Dinabide joan zen urtean sartu zen SIESS komunitatean, eta bere Irurtzungo egoitzak hartu zuen komunitatera atxikitako erakundeen zortzigarren bilera. SIESS Nafarroako talde eta azpiegitura zientifikoen sistema partekatua da. SIESSen baitan 1.100 ekipo baino gehiago biltzen dira, eta tresna hori Foru Erkidegoaren zientzia, teknika eta baliabide gaitasunaren erakusleiho osoenetako bat da. ADItech fundazioak kudeatzen du SIESS eta, aldi berean, ADItech Nafarroako I+G+B Sistemako, SINAIko, koordinatzailea da.
Bileraren ondoren, SIESS komunitateko kideek Dinabide ezagutzeko aukera izan zuten. Jakina denez, Dinabide Sakanako Garapen Agentziak eta Irurtzungo Udalak sustatutako coworking teknologikoa da, fabrikazio gehigarrian edo 3D inprimaketan espezializatuta dago. Haren ekipamenduari eta azpiegiturei esker, geometria konplexuko piezak diseinatu eta produzitu daitezke, bai eta mekanizazioko, aurreprodukzioko eta abarreko zenbait industria prozesu arindu ere.