Hydro Extrusion Navarrak hilaren15ean jakinarazi zuen mundu mailako mugarria jarri zuela: erregai gisa hidrogeno berdea erabiliz birziklatutako aluminiozko aurreneko lotea ekoitzi zuela. Lorpenari ikusgarritasuna emateko, eta zoriontzeko, Nafarroako presidente Maria Chivite Navascuesek Irurtzungo lantegia bisitatu zuen hilaren 20an. Chivitek enpresako arduradunekin bildu ondoren, Manuel Ezker zuzendariaren eskutik lantegia bisitatu zuen.
Presidenteak adierazi zuenez, "industriak energia guztiaren herena kontsumitzen du. Horregatik dira hain garrantzitsuak deskarbonizazio planak". Ildo horretan Hydrok lortutakoa nabarmendu zuen. Nafarroako industriak erregai fosilak uztearen alde egindako apustua nabarmendu zuen Chivitek, "deskarbonizazioan pausoak ematera" animatu zuen. Aldi berean, azpimarratu zuenez, "Nafarroako Gobernuak aurten, bigarrenez, industria deskarbonizatzeko laguntzak deitu ditu, klima aldaketaren erronka globalaren esparruan. Uste dut Nafarroako industria aitzindaria izaten ari dela honetan, eta Hydro adibide onenetakoa da". Irurtzungo lorpenak "hidrogeno berdearen aldeko apustuan jarraitzera animatzen gaitu", gaineratu zuen.