Apirilaren 29an Irurtzunen Iratxok antolatuko duen martxak aurten izen luzeagoa du: Sakanako Ibilaldia- III. Ochoa de Olza Memoriala. "Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak proposatu zigun Sakanako Ibilaldia aurten III. Ochoa de Olza Memoriala izatea" azaldu zuen Iratxoko mendi ataleko arduradun Manolo Morenok.
SOS Himalaya fundazioko koordinatzaile Elena Sagaseta de Ilurdoz "oso pozik" dago elkarlanarekin. "Sakanako Ibilaldian izena emate bakoitzeko 2 euro fundaziora bideratuko dira, SOS Himalaya Makalu bailarako Seduwa herrian jasotzen ari den ospitala bukatzeko. 20.000 biztanle dira eta ospitale gertuena egun batera dute, oinez" azaldu zuen. Sakanako Ibilaldian "parte hartze itzela" espero du.
Elkarlana bi aldetara izango da, Iratxori Sakanako Ibilaldiko hiru martxetako hornidura aurten merke aterako zaiolako, hornidura gehiena SOS Himalayarekin kolaboratzen duten enpresek hartuko baitute bere gain, fundazioaren lanari esker.
Apirilaren 25era arte
Momentuz 500 pertsona inguruk eman dute izena Sakanako Ibilaldian. "Jendeak azken astera arte itxaroten du, eguraldi iragarpenak gertu izateko. Apirilaren 25era arte eman daiteke izena Iratxo Elkartea eta Zirkuitua webguneetan. Probaren egunean ezingo dela izena eman argi utzi nahi dugu" azpimarratu zuen Morenok. Norbaitek internet bidez egiteko zailtasunik balu, Iratxo elkartera joan daiteke apirilaren 25ean, 18:00etatik 20:00ak arte, izena ematera.
1.600 kamiseta
Joan zen urtean 1.174 mendizalek parte hartu zuten guztira. "Aurten Sakanako Ibilaldia III. Ochoa de Olza Memoriala izateak partaidetza igoko duela espero dugu. Baikorrak gara eta 1.600 kamiseta egin ditugu badaezpada, izena ematen dutenek opari jasoko dutena" gaineratu du.
Ildo beretik mintzatu zen Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuko David Malo teknikaria. "Ea 2019ko 1.420 partaideak gainditzen ditugun. Beste behin Iratxori eskertu nahi diogu Sakanako Ibilaldia antolatzea, hiru distantziatan, nahi duen orok parte hartzeko aukera izan dezan".
Hiru aukera
Iratxok hiru ibilbide prestatu ditu, Irurtzunen hasi eta bukatuko direnak: Sakanako Ibilaldi Luzea (54,3 km, 3.388 m desnibel +: Txurregi, EH erdigunea, Beriain, Uharte Arakil, Aralarko San Migel, Agiri, Madotz, Larrazpil, Trinitatea); Sakanako Ibilaldi Laburra (25,5 km, 1.440 m desnibel +: Etxeberri, Itxasperri, Madotz, Larrazpil, Latasa, Trinitatea) eta Ibilbide Txikia (14 km, 730 m desnibel +, etxeko txikienekin egiteko, Trinitatea, Latasa, Plazaolako ibilbidea, Arrantzaleen xenda). Sakanako Ibilaldi Luzea Nafarroako Iraupen Luzeko Ibilbideen Txapelketan eta Euskal Herriko Mendi Martxa Luzeen Zirkuituan sartuta dago eta Nafarroako beteranoenetakoa da.
Manolo Moreno: "Zirkuitua saria jaso dugu. Sakanako Ibilaldiko ibilbide luzea marabilla hutsa da"
Zirkuitua saria Iratxorendako
Sakanako Ibilaldiak 2022 Zirkuitua Saria jaso du, hiru modalitateetan: ibilbidean, paisaian eta bideen zainketan, "eta oso kontentu gaude, gure lanaren aitortza bat delako. Gure ibilbidearen edertasuna azpimarratu zuten, eta hala da. Sakanako Ibilbide Luzea marabilla hutsa da. Pozteko beste arrazoi bat gehiago" zoriondu zuten elkar.
Jasangarria
Iratxokoek azken lanak dituzte aurretik: ibilbidea markatu, hornidura guneak prestatu eta laguntza emateko izena eman duten ehundik gorako boluntarioen lana lotu, "eta apirilaren 29a gaurkoa bezalako egun eguzkitsu bat izatea espero". Beti bezala, ingurunea babestea da beste ardatzetako bat, "ibilbide jasangarria izatea. Hornidura gune guztietan zaborra birziklatuko da. Joan zen urtean 3.000 edalontzi birziklagarri erabili genituen eta soilik 50-60 faltatu ziren, jendeak ongi erantzun zuen". Halaber, markatutako bideetatik joateko deia egin zaie mendizaleei, paisaia zaintzeko.
Ochoa de Olza Unanun gogoan
Iñaki Ochoa de Olza mendizalea 2008an zendu zen Annapurnan. "Aurten 15 urte beteko dira, eta maiatzaren 21ean Unanun bildu eta 8:30ean Beriainera igoko gara. 12:30ean ekitaldi xumea egingo dugu Beriaingo bere monolitoan. Bitartean, bere borondatea aurrera ematen jarraitzen dugu 2009an sortutako fundazioaren bitartez: Himalayan proiektu humanitarioak sustatzea, euren bizi kalitatea hobetzeko" azaldu zuen Sagaseta de Ilurdozek. Ildo honetan, Fundazioko kideek sentsibilizazio jardunaldia eskaini zuten ostegunean Atakondoa ikastetxean, "Iñaki Ochoa de Olza nor izan zen azaltzeko, SOS Himalaya Fundazioak Himalaian egiten duen lana gizarteratzeko eta hemengo eta Nepalgo bizimoduen ezberdintasunak agerian jartzeko, handiak baitira".