Martxoaren 8a dela eta, Irurtzungo Emakumeen Taldeko kideek 31. aldiz Emakumeari Buruzko Jardunaldiak antolatu dituzte. Egitaraua behar bezala garatzeko buru-belarri lanean ari dira aste hauetan. Hiru hamarkada emakumezko eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzeko bidea egiten. 31 urtetan hainbat belaunalditako emakumezko irurtzundarrek bat egin dute taldean. Eta hala gertatu da taldeak antolatu dituen hainbat jardueratan ere.
Noiz hasi zineten aurtengo Emakumeen Eguneko egitaraua prestatzen?
Ainhoa. Abenduan hasi ginen pentsatzen. Ilbeltzaren erdialdean Irurtzungo Kultur Kontseiluaren bilera egin zen. Hartara proposamen bat eramateko lehendabiziko bilera urte hasieran egin genuen.
"Kafe solasaldia eta zinemara irteera urtero errepikatzen ditugu emakumezkoen artean interesa dagoelako"
Badira hutsik egiten ez duten hitzorduak, egitarauari egitura ematen diotenak. Zergatik errepikatzen dituzue?
Anita. Martxoaren 8ko kontzentrazioa, afaria, kafe solasaldia eta zinemara irteera dira urtero mantentzen ditugun jarduerak. Emakumearen Nazioarteko Egunean mugimendu feministarekin bat egiten dugu. Afarian, bataz beste, 80 lagun biltzen gara. Baina ez da soilik afari bat: Lorena Arangoak antzerki emanaldia eskaintzen digu musutruk afalostean, eta giro ederra sortzen da. Kafe solasaldia eta zinemara irteera urtero errepikatzen ditugu emakumezkoen artean interesa dagoelako. Gehiago esango nuke, taldearen sortzaile batzuek eskatu ziguten bi jarduerak mantentzeko oso gustura parte hartzen dutelako. Jakina, beraien eskaera kontuan hartzen dugu.
Horiek oinarri hartuta osatzen duzue egitaraua?
Ai. Bai, oinarri horrekin hasten gara egitaraua eraikitzen eta, argi daukagu, lau jarduerak eginen ditugula. Baina beste hainbat ekintza eskaintzeko tokia dago.
Berrikuntzarako aukera ematen du?
An. Bai. Saiatzen gara adin tarte guztietarako jardueraren bat eskaintzen. Esate baterako, kafe solasaldia formatu bat besterik ez da, baina gai asko landu ditzakegu hitzaldi, tailer edo emanaldien bitartez.
Aurtengo berrikuntza autodefentsa feministako tailerra izan da. Zer moduz?
Ai. Bai, autodefentsa tailerra egiteko interesa zegoen aurten, eta lortu dugu eskaintzea. Oso ongi egon zen. Lau ordu trinko izan ziren. Indarkeria eta erasotzaileen profilak detektatzeko moduaz hitz egin ziguten. Alde praktikoa ere izan zuen eta defentsa pertsonalerako trikimailuak eta teknikak erakutsi zizkiguten.
Martxoaren 8ko bilkuran zer mezu zabaldu nahi duzue?
An. Aurten mugimendu feministak aukeratu duen lema, hauxe da: Gure bizitzekin negoziorik ez! ¡Haceros cargo ya! Eta, horrekin batera, salatzen ari gara lan prekarietatea eta emakumeok jasaten dugun soldata arrakala. Bizitzarako funtsezkoa den zaintza sistema gure gain hartzen dugu, modu prekarioan eta inolako errekonozimendurik gabe egiten dugu. Politikaren aldaketa bat aldarrikatzen dugu, hots, edukiak zehaztuz plangintza egin eta aurrekontua bermatu.
"Kartelean gomendioak egitea kultura feminista zabaltzeko modu ona da"
Egitarauko kartelean liburu, kanta eta film bana aholkatu dituzue, zergatik?
Ai. Batez ere kultura feminista zabaltzeko. Kartelean gomendioak egitea horretarako modu on eta erraza zela iruditu zitzaigun. Irizpide izaten da, adibidez, egilea emakumezkoa izatea, edo feminismoarekin lotura duen gai bati buruz hitz egiteko aitzakia delako.
31. edizioa jardunaldiak. Zer oihartzun dute Irurtzunen eta inguruan?
An. Jardunaldiek, urteen poderioz, Irurtzungo bizitza soziokulturalean bere tokia hartu dute. Ezaguna da martxoan hainbat jarduera egiten direla eta horietan parte hartzea garrantzitsua dela. Aurten egin ditugun bi jardueren balorazio positiboa egiten dugu.
Zergatik behar dira jardunaldiak?
Ai. Tamalez, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna ez dugulako lortu oraindik. Jardunaldietan lekua dago ongi pasatzeko, ospatzeko, elkar partekatzeko gunea sortzeko… Baina lortu nahi ditugun eskubideak aldarrikatzea eta kontzientziazio lana egitea beste alde garrantzitsu bat da. Zoritxarrez, oraindik bide luzea gelditzen zaigu egiteko.
Nori zuzenduta?
An. Saiatzen gara emakume adin tarte guztiendako jarduerak eskaintzen. Hainbat gauza eskaintzea kontuan hartzen dugu. Esaterako, joan den igandean kafe solasaldian hiru belaunalditako emakumezkoak geunden. Hori oso aberasgarria iruditzen zaigu, eta oso positiboa dela baloratzen dugu.
"31 urtetan aurrerapausoak izan dira, baina ez nahi bezainbeste"
Hasierako eta gaur egungo antolaketarako motibazioak berak dira?
Ai. Funtsean baietz uste dugu. Emakumezkoa izateagatik emakumezkoek zuten egoerarekiko kezka eta salaketa, horrek batzen zituen Irurtzungo talde feminista abiarazi zutenak. Baita gu ere gaur egun. 31 urtetan aurrerapausoak izan dira, baina ez nahi bezainbeste. Joan zen urtean, taldearen 30. urteurrena zela eta, jardunaldietan landutako gaien errepasoa egin genuen eta jabetu ginen orduan lantzen ziren gai batzuek, tamalez, gaur egun agenda feministan jarraitzen dutela.
Taldeak urteak ditu. Belaunaldi aldaketa egon da?
An. Bai, joan zen urtean hasi zen emakumezko gazte talde bat, eta oso pozik gaude.
Nola lortzen da hori?
Ai. Noizbait norbait hurbiltzen da taldean parte hartzeko interesa duela esanez. Baina batzuetan ez da erraza. Beraz, emakumezkoak taldean parte hartzera animatu nahi ditugu. Horretarako, irurtzungoemakumetaldea@gmail.com posta elektronikoko helbidera idatzi dezatela.
Udalaz aparte, beste eragileren batekin elkarlanean aritzen zarete?
An. Hasieran esan dugun bezala, Kultur Kontseiluan parte hartzen dugu. Beraz, herriko beste taldeekin harremana daukagu. Joan zen urtetik Sakanako mugimendu feministarekin harremanetan gaude, baita Arakilgo emakumeekin eta Basaburua eta Imotz aldeko talde feministekin ere bai.
Urtean zehar taldeak zerbait gehiago egiten du?
Ai. Gure urteko hitzordu garrantzitsuenak, dudarik gabe, Martxoaren 8a eta Azaroaren 25a dira. Joan zen urtean, Azaroaren 30eko greba feminista prestatu genuen beste taldeekin elkarlanean. Eta sare bat eraikitzen hasi ginen. Orain sare hori mantentzea eta zabaltzea da gure helburua. Horretaz aparte, gure inguruan (herrian, ibarrean) eraso baten aurrean salaketa egiten dugu.