Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioaren proposamena izan zen 32. Sakanako Ibilaldia aldi berean III. Ochoa de Olza Memoriala izatea. Zergatik?
Ochoa de Olza Memoriala balioan jartzeko. Aurretik bi mendi martxa antolatu zituen SOS Himalaya Fundazioak bere kabuz, azkenekoa joan zen urtean Ezkaban, baina konturatu ginen hobe zela Memoriala Nafarroan dauden martxetan txertatzea beste martxa berri bat sortzea baino. Hau da, aurten Sakanako Ibilaldia Ochoa de Olza Memoriala izango da, eta datozen urteetan beste martxa batek hartuko du lekukoa, Memoriala Nafarroako martxa guztietatik pasatzeko. Horrek balioa emango die martxei eta baita fundazioari ere, bere lana behar bezala gizarteratzeko.
Zenbat federatu ditu aurten Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak?
Oraintxe bertan 13.068 federatu gara. Uda aldera zertxobait igoko da kopurua, eta horretaz gain federatu askok kontratatuta duten babesa zabalduko dute, Europako mendietara badoaz, edo Himalaiara, edo bakoitzaren espedizioen arabera. Irailean ere gora egiten dute federatuek, eskalada eskolak martxan jartzen direnean. Joan zen urtean 14.394 federaturekin itxi genuen urtea, ea aurten zenbat diren.
Mendi lasterketekin ere kontentu zaudete.
Oso pozik. Asteburuan Espainiako Mendi Lasterketen Txapelketa jokatu zen Cordoban eta Nafarroako federazioko korrikalariek lan bikaina egin zuten. Naiara Irigoien txapeldunordea izan zen, Euskadiko selekzioko Oihana Cortazarren atzetik. Ainara Alcuaz zortzigarren izan zen, Uxue Fraile hamaseigarren, lehen beteranoa, eta Ines Patricio 46. Eta gizonezkoetan Alvaro Ramos 20. iritsi zen, Xabier Zarranz 23., Iñigo Macias 35., Aitor Blanco 40. eta Eneko Esparza 52. Eta nabarmendu nahi nuke promesen mailan Aimar Azpiroz gailendu zela eta kadete mailan Markel Barrio izan zela txapelduna. Jubeniletan Beñat Albisuk ere lan polita egin zuen zazpigarren sailkatu baitzen. Kirolari bikainak ditugu.