UPNk Irurtzungo Udalean duen bozeramaile Luis Enrique de la Calle Morenok Nafarroako Administrazio Auzitegian hiru helegite aurkeztu ditu, ordenamendu juridikoa betetzen ez dela salatzeko. Alde batetik, Nafarroako eta Espainiako banderak udaletxeko fatxadan ez egoteagatik. Bestetik, osoko bilkuren aretoan Espainiako bandera jartzea eta ikurrina modu iraunkorrean jarrita egoteagatik. Eta, azkenik, bilkura aretoan Felipe VI.a erregearen argazkirik ez egoteagatik.
Erregionalisten ustez, "EH Bilduk Espainia eta Nafarroaren sinboloei egindako beste iseka bat da”. Banderen ezarpena legez arautua dagoela azpimarratu dute UPNkoek, eta, aldi berean, gaineratu dutenez, “halakoak ezker abertzaleak gobernatzen duen beste herri batzuetan ere gertatu dira. Beti salatu dugu, eta irabazi. Kasu honetan, gainerakoetan bezala, UPNkook ez dugu onartuko".