Irurtzungo parte hartze aurrekontuak bueltan dira

Guaixe 2025ko mar. 18a, 09:00

Osasun etxeko estalpeak hartuko du aurrez aurreko botazioa martxoko azken asteburuan. ARTXIBOA

Irurtzundarrek lau aukeretako baten alde egin dezakete dagoeneko. Gainera, heldu den urteetarako proposamenak egin eta beraien kale eta auzoetan dauden arazoen berri eman dezakete.

Hamahirugarren aldiz irurtzundarrek udalaren diru sail bat zertara bideratu erabakitzeko aukera izanen dute. Horiek sustatzen dituen taldeak lau proposamen aurkeztu ditu eta haietako baten alde egiteko aukera izanen dute 16 urtetik gorakoek martxoaren 17tik 30era. Parte hartze aurrekontuen bidez 40.000 euroren erabilera erabakiko dute irurtzundarrek. Baina ez hori bakarrik. Aurreko edizioetan bezala, botoa emateko papertxoan hurrengo urteetarako proposamenak ere idatzi daitezke. Gainera, bada beste leku bat, kale edo auzoan dauden hutsune, gabezia edo arazo txikiak jakinarazteko, udalak konpon ditzan. 

Botoa emateko hiru modu izanen dira. Batetik, udalaren Irurtzun aplikazioa. Zuzenean sartu edo kanpainaren azalpen liburuxkan dagoen QR kodearen bidez sar daiteke. Aplikazio bidez botoa eman nahi duena 17tik 23ra izanen du horretarako aukera. Bestetik, aurrez aurre botoa emateko aukera izanen da martxoko azken asteburuan: 28an, ostirala, 18:00etatik 20:00etara; 29an, larunbata, 12:00etatik14:00etara eta 30ean, igandea, 12:00etatik 14:00etara. Osasun etxeko estalpean izanen da boto mahaia. Azkenik, botoa eta ekarpenak  preparirurtzun@gmail.com e-postara bidal daitezke, martxoaren 30a baino lehen. Botoa emateko modu bat edo bestea erabili, parte hartzaileak bere burua identifikatu beharko du. Boto gehien biltzen duen proiektuak eginen da. 

Lau proposamenak

Igerilekuetako taberna eta terrazan hobekuntzak.
Terrazako alboetan itxiera automatikoak jartzea haizearengandik babesteko, itzal eremua handitzea eta tabernako altzariak aldatzea, baita etxetresna elektrikoak eta sukaldea berritzea ere.

Kultur etxeko hobekuntzak.
Ekitaldi aretoko berogailua konpontzea (zoru bero-emailea). Musika eskola eta kultur etxeko sarreran euskarri automatikoa ezartzea ibilgailuen sarbidea mugatzeko.

Asfaltoa konpontzea hilerriko jaitsieran.
Kaleko zorua hobetzea. Eta Plazaolako aparkalekutik Erga kalera arteko kalearen alboko eremuan aparkalekuak egitea, baita euri uren bilketaren hobetzea ere. 

Igerilekuetako kanpoaldeko hesia berritzea.
Igerilekuen esparrua mugatzen duen kanpo hesia berritzea. Sarrerako ateak hobetzea eta instalazioetarako sarbideak egokitzea.

Erlazionatuak