Geaxi Eizagirre

"Ez nuen bukatzea espero, baina gorputzak oso ongi erantzun zuen"

Maider Betelu Ganboa 2024ko mai. 7a, 12:30

Geaxi Eizagirre, Maider Eizagirre eta Laura Fernandez, San MIgelera heltzen. UTZITAKOA

Geaxi Eizagirre gazte irurtzundarrak ez zuen uste bere lehenengo saiakeran Sakanako Ibilaldi Luzea egingo zuenik, baina hiru ekaitzei aurre eginez, 14 ordutan lortu zuen

Eguraldi iragarpena kontuan izanda, Iratxokoek ez zuten horrenbeste jende espero. Irteera hartu zuten1084 mendizaleetatik Ibilbidea bukatu zuten 842 ausartetako bat da Geaxi Eizagirre.

Euria aurreikusten zen, baina horren eguraldi petrala, inondik inora.
Eguraldi oso txarra egin zuen. Bagenekien kaxkarra izango zela, baina ez genuen halako denboralea espero. 6:00etan euri pixka bat ari zuen, baina ez zuen hotzik egiten, eta saiatuko ginela erabaki genuen nire ahizpa Maiderrek, Laura Fernandez lagunak eta hirurok. Eguraldia gerora okertu zen.

Sakanako Ibilaldia berezia da? Egin beharreko erronka?
Hirurok beti pentsatu izan dugu Sakanako Ibilaldi Luzea gehiegizkoa dela, eta ibilaldi hori egiten duen jendea zoratuta dagoela (kar-kar). Aurretik lau alditan egin genuen Sakanako Ibilaldi Ertaina, eta aurten pausoa eman eta ibilaldi luzea egiten saiatuko ginela erabaki genuen. Entrenatzen hasi ginen, ibilaldia zatika egiten, eta gure burua prestatuta ikusi genuen saiakera egiteko. Ez genuen bukatzea espero, baina behintzat saiatu nahi genuen. 

Sakanako Ibilaldi Luzea (54 km, 3.388 m desnibel) ikaragarria da. Txurregi, Beriain, San Migel, Larrazpil eta Erga lotzea, hitz potoloak dira. Noiz zakartu zen eguraldia?
Txurregi igotzen ari ginela haizeak oso gogor jotzen zuen; beldurtu eta guzti egin nintzen. Ia etzanda igo behar izan genuen, eta, gainera, ekaitza hasi zen. Zer egiten dut hemen? pasa zitzaidan burutik. Ahizpari eta lagunari galdetu nien ea ziur geunden, eta Txurregi pasata haizea geldituko zela, eta lasai egoteko erantzun zidaten. Txurregitik Ollorantz sartu ginenean eguraldi ona topatu genuen, eta tarte horretan ongi joan ginen.

Beriain zen hurrengo koska.
Beriaingo portura iritsi ginenean sekulako ekaitza sartu, eta kazkabarra hasi zen. Gertu tximistak eta guzti ikusi genituen. Ermita bertan genuen, 200 metrora, baina ekaitzarengatik berehala porturantz jaistea erabaki genuen. Gutxira, eguzkia ateratzen hasi, une gogor horiek ahaztu, eta beste animo batekin iritsi ginen Uharte Arakilera, 11:30ak aldera. Martxa uztea genuen buruan, baina eguzkia ikusita San Migeleraino jarraitzea erabaki genuen. Gustura geunden, baina goiko zatian atzera ere ekaitza zetorrela jabetu ginen. Eta hala izan zen. Kazkabarrak aurpegian sekulako mina egiten zigun, eta nahiko gogorra izan zen, baina, hala ere, San Migeleraino igo ginen.

Gorputzak ongi eusten al zuen?
Egia esan, nire gorputza oso ongi zegoen, bikain erantzun zuen. Ni ere harrituta nengoen. Sakanako Ibilaldi Luzea ez genuen osotasun batean bezala hartu. Zatika hartu genuen, etapa ezberdinak balira bezala: Orain Txurregiraino goaz; etapa bat egin dugu. Gero Beriainera, beste etapa bat. Gero Uharte Arakil, beste bat; gero San Migel... Nik uste dut horrek motibatu gintuela. Toki batera iristen ginenean, ospatzen genuen, gero beste etapa bat planteatzen genuen... pixkanaka egin genuen.

"Txurregin gora haizeak oso gogor jotzen zuen; tarte batean, beldurra sentitu nuen"

San Migelera, hortaz, pela-pela eginda iritsi zineten. 
Lagun baten aitak arropa lehorra ekarri zigun, eta behin aldatuta, hobeki sentitu ginen. Hala ere, nire ahizpak martxa uztea erabaki zuen, ezin baitzuen gehiago. Laura eta biak zalantzan geunden, baina berriro eguzkia atera zela ikusita, Madotzeraino heltzea erabaki genuen. Oso gustura ibili ginen; tarte lasaia da, eta eguzkiak giroa goxatu zuen. Madotzera 14:15ak aldera iritsi ginen. Han esan ziguten Uharte Arakilen jende asko erretiratu zela, eta gu ikusita harrituta geratu ziren. Laurak martxa uztea erabaki zuen. Une horretan Irurtzungo Unai Ansorena agertu zen, eta jarraitzeko asmoa zuela azaldu zuen. Ni ongi sentitzen nintzen, eta berarekin aurrera jarraitzea erabaki nuen, Behintzat Latasaraino.

Zer moduz joan zen tarte hori?
Madotzetik Larrazpil igotzen hasi ginela trumoiak entzun genituen eta ekaitza hasi zen, baina zorionez, gainontzekoekin alderatuta ekaitza nahiko suabea izan zen. Larrazpil igota, Goldaratzera jaitsi, eta han eguzkia atera zen berriz, eguraldi ederra. Sakana oso polita ikusten zen, ikusgarri.  Latasara heltzen ari ginela, Sakanako Ibilaldi Luze guztia bukatuko genuela erabaki genuen Unaik eta biok, Ergara igoko ginela. Latasan lagunak eta mutil laguna genituen zain, berak etxera txera joan nahi nuela uste baitzuen. “Hiru ekaitzek harrapatu gaituzte; ea laugarrenak Ergan harrapatzen gaituen” esan nion. “Laugarrena? Jarraituko al duzu?” galdetu zidan. Eta nik baietz erantzun nion, Sakanako Ibilaldi Luzea bukatu nahi nuela.

Hankak nola zenituzten?
Nahiko ongi. Ergan gora nahiko arin hasi ginen, baina lokatz asko zegoen, eta indar handia egin beharra zegoen. Hala ere, aurrera egitea lortu genuen. Uste dut trantze horretan emozioak eta burugogortasunak asko bulkatu zutela. Hamahiru ordu generamatzan oinez, eta azken ordu erdia genuen aurretik. Beraz, indarra atera genuen. Ergan nengoela ahizpari idatzi nion, esanez Iratxokoei esateko guztia bildu zezatela, 20:00etan despeditzen baitute lana. Baina esan zidan plazan zeudela gu itxaroten, elkarrekin ospatuko genuela. Horrek ere animoak eman zizkigun, eta ahal genuen moduan jaitsi, eta plazan zain genituen lagunak, txaloka eta txistuka. Sekulako besarkada eman nien ahizpari eta Laurari. Izan ere, beraiekin ospatu nahi nuen, beraiengatik egin bainuen Sakanako Ibilaldia. Iratxokoek zigilua jarri, kamiseta eta diploma eman eta opari poltsa eman ziguten, eta azkeneko garagardoa ere gurekin hartu zuten,  ospatzeko.

Sakanako Ibilaldi Luzea osatuta, poz handia sentituko zenuen, ezta?
Bai, poz handia. Izan ere, ez nuen mendi martxa osoa egitea espero. Niretako saiakera bat zen, baina ez nuen uste bukatuko nuenik. Nire gorputzak horren ongi erantzuteak ere ez nuen espero. Oso indartsu nengoen.

Azkenak izan zineten?
Uste dut gure atzetik beste mendizale bat zegoela.  

Handik goitik, nola ikusten da Sakana?
Hodeiak ez badaude, oso polita (kar-kar). Dena berde-berde dago, ikusgarria. Eta daukazun poza eta emozioarekin, askoz hobeki.

Iratxo taldekoek lan izugarria egin zuten. Ekaitzetako trantze horietan jendearen animoa eustea garrantzitsua izango zen. 
Nik uste dut okerren beraiek pasa zutela. Sekulako lana egin zuten. Mendizaleak babestu zituzten, ekaitzarekin sufritzen ari zirenei denetariko laguntza eskainiz, ibilbidea Uharte Arakilen utzi zituztenak autoz Irurtzunera eramanez... denetatik. Sakanako Ibilaldia ongi atera zela esan daiteke, guztiz.

"Iratxokoek sekulako lana egin zuten, ekaitzetan denetariko laguntza eskainiz"

 

Datuak esanguratsuak dira. 1.084 mendizalek hartu zuten irteera, eta 842 mendizalek lortu zuten Sakanako Ibilaldia bukatzea. Zegoen eguraldiarendako, ikaragarria.  
Zalantzarik gabe. Eguraldia kontuan hartuta, Jende askok osatu zuen bidea, eta guztia ongi atera zen. Iratxokoek pozik egoteko arrazoi asko dituzte. Ildo honetan, eskerrik beroenak eman nahi dizkiet lagundu ninduten guztiei eta Iratxoko antolatzaileei.

Datorren urtean berriro Sakanako Ibilaldi Luzea egitera animatuko zara?
Erga igotzen ari nintzela ez nuela berriz egingo etorri zitzaidan burura, baina datorren urtean eguraldi ona iragartzen badute eta lagunek animatzen banaute, agian animatuko naiz. Guk 14 ordutan egin genuen, baina badago jendea 7-8 ordutan egiten duena. Horiek guztiz erotuta daude, hori bai.

Ibilaldiko zenbakiak
Ekaitza, kazkabarra, lokatza... denetatik izan zuen Sakanako Ibilaldiak, baina Iratxok egoerari erantzuten jakin zuen. 1226 mendizale zeuden izena emanda, horietatik 1.084 atera ziren (365 Luzean, 567 Laburretan eta 152 Txikian) eta 242 erretiratu ziren (150 Luzean, 53 Laburrean eta 39 Txikian). 846 mendizalek proba bukatzea harrigarria izan zen, eta ez zen gertaera larririk jazo. Soberako elikagaiak Elikagai Bankura eta Paris 365 jantoki sozialera bideratu ziren. 

Erlazionatuak