Hamabigarren aldiz irurtzundarrek udalaren diruaren zati bat zertara bideratu erabakitzeko aukera izan dute. Horretarako, egitasmoa sustatzen duen taldeak lau inbertsio aukera proposatu zien. Haietako baten alde botoa emateko aukera izan zuten martxoaren 15etik 26ra eta aukera hori 315 irurtzundarrek baliatu zuten. Botoa eman zutenen %55,87k (176 boto) plazako frontoi atzeko jolas parkea estaltzearen alde egin zuten. Beraz, udalak lan hori egiteko agindua jaso du herritarren aldetik.
Jolas parke hori udalak handitu egin zuen eta aisialdirako altzari berriak jarri zituen. Jende asko ibiltzen da han, eta jende askok erabiltzen du. Udako hilabeteetan haurrendako jolas eremu horri itzala emanen dion eta beste une batzuetan euritik babestuko duen estalkia jartzea da irurtzundarrek aukeratu dutena. Aitor Carrera Larraza alkateak jakinarazi duenez, aurreikusitako 35.000 euroekin ezin izanen da parkea estali eta udalak beste diru ekarpen bat egin beharko du lanak egin ahal izateko.
Beste aukerak
Inbertsio proposamenen artean babes gehien lortu duen hurrengo aukera hilerriko jaitsierako zorua konpontzea izan da. Haren alde egin dute irurtzundarren %19,04 (60). Gainontzeko bi proposamenek antzeko babesa jaso zuten: Larrazpi gazte elkartean sukaldea, leihoak eta elektrizitate azpiegitura hobetzeak %13,01 (41) eta Intxaularre parkean iturria eta barbakoak jartzeak %11,7 (37). Aipatu beharra dago musika eskolako eraikina berritzeko lanak udalaren aurrekontuan jasota daudela eta horren barruan Larrazpi gazte elkartean hainbat lan egitekoak direla.
Parte hartzearen bidezko aurrekontuak sustatzen dituen taldeak jakinarazi duenez, botoekin batera auzo eta kaleetako arazo txikiak konpontzeko 52 proposamen jaso ditu. Horien guztiak udalari jakinaraziko dizkio. Aurrekontu txikia duten lanak, normalean, udalak urtean zehar egiten ditu.
Irurtzunen parte hartze aurrekontuen bidez egindako inbertsioak | ||
Urtea | Lana | Kopurua |
2011 | Erreka eta Bi Haizpetako inguruak aisiarako berreskuratu. | 20.000 |
2012 | Espaloiak errespetatu. Seinaleak errespetatu. | 20.000 |
2013 | Igerilekuetako instalazioak hobetu | 20.500 |
2014 | Atakondoako aldagelak. | 35.000 |
2015 | Karpa. | 35.000 |
2016 | Anbulantzietarako sarbidea egokitzea. | 35.000 |
2017 | Plazako zorua eta harmailak konpontzea. | 35.000 |
2018 | Igerilekuetako berdeguneak eta sarrerako hurbiltzea konpontzea. | 35.000 |
2019 | Igerilekuetako aldagelak konpontzea. | 35.000 |
2020 | Atakondoa patioan jolas-parkea jartzea. | 35.000 |
2021 | COVID-19 pandemiagatik ez zen izan parte hartze aurrekonturik | 0 |
2022 | Mendiko ibilbideak berritzea, Ur biltegian begiratokia jartzea eta Plazaolan atseden guneak jartzea | 70000* |
2023 | Plazako frontoi atzeko jolas parkea estaltzea | 35.000 |
*2021eko eta 2022ko diru kopuruak batuta. |