Irurtzungo Udalak badu aurrekontua, EH Bilduren aldeko botoarekin eta UPNren abstentzioarekin onartu ziren. Unai Razkin Iriarte alkateak azaldu duenez, "legegintzaldian egindako lanaren ondorioz, kontrako botorik gabe onartu ziren aurrekontuak". Gaineratu zuenez, "kontuak orekatutzat jotzen ditugu, zerbitzu publikoak, eskubide sozialak eta irurtzundarren bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin". Udalak aurten 2.770.324 euroko aurrekontua izanen du.
Aurreko urteetan bezala, udalak Atakondoa eskola publikoan berritze lanak eginen ditu. Horietara 40.000 euro bideratu ditu. Ikastetxearen funtzionamendurako gastu arrunteko partidak (garbiketa, berokuntza, atezaina, ekipamendua, konponketa eta mantentze lanak...) 261.630 eurokoak dira. Beraz, eskolara, guztira, 301.630 euro bideratu ditu.
Irurtzungo Udalak Sakanako Energia Berriztagarrien Komunitateko bazkide egin eta bulkatzea erabaki zuen. Energia trantsizioan irurtzundarrak ahalduntzeko helburuz, udalak eragile bideratzailearen figura bat hartu du irurtzundarrei energia berriztagarria, tokikoa eta komunitarioa eskuratzeko aukera bermatzeko. Gainera, kiroldegiko teilatuaren gainean plaka fotovoltaikoko azpiegitura bat sortzeko proiektua dago aurrekontuetan. Horretara 117.700 euro bideratuko ditu udalak.
Mugikortasun plana
Hura garatzeko, udala mugikortasuna murriztuta duten herritarrekin bilera egin zuen. Haiek herrian mugitzeko zein oztopo dituzten azaldu zieten. Horiek kontuan izanda, herrian gurpildun aulkian edo haurren aulkitxoekin errazago ibiltzeko neurriak hartzen hasi da Irurtzungo Udala. Esaterako, Bi Ahizpe kaleko mendebaldeko espaloiaren erdian farolak daude. Haiek saihesteko, haien parean dagoen berdeguneko zati batean porlana jarri du gurpildun aulkiak edo aulkitxoak erraz pasatzeko. Edo Larraun ibaiaren gaineko zubiko espaloian malda egin du, ondoren bide bazterretik aurrera joateko aukera izan dezaten mugikortasuna mugatuta duten pertsonek.
Planari segida emateko aurrekontuan hiru lan aurreikusi dira. Batetik, Artadia, Ardantzeta, Erga, Aldapa eta Trinitate kaleen ordenatzea. Horretara 6.000 euro bideratu ditu udalak. Bestetik, zinema zaharra zegoen tokian aparkalekua eraikiko da. Lanek 160.000 euroko aurrekontua dute. Azkenik, Lizarra kalearen jabetza eskuratzeko negoziazioetan ari da udala Nafarroako Gobernuarekin. Baina bitartean kalearen etorkizunari buruzko parte-hartze prozesua sustatuko du udala. Horretarako 4.000 euro daude.
Ongizatea eta zerbitzuak
Udalak Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatera 79.000 euro bideratu ditu, joan zen urtean baino 8.000 euro gehiago. Erakunde horrekin elkarlanean, udalak Teknoadineko proiektua bulkatzen ariko da. Haren bidez zaintzaile komunitate bat sortuko da, adineko pertsonen artean bakardade ez hautatuari eta honi atxikitako arazoei aurre egiteko.
Bestalde, gizarte larrialdi egoeran dauden irurtzundarrak laguntzeko 7.500 euro daudela jakinarazi du udalak. Diru hori Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak kudeatzen dute. Aipatu erakundearekin batera aurrera eginen dute Babestutako Gizarte Enpleguaren eta Iturraskarri programek. Sei edo zazpi pertsona kontratatuko dituzte eta horretara 93.000 euro bideratuko dira.
Irurtzungo Udalaren apustua da zerbitzu publikoak zuzenean kudeatzea, "eta horren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu", azaldu du Razkinek. Hala, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez, kaleak, lorategiak eta garbiketa mantentzeko zazpi kontratazio eginen dira. Horretarako 135.000 euro daude aurrekontuetan. Bestetik, udan Itxesia igerilekuak behar bezala funtzionatzeko zortzi pertsona kontratatuko ditu udalak. Horretara 71.550 euro bideratu dira.
Alkateak gaineratu duenez, "partida horiei guztiei udalak kalitatezko zerbitzu publiko irisgarriak eskaintzeko egiten duen ahalegina gehitu behar da. Izan ere, zerbitzu horien kostuaren zati handi bat, defizita, bere gain hartzen du udalak". Esaterako, musika eskolara 43.800 euro bideratu dira, "97.800 euro dira hitzarmeneko udal guztien artean", zehaztu du. Bestetik, haur eskola erabiltzeko hitzarmenerako 18.500 euro daude aurrekontuetan. Gaztetxokorako udalaren ekarpena 17.850 eurokoa da eta, bukatzeko, igerilekurako 63.000 euro bideratu ditu.
Parte hartzea eta kultura
Udalak jakinarazi du joan zen urteko etenaren ondoren aurten parte hartze aurrekontuak izanen direla. Irurtzundarrek 40.000 euro zertara bideratu erabakiko dute. Azken ediziotik diru saila 5.000 euro hazi da. Razkinek gaineratu duenez, "herri mugimenduarekin elkarlanean jarraitzen dugu". Horren adibide gisa jarri du, besteak beste, hainbat kultura jardueratarako jarritako 12.500 euroak, kiroletarako 27.500 euroak edo gizarte jardueretarako aurrekontuetan dauden 3.000 euroak. Euskararen sustapenean 19.150 euroko inbertsioa eginen da hainbat jardueratan: euskaraz mintza, helduen ikaskuntza, Aixita Bertso Txapelketa, Irurtzungo euskararen garapenari buruzko dokumentala, bertso ikastaroak...
Kulturak 134.500 euro ditu, "2023an baino 11.500 gehiago eta 2024an baino 4.500 gehiago", zehaztu du alkateak. Zatirik handiena, 78.500 euro, ospakizunetara bideratuta dago: garileko festak 62.000 euro, Trinitate eta San Martin festak 5.500 euro bana, ihoteak 3.500 euro eta gabonetako ospakizunak 2.000euro. Kultura Kontseiluaren jarduerak antolatzeko 56.000 euro daude.
Beste partida batzuk
- Parkeak eta kaleak konpontzea eta mantentzea 24.000
- Plazaola garapen turistikoa 21.000
- Sakanako Garapen Agentzia 17.000
- Tokiko abere eta ekoizle azoka 16.500
- Garapen bidean dauden herrialdeekiko lankidetza 11.000
- Hitzarmena Nasuvinsarekin, hirigintza berroneratzeko 7.000
- Indarkeria matxistaren aurkako programa 6.000
- Kirol programa 5.100
- Hirigintzaren amabilizazioa horma irudien bidez 5.000
- Arratoien kontrol programa 2.500
- Liburutegiari liburuak erosteko ekarpena 2.000
- Gazteria programa 1.500
- Ingurumen programa 1.500
- Berdintasun programa 1.500
- Gaztetxoko jarduerak 1.000

