Jon Martin Etxebestek, Ane Osua Cabidak eta Paula Laita Pallares irurtzundarrak osatutako taldeak eskuratu zuen Pello Apezetxea ikerketa beka joan zen urtean. Bortzirietako hizkuntza aniztasuna eta migratzaileen euskararekiko jarrerak “sakonki eta zorrotz” aztertu aztertu ditu hirukoak. Leire Mitxelena Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakariak esan du bekadunek "ikerketa lan zabala" egin dutela eta "Bortzirietan hizkuntza aniztasuna lantzeko eta aintzat hartzeko proposamen zehatzak" eskaini dituztela.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Bera, Lesaka, Etxalar, Igantzi eta Arantzan aritu izan dira ikertzaileak, eta azterlanean jasotako datuetatik ondorio ugari atera daiteke. Garrantzitsuenen artean dago sei nabarmendu dituzte. Batetik, Bortzirietako ikasle gehienak D ereduan daude, baina egia da atzerritar aunitz nabarmena pilatzen dela A eta B ereduetan. Oro har, Bortzirietan etorkinek euskararekiko duten jarrera ona da. Areago, gehienek euskara (gehiago) ikasi nahiko lukete. Bestetik, Euskaldunek bai erdaldunek gaztelaniarekin lotzen dute ikus-entzunezkoen kontsumoa. Euskara ez dute modernotzat jotzen. Aldi berean, migratzaileek euskararen balio instrumentala aitortzen dute, lana aurkitzeko lagungarria baita. Gainera, euskarari komunikatzeko balioa aitortzen diote, harremanak egiteko ere lagungarria baita. Ikerlariek ondorioztatu dutenez, euskaraz ez jakiteagatik euskal kulturaren zati bat galtzen ari direla sentitzen dute kanpotik etorritakoek. Azkenik, etorkinek euskara ikasteko baliabideak ezagutzen dituzte, baina euskara zaila den ideia oso zabaldua dago.
Lantaldeak etorkizunean esku hartzeko proposamen zehatzak ere egin ditu, eta migratzaileen hizkuntza integraziorako erronka garrantzitsuak identifikatu ditu. Batetik, azpimarratu du integrazioarena alde biko prozesua da. Ahalegina ez dagokie bakarrik kanpotik etorri direnei, bertakoek ere saiakera egin behar dute, eta, erraterako, euskaraz aritzeko espazio partekatuak eskaini. Bestetik, kultur eta kirol jarduerek garrantzi handia dute, elkargunerako baliagarri diren neurrian. Eta, azkenik, euskara ikasteko berariazko ikastaroak eskaintzea proposatzen da, etorkinen ezaugarriak (ordutegia, lanbidea, bizilekua…) aintzat hartuta.
Aipatutako ikerketaren emaitza Euskaltzaindiaren Jagon bilduman argitaratuko da. Horretaz aparte ikertaldeak lan hori Palmako Ideoling kongresuan aurkeztuko du lastailaren 18an.
Bekaz
Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Euskaltzaindiak Pello Apezetxea Zubiri euskaltzale goizuetarra omentzeko beka sortu zuten. Apezetxea arlo anitzetako ikertzailea, ekintzailea eta sustatzailea izan zen, baina bereziki nabarmentzekoa da euskara babesteko, ikertzeko eta sustatzeko egin zuen lana. Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen 2004. urtean, eta 2022an zendu zen, 89 urte zituela.
Euskaltzaindiko Jagon ataleko sailburu Sagrario Alemanek bekaren helburuak zein diren gogorarazi ditu: "batetik, Apezetxea ohorezko euskaltzaina omendu nahi genuen, eta, bestetik, soziolinguistika, dialektologia edota onomastika arloetarako ikerketa lan bat egiteko beka eman nahi genuen, Apezetxea egindako ikerketei segida emateko".