Uztailaren 23an, igandearekin, 19:00etan izanen da proba. Ordu erdi lehenago eman dezakete izena bikote parte hartzaileek.
1. Eskorga ikuste hutsak nekea sortzen du?
Galbana. Baina alaitasuna ere bai. Gainbehera erraz eramanen dugu. Igotzen, nahikoa lan izanen dugu. Baina, ongi. Hala ere, eskorga gauza berezia izan da. Lanbide askotan erabilitako tresna da, baserrian, eraikuntzan... Zama bizkarrean eraman beharrean, gurpilaren gainean errazago eramaten da. Alaitasuna sortzen du horrek.
2. Lanean erabiltzetik festetan erabiltzera, aldea dago. Nolaz sortu zen ideia?
Larrazpi gaztetxean geundenean sortu zen. Zortzi-hamar lagun geunden sofa batzuetan eserita, festetan zerbait antolatu behar genuela esaka, erronkaren bat. Eta ideia hori sortu zen. Gaztetxera igotzeko aldapa handia dago, eta hori igotzea kostatzen da. Zama bat gurpil gainean igotzea errazagoa da. Horrela sortu zen erronka. Ideia da jendeak parte hartzea. Lehiaketa, herri kiroletako beste proba bat bezala, lanbidetik sortua da. Apustuak egiten diren bezala, hau beste bat da.
3. Sortu, eta 25 urte!
Aurten egiten den 25. edizioa da. Baina pandemiarekin bi urtetan ez zen jokatu. Hasieran, jende askok parte hartzen zuen. Ondoren, jendeak atzera egin du. Lehia gogorra da.
4. Eskorga, norberak eraman behar du?
Antolakuntzak bizpahiru jartzen ditu. Baina bakoitzak berea apainduta edo nahi duen bezala eramaten badu, ongi etorria izanen da.
5. Bikoteka jokatzen da, ezta?
Bai. Batek Urtain tabernatik behera egin eta ondoren gora, kultur etxeraino igotzen du. Han aldaketa egiten da, eskorga gidatzen duena bertan esertzen da, eta eserita zegoenak, eskorga eramaten du. Bi minutu gehienez, bikote parte hartzaileko kide bakoitzak minutu bat eramaten du. Baina minutu batean gauza asko kontrolatu behar dituzu. Entzierroa izanen balitz bezala. Ez da bakarrik aldapan gora eta behera egitea, ginkana moduko bat ere osatu behar da ibilbidean. Ginkana jarri genuen aldapa beherako abiadura moteltzeko, arriskua eta istripuak ekiditeko.
6. Zer nolako ginkana da?
Aurrena, txapa batzuen gainetik pasa behar da. Haietatik erori edo pasatzen ez badituzu, txapako 15 segundoko zigorra duzu. Ondoren, bi oholen artetik pasa behar da eskorga, eta erortzen badira, zigorra. Segituan, kide batek besteari, hautsi gabe, sei arrautza pasa behar dizkio, bestela, 3 segundoko zigorra. Beherakoan, sei konoren artean sigi-saga gidatu behar da. Egiten ez den kono bakoitzeko, 5 edo 10 segundoko zigorra dago. Atzera ere, oholen artetik eta txapen gainetik pasa behar da. Denak du zigorra.
7. Komeni da hasierako gainbeherako inertzia baliatzea goraka errazago aritzeko?
Hobe da abiadura hartzea, baina kontu handiarekin 90 graduko errebuelta dagoelako, eta hor atera zaitezke. Ondoren, txapak daude, eta abiadura kontrolatu behar duzu, gehiegizko abiaduran joanda, ba... tortilla duzu. Jakina, fisikoki ongi egon behar duzu. Sasoia bai, baina festen akaberan izaten da, eta ongi pasatzeko lehia da. Baina askotan ez da sasoiko egotea, ginkanako probak ongi egitearen zortea eta abilezia ere izan behar duzu. Bestela, alferrik, denbora zigorretan joan zaizulako.
8. Festen akaberan jokatzen da. Ordurako jendea lehiatzeko baldintzetan dago?
(Barrez). Gauean pikeak sortzen dira. 'Halako marka eginen dut'. Gero, apika, egunean bertan atzera egiten dute. Baina jendearen artean ez da apusturik egiten, ez da hainbesterako. Hasierako urteetan lehia handia izaten zen, jendea dena emanda ibiltzen zen. Urte batez, bi lehiakide osasun etxera eraman behar izan genituen. Parranda ondoren minutu batean halako ahalegina egin ondoren, lehertuta bukatu zuten.
9. Antolakuntzan, zenbat?
Ginkanako toki bakoitzean epaile bat dago proba ongi egiten den eta tranparik ez dela egin apuntatzen. Ibilbide guztia poliziaz beteta dago (kar, kar, kar).
10. Lehiaketa. Sariak?
Bai, parte hartzaile guztiendako zerbait izanen da. Aurten, kamisetak. Irabazleendako urdaiazpikoak, afaritxo bat Pikuxarren. Vinotecak ere lehen hiru bikoteendako ardoa ematen digu. Babesleak ere badaude. Denendako sariak daude.
11. Beste probekin senidetuta zaudete, ezta?
Laaseko (Biarno) antolakuntzakoekin 2017an senidetu ginen. Haiek hona eta gu hara joaten gara. Duela zortzi urte Galiziako Vila de Cruceskoekin senidetu ginen. Munduan barna eskorgekin probak egiten dira: Belgikan, Uruguain... Laasen ezagutu genuen Urruñako talde bat. Beharbada parte hartzera etorriko da.