazak eta Ruben Trinidadek hartu dute lekukoa, helburu berberarekin: Sakanan karatea sustatzea eta erreferente izaten jarraitzea

Sakanako karatea aipatu bezain pronto, Luis Martil datorkigu burura. Ezinbestez. Luis Martilek sortu zuen 1.978an Shotokan karate kluba Irurtzunen, Gaspar Fernandezekin batera. Urte batzuetara Lakuntzan ere klaseak ematen hasi zen Martil. Ibilbide honetan guztian karateka asko trebatu dira Shotokanen, txapeldun handiak tartean, Mikel Aizpun, Roberto Martil, Ruben Trinidad, Sandra Vilches, Edurne Alonso, Iñigo Arrasate, Martin Ezkurdia esaterako. Urteak, ordea, ez dira alferrik pasatzen eta 2022/2023 ikasturterako Luis Martilek eskolaren ardura uztea erabaki zuen. Berarekin trebatu ziren Leire Meaza Pizarro lakuntzarra eta Ruben Trinidad irurtzundarra dira orain Shotokan karate klubeko gidariak.

Leire Meaza Shotokanen trebatu zen. “Luis karate klaseak ematen hasi zen Lakuntzan, eta 5 urte nituela berarekin hasi nintzen. Aurrerago karatea utzi nuen, beste gauza batzuk probatzeko, eta 14 urte nituela karatera itzuli nintzen. Geroztik karatean jarraitu dut”. Duela bospasei urte hasi zen Lakuntzako taldea entrenatzen, aurreko irakasleak, Edurne Alonsok, utzi zuenean. Ordutik Martilekin ibili da Shotokaneko irakasle gisa, eta hitz politak ditu berarendako. “Pribilegioa izan da Luisekin karatea ikastea. Karateaz asko daki, lorpen handiak ditu eta karate arbitroa ere bada. Gure irakaslea zen, baina askotan guraso bat bezalakoa. Karatean landu eta ezinbestekoak diren baloreak --errespetua, diziplina, erori ondoren altxatzea...-- oso ongi transmititu zizkigun. Zorrotza da, baina zentzu positiboan, ez autoritarioan. Edozein zalantza argitu eta laguntzeko prest, helburu bat lortzeko edo nonbaitera iristeko diziplina beharrezkoa zela erakutsi digu beti”.

Aurten Shotokan karate klubeko arduradun eta irakasle izateari utzi dio Luis Martilek, baina sasoi betean dagoela. Izan ere, 2020an, 68 urterekin, karateko Seigarren Dan maila lortu zuen, gerriko txuri-gorria lortuz. “Hori goi goian zaudela erretiratzea da” dio Meazak, irakasle ohiaz harro. Lakuntzarrak gerriko beltza du, eta Lehen Dan maila, “Luisekin batera ateratakoa”. Ruben Trinidad Bigarren Dan da. 

Leire Meaza: "Jendea anima dadila; guretik pasa eta karatea probatu dezatela"

Karatea 
Karatea arte martzial tradizionala da, armarik gabeko borroka artea. Zenbait arte martzial txinatarretan oinarritzen da (wushu) eta 1933. urtean sortu zen ofizialki, gaur egun Okinawa izena duen uhartean zeuden borroka sistemak ere oinarri hartuta. Taekwondoa, judoa eta bestelako arte martzialekin alderatuta, “karatean askoz sakonago egiten dira mugimenduak. Guk eskuak, hankak, posizioa, erritmoa... elementu asko lantzen ditugu batera eta mugimendu ezberdinak sortzen ditugu, arte martzialetan oinarrituta”. Karatean bi modalitate lantzen dira, kata, hau da, karate mugimenduen erakustaldia, eta kumitea, bi karateken arteko borroka. “Ostikoak jo daitezke, baina badaude ukitu ezin diren puntu batzuk: genitalak, aurpegia, kopeta...”. Karatean “edozein” aritu ahal dela dio Meazak, ez du aurretiazko trebetasunik eskatzen. “Edozein hasi daiteke. Aurten 37 urteko arbizuar emakume bat hasi da, eta pozik dago”. 

Gerrikoak, mailaren erakusle
Karatean gerriko kolore bakoitzak maila bat erakusten du. Oinarrizkoena txuria da eta ondoren laranja, berdea, urdina, marroia eta beltza datoz, baina bi mailen tartean bi koloretako gerrikoa eraman dezake karatekak. “Adibidez, gerriko horia lortzeko azterketa erabat ongi egin ez denean, kasu horretan gerriko txuri-horia ezartzea erabaki dezake azterketa egiten duenak, bi gerrikoen arteko trantsizio horretan zaudela adierazteko” azaldu du Meazak. Gerriko beltzaren ondotik, Dan mailak edo graduak daude, Lehen Dan mailatik Hamargarren Dan mailara. Bosgarren Dan mailara arte gerriko beltza janzten da, eta Seigarren Dan mailan gerriko txuri-gorria lortzen da. Gerriko gorena gorria da, Hamargarren Dan maila lortuz gero lortzen dena. “Nik Seigarren Dan mailara heltzea nahiko nuke” aitortu du Meazak. 

Gerrikoak lortzeko azterketak irakasleek egiten dizkiete ikasleei, gerriko marroira arte. Gerriko beltza lortzeko eta Dan graduak lortzeko azterketak, aldiz, Nafarroako Karate Federazioan egiten dira. Dan mailak lortzea zaila da. “Asko entrenatu beharra dago. Ni aurten nire kabuz ari naiz entrenatzen, eta tarteka Rubenekin”. Behin maila bat lortuta, ez da inoiz galtzen. “Ni gerriko beltza eta Lehen Dana izango naiz betirako eta Ruben Bigarren Dan”. 

Trantsizioa
Shotokan karate klubaren ardura hartzea erronka itzela izan da Leire Meazarendako eta Ruben Trinidadendako. “Duela bi urte Luisek esan zigun klubaren ardura asko zela berarendako, eta joan zen urtean azaldu zuen ikasturtea bukatuta utziko zuela. Presidente gisa jarraituko zuela, baina Rubeni bere lekua hartzea proposatu zion, eta nirekin batera jarraitzea. Eta horrela izan da. Aldaketa azkarra izan zen, ikasturte batetik besterakoa, baina pozik gaude. Ikasle gehiago ditugu eta gustura eta motibatuta daude. Hori da garrantzitsuena. Bestalde, kudeaketako lanak, federazioarekin harremana, dirulaguntzak, txapelketak antolatu eta bestelakoak gu egiten hasi gara, Luisen laguntzarekin. Bion artean kluba aurrera ateratzen ari gara” dio Meazak. Ez dute Luis Martil ahaztu, eta klubaren sortzaile eta arima izandakoari aitortza egitea dute buruan. “Guztia horren azkar gertatu denez, orain arte ez dugu astirik ere izan, baina oso argi dugu Luisi aitortza bat egin nahi diogula”. 

Ruben Trinidad: "Sakanan karateka onak atera dira. Luis irakasle bikaina izan da"

Shotokan karate klubak 25 ikasle ditu, hamahiru Lakuntzan, zazpi Irurtzunen eta bost Uharte Arakilen. Lakuntzan bi talde dira eta Leire Meaza da arduraduna. Beste bi herrietako taldeak Ruben Trinidadek gidatzen ditu. Adinari dagokionez, gazteenek 5 urte dituzte eta helduenak 37 urte. Asteartetan eta ostegunetan entrenatzen dute, 17:00etatik 18:00etara Irurtzungo kiroldegian, 18:30etik 19:30era Uharte Arakilgo Mojen Etxean, eta 17:30etik 19:30era Lakuntzan, igerilekuen gaineko gelan, bi talde direlako. Karatea ezagutu eta probatu nahi duenak ateak zabal-zabalik dauzka. “Edozein unean eman daiteke izena gurean. Pasa daitezela, aste batez probatu dezatela, eta gustuko badute, has daitezela”. 

Larunbatean, marsuak 11, Mendillorrin jokatutako karate txapelketa batean parte hartu zuten Shotokaneko ikasle gehienek. “Ikasleek erabakitzen dute katan, kumitean edo bietan parte hartu nahi duten. Beti esaten diet txapelketetan ongi pasatzera goazela, ikastera eta esperientzia ona bizitzera. Sailkatzen bagara, ongi, baina bestela, ez dela ezer gertatzen”. 

Gorputzaren kontrola
Zergatik karatea? “Hasteko, beste kirol bat probatzeko, ohiko kiroletatik aldentzen dena. Bigarrenik, gure gorputzak nola funtzionatzen duen erakusten digulako. Karatean gorputz guztia lantzen baitugu. Gure gorputza ongi gidatu behar dugu, nahi ditugun mugimenduak ongi egiteko, eta beharrezkoa den indarra neurrian erabiltzeko. Norberaren gorputza oso ongi ezagutu behar dugu, eta jakin behar dugu noraino iritsi ahal garen. Hirugarrenik, defentsa ere erakusten digu. Finean, zure gorputzaren kontrola hartzen duzu. Eta lantzen ditugun baloreak (errespetua, diziplina, ez etsitzea) bizitzako gainontzeko esparruetarako primeran datoz. Beraz, sakandarrak animatu daitezela”. 

Erlazionatuak

"Karate kluba esku oso onetan utzi dut"

Maider Betelu Ganboa 2023 mar 16 Irurtzun